2019ko udal hauteskundeak

"Nire ametsa Amasa-Villabonako alkate izatea da"

Ainhoa Arozena 2019ko mai. 17a, 12:24

Maria Luisa Arija Soutullo PSE-EE

Zientzia politikoak ikasi zuen, Hondarribian bizi da. Hirugarren aldiz aurkezten da Villabonako Udalera PSE-EEko alkategai gisa. Zinegotzi gisa aritu da azken bi legealditan

 

Hirugarrenez aurkezten zara Amasa-Villabonako alkategai... 

Nire ametsa Amasa-Villabonako alkate izatea da. Badakit zaila izango dudala, baina, saiatu egingo naiz. Zinegotzi bezala behintzat jarraitzea espero dut. Zortzi urte daramatzat jada eta lan handia egin dut, oso gustura. Herriko beharretara adi egonez gero, esker oneko lana da, ekimenak aurrera ateratzen direlako. Gogo handiz, ilusioz eta esker onez aurkezten naiz hauteskunde hauetara. Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei, oso ondo hartu nautelako. Haiei esker, oso motibatuta nago aurrera egiteko. Oraindik ere, Amasa-Villabonan zer hobeturik badagoela uste dut eta horretan ahaleginduko naiz.

Zein lirateke, zure ustez, lehen-tasunezko behar horiek?

Behar garrantzitsuena, 24.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten familiei, haur eskolarako doakotasuna eskaintzea litzateke eta 30.000 eurotik behera jasotzen dituzten familientzat, tasetan berdintasuna. Udalak Kale Nagusian duen etxebizitza egokitu eta Ongizate sailari eskaintzea ere lehentasunezko eginbeharren artean legoke, sail horretatik bere erabilera kudeatzeko. Dudarik gabe, jolas-parke estalia ere punta-puntako gaia da. Aztertu egin beharko da non eta nola eraiki, baina dudarik gabe, hurrengo aurrekontuetan nire baiezkoa izango du proiektua onena aurkezten duenak. Bestalde, Kirol eskola bezala, Kultur eskola bultzatuko nuke. Kulturan heztea errespetuan hazteko oso beharrezkoa iruditzen zaidalako.

Zein egoeratan ikusten duzu Amasa-Villabona?

Etorri nintzenean baino askoz ere lasaiago. Guztion artean, parte hartzea arautzeko ordenantza osatu genuen 2014an, baina penaz ikusten dut urte hauetan guztietan ez dela martxan jarri. Zabor bilketari buruz, bosgarren edukiontzia oso arrakastatsua izan da. He-rriari irudi garbiagoa eman eta usain gutxiago zabaltzeaz gain, birziklatze tasa altuagoak ekarri ditu. 

Argi eta hots kutsadurarekin amaitzeko, neurriak hartzen ari gara eta bide horretan jarraituko dugu aurrera, argia aurreztuz eta herrira egokituz nahiz bizilaguna errespetatu araziz. Isiltasuna ere guztion eskubidea baita. 

Herritarrei mezurik?

Bozka dezatela ilusioz, Udalean gaudenak herritarron bizi kalitatea hobetzen eta bertako arazoak konpontzen ahaleginduko garela sinestuz. 

Ahal bada, eman diezadatela niri botoa.Hautagai asko ezagutzen dut eta guztiak ere lanerako prest eta ilusioz daudela iruditzen zait.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!