Nola aurkeztuko zenuke Amasa-Villabonako Elkarrekin Podemos?
Udala era garden eta parte hartzailean kudea daitekeela sinesten dugun taldea gara, beste ikuspuntu bat ekarriko duena. Feminismoa oinarrian hartuz eta aniztasunari begira lan egingo dugu beti; guztiontzat eskubide berdinak aldarrikatuz. Izan ere, jende asko bizi da egoera onean, baina hortik behera ere bai eta, oro har, agintzen dagoenak ez du behekoa ikusten. Beheko horien begirada ere udaletxera ekarri nahi dugu.
Amasa-Villabonako zein argazki egiten duzu?
Kale Berriak, adibidez, pena ematen dit. Trafiko handiko kalea da; espaloi eta koskaz betea. Ez da batere kale atsegina. Herritarren artean gaiaren inguruko eztabaida bultzatuta, zein irtenbide eman erabakitzeko ideiak aterako lirateke.
Herriko webguneak, esaterako, alkateak azken hilabeteotan egin dituen proiektuen berri soilik ematen du. Gure ustez, herriaren beharrei erantzun egin behar zaie, baina ez nork egin duenari begira. Behetik gora egin behar da lan eta ez alderantziz.
Zuen programako zein proposamen azpimarratuko zenuke?
Zerbitzu guztiak publifikatu nahiko genituzke: Zahar etxea, etxez etxeko zerbitzua edota kiroldegia... Industriari lotuta, lanpostu guztiak lehen sektoretik abiatzen direla uste dugu eta Amasako lurretan zein aukera berri martxan jar litekeen aztertuko genuke, jasangarritasuna kontuan hartuta.
Bestalde, Villabona eta Zizurkilen arteko harremana indartu nahiko genuke. Bi zubik elkartzen gaituzte eta hainbat erabaki hartzeko, haiekin batera lan egitea ezinbestekoa dela uste dugu.
Besteak beste, guneak sortzen ahalegindu nahi dugu, udaletxea ere herritarrei irekiz. Batzarretan, esaterako, oso herritar gutxik hartzen du parte eta indartu egin nahi dugu parte hartze hori. Biltzeko egun egokia zein den ere eztabaidatu beharko litzateke. Agian, garai batean bezala, asteburuan egin beharko lirateke plenoak.
Herriko talde eta auzoekin harremanetan jarri nahi dugu. Gure lana herritarrei galdetu eta gehiengoak nahi duena besteei sinestarazten laguntzea da, ez soluzioak ematea. Herritarren iritziei eman nahi diegu lehentasuna eta hori da Udalean sartu nahi dugun estiloa, pedagogiaren alde lan eginez.
Progresismoa, feminismoa eta ekologia izango ditugu erdigunean; bizitza eta zaintza.