Ander Goikoetxea, Beñat Iguaran eta Odei Barroso bertsolariek eman zioten hasiera arratsaldeko festari. Bertsotan aritu ziren Amasa-Villabonako EH Bilduko hautagai diren lehen biak, rapeatzen aritu zen lapurtarra. Zigor DJ arduratu zen erritmoa jartzeaz.
Oinkari dantza taldeko lau dantzarik, tartean zerrendako hautagai den Oihane Ayestaranek, dantza garaikidea eta tradizionala uztartu zituzten jarraian.
Joxe Ramon eta Urki Galarraga aita-semeen txiste-kontaketa saioa izan zen ondoren. Trikiti emanaldia eta gero, txalaparta doinuekin hasi zen ekitaldi nagusia. Zerrenda osatzen duten kide guztiak binaka igo ziren taula gainera eta banan bana hartu zuten hitza. Euskara, kultura, hezkuntza, kirola, gazteak, adineko pertsonak, aniztasuna, elkartasuna, naziotasuna eta beste hainbat alorri egin zioten aipamena.
Ekitaldiarekin amaitzeko, Beatriz Unzue alkategaiak hartu zuen hitza eta eskerrak eman zituen azken egun hauetan sentitu duen elkartasun eta babesagatik. "'Gu Beatrizekin' esaten entzuten zaituztet eta emozionatu egiten nau horrek. Nire alabak esaten duen bezala, 'lan asko egitea egokituko zaizu amatxo' eta hala izango da", adierazi zuen. Eskerrak eman zizkien familiari, senarra eta bi alabei eta lagunei beti ondoan egoteagatik, "Mila esker EH Bilduko ekipoari eta mila esker bereziki hemen nire atzean dauzkadan hamabost herritar hauei. Bi hitzetan esanda, talde mundiala daukat eta Naroa, zaude lasai, talde honekin posible izango da. Amatxo gutxiago ikusiko duzu, baina etxera garaiz iristen saiatuko naiz", adierazi zuen txalo artean. Politika konbentzionala egitera ez datorrela aurreratu zuen atzokoan Beatriz Unzuek, "ni herritik sortu naiz eta Amasa-Villabonako alkate izan nahi dut, uste dudalako aukerak ditugula herri honetara ilusioa ekartzeko. Amasa-Villabonako etorkizuna eraikitzeko, talde prestatua eta egokia gara. Herri hau ilusiotik eta arduratik egiten jarraitzeko prest gaude eta orain zuen konfiantza behar dugu". Orain dela sei hilabete oholtzara bakarrik igo zela ere gogoratu zuen, alkate izateko bere hautagaitza aurkeztuz, "gaur hamaseiko ekipoa gara eta konpromiso berdinarekin aurkezten gara. Herri ederra da gurea; nortasuna du, gaitasun handiko herria gara, baina badugu zer hobetu. Herritarren indarrean sinesten dut eta EH Bilduren proiektuan ere bai, gure herrirako badituelako hainbat proposamen, hainbat berrikuntza. Amasa-Villabonarako amesten dudan etorkizuna gauzatzeko aukera eskaintzen digu eta hori egiteko gogoz eta ilusioz gaude". Aginte makila herritarren esku utziko duela iragarri zuen, "hitza emango dizuet, erabakitzeko eskubidea eman nahi dizuet, nik amasa-billabonatar moduan ere erabaki nahi dudalako, orain eta etorkizunean". Maiatzaren 26ko hauteskundeak irabaztera datozela iragarri zuen alkategaik hitzaldiaren amaieran. Bertaratutakoen txalo zaparradarekin amaitu zen Berdura plazako ekitaldia, jan-edanei tartea eginez.