Balorazioak
Beatriz Unzue Esnaola (EH Bildu)
"Oso-oso positibo baloratzen dut lortu dugun emaitza, uste genuena baino askoz ere hobea da. Herritar askok eman digu botoa, babesa erakutsi digute; baita herri honek aldaketa behar duela eta gugan sinesten dutela ere. Ez diegu hutsik egingo.
Niretzat pertsonalki oso aberasgarria da hau guztia. Herritarrek nigan eta gure taldearengan sinesten dutela erakutsi digute. Nik ere sinesten dut haiengan eta elkarlanean arituko gara datozen lau urte hauetan. Daukadan guztia emango dut. Amasa-Villabonaren aldaketa etorri da jada".
Maria Luisa Arija Soutullo (PSE-EE)
"Zinegotzi karguari eutsi diot eta oso pozik nago. Astean bizpahiru alditan Amasa-Villabonara etortzen jarraituko dut beste lau urtez. Aurrez bezala, herritarren alde ahalik eta ondoen lan egiten saiatuko naiz.
Pena eman dit Elkarrekin Podemos atzean geratu izanak, baina horixe erabaki du herriak. Niretzat ohorea handia da Amasa-Villabonako herria ordezkatzen jarraitzea. Oso pozik nago. Europako hauteskundeetan ere oso emaitza onak jaso ditugu. Ezin dut gehiagorik eskatu".
Mikel Gonzalez-Etxeberri (Elkarrekin Podemos)
"200 boto inguru espero genuen eta, kopuru horrekin, zinegotzi bat lortzea gutxienez. Baina ez da horrela izan. PSE-EEk lortu du 13. zinegotzia eta EH Bilduk gehiengo absolutua. Pena ematen dit talde bezala Udaleko dinamikan sartzeko aukera genuelako eta herrian politika beste era batera egin daitekeela erakuts genezakeelako. Baina herriak EH Bildu eta EAJ-PNVren arteko udaletxea nahi duela erabaki du eta horren aurrean ez dago beste ezer esaterik".