Gaurkoa egun garrantzitsua dela esanez ekin dio alkate gisa eskaini duen lehen mintzaldiari, “ez aginte-makila eskuz aldatu delako bakarrik; Amasa-Villabonako historian aldi berri bati ekiten diogulako baizik. Aldi berri bat, orain arte egindakoaren garapen, hobekuntza eta doikuntza denak kontuan hartuta, baina inportanteena dena, komunikazioa eta gardentasuna printzipio bezala izango dituen Udal agintaldi bati ekiten diogu”. Pleno aretoa jendez beteta ikusteak hunkitu egin du Beatriz Unzue, eta kanpainan zehar ere herritarrek askotan hunkitu dutela adierazi du. Bere ustez, alkaterik onena herria izan dela nabarmenduz jarraitu du, “eta Amasa-Villabonako herria zuek zarete”. Herria osatzen duten pertsonen aniztasunaz ere jardun du, aniztasun hori zerrendatuz, “emakumeak, gizonezkoak, pobreak, indigenak, etxerik gabekoak, feministak, gazteak, jubilatuak, pentsiodunak, Frankismoaren biktimak, espetxeetan dauden senide eta lagunak, enpresariak, autonomoak, kirolariak, merkatariak, irakasleak, aktoreak, etorkinak, iheslariak, mugetan bizi direnak, bazterrekoak, alboetakoak, gure bizilagunak, gure arerioak eta gure lagunak. Hori dena da herria”.
EAJ-PNVko bost zinegotziz eta PSE-EEko ordezkari batez osatuko den oposizioko kideei zuzendu zaie segidan, “niretzat, zuek ere herria zarete eta zentzu horretan, gaurtik aurrera hasita, elkarlana eta Amasa-Villabonari begira, zintzotasunez lan egiteko gonbitea da ni eta nire lantaldeak eskaintzen dizueguna. Nik ez ditut ni bozkatu nautenen interesak soilik defendatu nahi. Zuei eta zuen bozkatzaileei ere entzun egin nahi diet eta hala egingo dut. Hori baita politika, herria entzun eta egitea; herrigintza”. Bere taldekideentzat ere esker oneko hitzak izan ditu, “oso-oso eskertuta nago uste dudalako talde prestatua eta indartsua daukagula lan hau egiteko. Gaurtik aurrera, lana eta lana; herria eta herria. Hori da herritarrek eman diguten mandatua; zintzo eta garbi, lana. Batzuetan asmatuko dugu eta bestetan ez; eta asmatzen ez dugunean ere, elkarlanean konponduko ditugu arazoak”, adierazi du, aginte-makila, Amasa-Villabonako herritar guztiena dela ohartaraztearekin batera, “gaurtik aurrera, etxe honetako ate, leiho eta zirrikitu guztiak zabalik izango dira, haizea sartu dadin, denok arnastu dezagun eta herriko etxea, Udala, herritarren behar, nahi eta borondateak betetzeko toki argi eta alaia izan dadin”. Amasa-Villabona instituzioetan ez ezik, kalean ere egiten dela esanez jarraitu du, “kalean lan egiten duzuen eragileok egiten duzue herri mugimendua eta guk zuekin eskuz esku lan egin nahi dugu. Udalak ezin ditu arazo guztiak konpondu, baina Udalak bideak urratu behar ditu; herri dinamika sustatu, lagundu eta babestu. Jaiak ditugu oraintxe ate-joka eta hor dugu aukera paregabea”. Udaleko langileei ere mezua bidali die, “ez gatoz gure nahia inposatzera, lanera gatoz eta zuek beharrezkoak zarete horretan. Elkarlana eta komunikazioa izango dira gure lemak eta herritarrekin eskuz esku lan egingo dugu”.
Hainbat pertsona gogora ekarri nahi izan ditu alkate berriak, hizketaldiarekin amaitu aurretik, “ez daude hemen gurekin egotea desiratuko nukeen hainbat pertsona eta gaur hain egun berezia izanik, haien hutsunea askoz ere nabarmenagoa da niretzat. Remi, gure alkate-orde maitea betirako. Josune, amasarra, politika herritarrekin egiten erakutsi zigun zinegotzia. Nire anaia… Haiei ere gaur nire agurra. Kartzelan ilun eta urrun dauden billabonatarrak, badakit gaur zuen ziegetan pozik zaudetela. Hor egongo gara. Nire senide eta lagunei, gutxiago egongo naiz orain zuekin, baina zuen babes eta maitasunik gabe, hau ezin zitekeen. EH Bilduko komunitate osoari, ixil-ixilik, inoiz bueltan ezer eskatu gabe lan egin duten emakume eta gizon guztiei. Oso-oso harro nago zuetaz eta asko ikasi dut zuekin”. Txalo zaparrada beroa jaso du Beatriz Unzuek bertaratutakoen eskutik. Segidan, PSE-EEko Arijak, elkarlanerako gogoa erakutsi. “Aurrez, Galder Azkuerekin nahiz Maite Izagirrerekin gustura aritu naiz lanean eta datorren agintaldirako ere lanerako gogoz nator. Eskerrik asko babesa erakutsi didaten herritar guztiei”. EAJ-PNVko Patxi Agirrek, bestalde, EH Bilduko kideak zoriondu ditu hauteskundeetan lortutako emaitzengatik.
Herritar asko bildu da udaletxeko batzar aretoan eta ekitaldiaren amaieran, Errebote plazan egin diote ongi-etorria Beatriz Unzueri. Bertako nahiz Saharako emakumeen irrintziak entzun dira, bertsoa eskaini dio Beñat Iguaran bertsolariak… Beatrizek, haren bi alabek, hainbat zinegotzi nahiz zinegotzi ohi eta hainbat gaztek, aurreskua dantzatu diete bertan bildutako herritarrei. Jan-edanekin amaitu da Errebote plazako hitzordua.