"Plaza bete". Esaldi horixe esaten omen zuen Remik. Eta horrelaxe izan da. Errebote plaza herritarrez bete da bere aldeko ekimenean.
Uztailaren 31n, Santio jaien azken egunean, antolatzen du Remiren aldeko omenaldia Remi Gogoan ekimenak. 2009ko uztailaren 31n hil zen Remi eta Remi Gogoan ekimeneko kideek azaldu dutenez, "oraindik inorrek ez du azalpenik eman, ezta ardurarik bere gain hartu ere. Remiri ez zaio beste edozein biktimek bezala benetan merezi duen aitortza egin. Remi bortizkeria politikoaren biktima izan zela onartzea exijitzen dugu eta Remiren familia, lagun eta ingurukoei eragin zitzaigun mina aitortzea; Remi ez baitzen bihotzekoak jota berez hil".
Ander Goikoetxeak, Beñat Iguaranek eta Amaia Agirrek bertso bana abestu dituzte Remiren omenez:
Ander Goikoetxea:
Ezta erreza oroimen eta
gertaerak aletzea.
Ezta erreza izan ziñena
bertso baten kantatzea.
Baino nahi nuke gaur herri honek
gure Remi omentzea,
gaur hamar urte gertatu zena
munduari kontatzea.
Eta gure min hori egitan
herri honek aitortzea.
Beñat Iguaran:
Herri honetan ez da itzali
hitza eta oroimena.
Lanean gogor aritu denak
zorduenez aitorpena.
Hamar urtetan ahaztu daiteke
batek egindako dena,
gaur kalejira alai batekin
hemen zuretzat omena.
Ikus dezazun herriarentzat
ziñena eta zarena.
Amaia Agirre:
Hamar abuztu zure faltan ta
hamar udazken zu gabe.
Hamarkada bat udaberriro
hamarnaka minen jabe.
Hamar bat ziñan lagun, seme ta
anai onenaren pare.
Segi lanean gu behin neguan
sartu ginen bai halare.
Memoriaren egutegian
oraindik loretan zaude.
Oinkari dantza taldeko dantzariek dantza eskaini diete Remiren familiarrei. Omenaldian ere parte hartu du DJ Zigorrek ekitaldia musikaz girotuz.
Udal gobernuko kideen hitza
Xabat Laborde alkateordeak hartu du lehenik hitza: "Eskerrak eman nahi dizkiegu Remi Gogoan ekimeneko lagunei ekitaldira gonbidatu eta bertan hitza hartzeko aukera emateagatik. Maiatzeko hauteskundeetan herritarrek udal gobernuaren lema hartzeko mandatua eman ziguten, eta lehen hilabetean horretan aritu gara. Lanari ekin diogu harrotasunez, baina harrokeriarik gabe udala ahal dugun bezain ondo kudeatzeko ahaleginetan ari gara, asko ikasten eta gogotsu herriaren aldeko ekarpena egin nahian. Guretzako ohore handia da Remiren oinordeko izatea udaletxean. Izan ere, Remi umiltasunez eta inolako sari berezirik espero gabe herriaren alde lan egiten duen militante horietako baten eredu bikaina baita".
Ondoren, Beatriz Unzue alkateak hartu du hitza: "Errelatoaz asko hitz egiten den garai honetan, guk udal gobernu gisa Remi Gogoan ekimenak partekatu eta zabaldu duen kontakizuna gure egiten dugu. Ezinbestekoa da herri honetan bizi izandakoen errelatoen oinarrian egia kokatzea, eta guk ondo dakigu egia zein den. Udalak Amasa-Villabonan izandako giza eskubideen urraketa ezberdinak martxan du Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Uste dugu pauso garrantzitsua izan dela eta gertatutako guztia biltzea eta argitaratzea erakunde publiko gisa gure herriari zor dioguna dela. Biktimen arteko konparaketak edo parekatzeak alde batera utzita, giza eskubideen urraketak jasandako biktima guzti-guztiek egia ezagutzea, aitortza publikoa, justizia eta erreparazioa merezi dutela defendatzen dugu; eta dena gure esku ez dagoela jakinda ere, udaletik gure ekarpen xumea egin nahi dugu norabide horretan".
Remiren familia
Remiren anaiak, Mikelek, hartu du hitza familiaren izenean. "Urte gogorra izan zen 2009a Villabonan. Errepresioak gogor kolpatu zuen gure herria eta etxea. Gogortasun horretan herriak elkartasun eta maitasun osoa helarazi zigun. Ez gara nekatuko eskerrak emateaz". Egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen jarraitzen dutela azpimarratu du. Bestetik, festa batzordeari eskerrak eman dizkio ekitaldea jai egitarauan sartzeagatik.
Ekitaldiaren ostean, Remiren monolitoraino joan dira eta klabelinak utzi dituzte bertan familiak, lagunek eta herritarrek. Amaitzeko, Eusko Gudariak abestia abestu dute guztiek batera.