Antton Pebet memoriala 2019

Indartsu hasi dira Antton Pebet memorialeko lehen partidak

Aiurri 2019ko abe. 5a, 21:42

Bihar, abenduak 6, aurrera jarraituko du txapelketak. Lehen partidan Lizaso-Zezeaga eta Egiguren-Telletxea bikoteak lehiatuko dira; bigarrenean, berriz, Urbieta anaiak eta Kanabal-Irurita. 11:00etan hasiko da lehen partida Bearzana pilotalekuan.

Bi partida jokatu dira Antton Pebeten omenezko txapelketaren lehen egunean. Ordubete inguruko iraupena izan du lehen partidak eta azkenean urdinek irabazi dute, Arrietak eta Irazustabarrenak, Galis-Aranguren bikotearen aurka. Markagailua 14-22ko emaitzarekin amaitu da.

Bigarren partida ere ordubetekoa izan da, eta kasu honetan gorriak suertatu dira garaile: Labaka eta Arbizu. Bikote urdinean Mataren ordez Azketak jokatu du Urruzola asteasuarrarekin batera. Markagailua 22 eta 18ko emaitzarekin amaitu da.

Epaile lanetan Iñaki Lizaso pilotaria eta Behar Zana elkarteko kidea aritu da.

Bigarren eguna
Iñaki Lizasok ondorengo aurrerapena egin du ostiraleko partiduen inguruan: "Ostiralean Behar Zanako hiru pilotarik jokatuko dute. Lehen partidan, Antton Pebet zenaren bikote Lizasok jokatuko du Aldave nafarrarekin batera. Lizasok azken urteetan ez du jokatu txapelketa baina Anttonen heriotzaren hamargarren urteurrenean Bear Zana pilotalekuko kantxan izango da. Aldave oso pilotaria den atzelaria da, pilota astintzen badakiena eta bikote ona egitea espero da. Ez dituzte aurkari makalak izango. Aurrean Tolosako Ioritz Egigurenek jokatuko du, pilotari indartsua eta atzelari Telletxea Albiztukoa izango da. Azken horrek ia urtero jokatu du Anttonen txapelketan, txapela behin baino gehiagotan irabazi duelarik. Beraz, faborito bigarren horiek ageri dira, nahiz eta Lizasok eta Aldavek sorpresa emateko gaitasuna duten".

"Bigarren partidan, Behar Zanako pilotari diren Urbieta anaiek jokatuko dute. Biak aurrelariak diren arren, Jonek atzetik jokatuko du eta Xabierrek aurretik. Jonek maila handia eman du atzelari gisa, Lizasorekin bikote jokatuta; eta Xabier, Garfen ari den pilotaria, joko bolada oso onean dago, Egiako torneoa irabazi berri du, esaterako. Aurkariak Kanabal eta Irurita nafarrak izango dira. Bi gazte jotzaile eta txapelketa on gehienetan maila handia ematen daudenak. Beraz, partida borrokatua espero da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!