Auzolanean abiarazi dute Olentzaroaren Bidea. Eguberriek gure inguruan hartu duten kutsu kontsumista ikusita, jatorrian izan zuen zentzua berreskuratu nahi izan du herriko talde eragile batek. Neguko solstizioa, naturaren esnatzea…, hori guztia plazaratu nahi dute.
Garai bateko euskal usadioak, sinesmenak, koplak eta esaera zaharrak berrituko dituzte Aranerrekan barrena prestatutako ibilbidean murgiltzen direnek. Hiru eta bederatzi urte arteko haurren gozamenerako pentsatutako ekimena da. Baserritarrak, ikazkinak, sorginak, galtzagorriak…, horiek guztiak izango dituzte zain Aranerrekan eta Olentzerori desioen gutuna uzteko aukera ere izango dute.
Etxeondon hasi, eta Arantzabi baserri inguruan amaituko dute ibilbidea. 45 minutu inguru iraungo du ibilbide gidatuak. Sei txanda antolatu dituzte eta laster itxi zuten izen-ematea, txanda guztiak beteta. Harrera ezinhobea izan du, beraz, ekimenak.