Koronabirusaren krisiak eragin zuzena izan du saltoki txikietan. Konfinamendua hasi zenetik itxita dituzue dendako ateak…
Erabateko eragina. Guk ostiral eguerdian itxi genuen denda, ezin baikenuen zerbitzu onik eskaini. Hala ere, aurretik ere nabari zen, jada ez baitzen jende askorik gerturatzen dendara. Konfinamendu hitzak berak esaten du ez dela etxetik atera behar, eta horren aurrean, dendak irekita edukitzeak ez dauka zentzurik.
Denda itxi geroztik, etxean gaude; ezin saldurik. Latza da saltoki txikion egoera, eta ez dakigu zein buelta izango duen.
Kirol-dendaren baitan, jasota daukazue dagoeneko udaberri-udako jeneroa. Baina esandakoa…, ezin saldu!
Modu ezberdinetako aktibitateak daude autonomoen artean. Gure kasuan, armategia eta kirol-denda izanik, une honetako jenero kaltetuenaren aurrean aurkitzen gara: ehungintzarena. Bi denboraldi izaten ditugu urtean zehar: udaberri-uda eta udazken-negua, eta oraintxe jaso dugu udaberri-udako jeneroa. Baina dendan daukagu arropa guztia, geldirik. Plataformarik edukiko bagenu, web orria esaterako, saltzeko beste modu bat izango genuke, baina ez da gure kasua eta, ondorioz, geldirik daukagu jasotako jenero guztia. Eta egoera hau bukatzen denean ere, soka luzea ekarriko du honek. Izan ere, denboraldi berriko arropa saltzen hasten garenean, beherapenak iritsiko baitira. Euskal Herrian beherapenak libreki jar daitezke, norberak nahi duenean. Eta saltoki handiak dagoeneko beherapenekin hasiak direnez, saltoki txikiongan sekulako eragina izango du horrek ere.
Kalte handiak aurreikusten dituzue, beraz…
Kalte handiak, bai. Latzak. Arlo bakoitza ezberdina den arren, aipatu bezala, gure arloa, une honetan ez dago bereziki indarrean. Neguko beherapenen tartea oso baxua izan da aurten eta, orain etorri zaigun kolpea gehitu behar zaio horri. Ni autonomoa naiz eta beste bi langile ditut nire ardurapean, eta hala eta guztiz ere, gobernuak jarri duen laguntzarekin, bi langileak, Aldi baterako lan erregulazio espedientera, ERTE egoerara bideratzeko aukera izan dugu. Ea gutxienez, laguntza hori denontzat iristen den. Autonomo bezala ere, ikusi egin beharko dugu zer jasotzen dugun. Azken batean, negozioa geldirik daukagu, aktibitaterik ez dago, baina guk ere gure ardurak ditugu; etxeko hipoteka, familia… Ikusi egin behar zer gertatzen den.
Zehaztuko al zenuke gehixeago gobernuak iragarri dituen laguntza horiek zertan diren?
Gure kasuan, aktibitate bezala, hilabete erdia lan egin dugunez, ordura artekoa, ohiko nomina izango da. Hortik aurrerakoa, ERTEa. Badirudi ERTEa langileen soldataren %70a izango dela. Baina ikusteke dago. Gu aholkularitza bidez ari gara bideratzen gaia eta haiek ere ez dakite oraindik garbi nondik nora joko duen. Egoera honek bat-batean harrapatu gaitu guztiok eta diru-laguntzak iragarri arren, ez dakigu denentzat iritsiko ote diren ere. Nire ustez, betikoa gertatuko da; gehien duenak jasoko du gehien eta gutxien duenak, berriz, gutxien.
Autonomoen kontua beste gauza bat da. Azkenekoak izaten gara beti, gutaz ahaztu egiten dira. Gainera, enpresa txikiak izanik, sindikaturik ere ez daukagu eta ez da erraza izango hau guztia bideratzea. Era berean, badakigu buelta ere gogorra izango dela: inor ez da diruz soberan egongo eta oso poliki hasi beharko dugu berriz ere bidea, oso-oso poliki.
Ezinegona nagusi, beraz…
Jarrera baikorrari eusten diot nik, izan behar duena izango baita; baina egoera oso gogorra da, eta eragin handia izango du. Azken batean, lokalaren alokairu eta gainerako gastuei ere aurre egin behar zaie. Guk, hala ere, ehungintza arloa lehentasunezko arlo bezala hartu ez denez, langileak ERTE egoeran jartzeko aukera izan dugu, baina badira zenbait komertzio edo ofizio, lehentasunezkotzat jo dituzten arren, euren lana segurtasunez bermatu ezin dutenak; fisioterapeutak, esaterako.
Oso kontu serioa da eta arlo batzuetako saltzaileak kexatzen ari dira, azken batean, ‘denek bai edo denek ez’ beharko bailuke. Ulertzen dut botikek irekita egon behar dutela, baina beste zenbaitek ezin dute lana bideratu eta behartuta daude denda irekita edukitzera.
Zabalik dauden saltoki txikiak, janari-dendak, botikak eta kioskoak dira. Zein beste?
Bai, baita estankoak eta beste hainbat zerbitzu ere: fisioterapia, audiologia.... Haiengatik pozten naiz, baldin eta jendea badarabilte. Denda irekita duenak konpentsazioa jaso dezala gutxienez, bestela dirua galtzea baita.