Koronabirusa

“Bat-batean iritsi zaigu gaixotasuna, eta oso gogorra da hari aurre egitea”

Ainhoa Arozena 2020ko api. 3a, 10:03

Koronabirusa gure artean da azken boladan, eta oso ondorio latzak ekarri ditu dagoeneko etxe ugaritara. Tartean, Asier Aristondo Gerriko billabonatarraren etxera. Birusaren eraginez aita galdu ondoren, positibo eman eta gurasoen etxeko logela batean bakartuta dago azken asteotan. Iluntasunaren erdian, hala ere, baikortasunari eusten ahalegintzen ari da; indarra atera eta aurrera egiten. Animo Asier! Eutsi goiari!

Zer moduz zaude?

Hementxe, aurrera egin nahian. Oso egoera gogorra da hau, eta ez gaude honi erantzuteko prestatuta. Txinan birusa zabaltzen hasi zenean, ez genuen hona iritsiko zenik espero, -neronek lehenengo-. Baina laster iritsi zitzaigun. Sinesgaitza da. Ez, ez gaude egoera honi erantzuteko prestatuta.

Zuen familia bete-betean kolpatu du koronabirusak; bere aurpegirik ilunena erakutsiz, gainera…

Bai, hala da. Ni billabonatarra naiz, baina Ibarran bizi naiz emazte eta alabarekin. Gurasoak, berriz, Villabonan. Aitak giltzurruneko arazoak zituen, eta dialisia egiten hasi zen duela hiru bat urte. Donostiako ospitalean egiten zuen dialisia astean hirutan, eta bizi-kalitate ona zuen. Koronabirusa iritsi zenean ama gaixorik zegoen; sukarrik gabe, baina hamabost bat egunez ondoezik. Biak bakarrik bizi zirenez, eta aita tarteka ospitalera joaten zenez, etxera etorri nintzen amarekin gauak pasatzera. Aita sukar pixka batekin hasi zen eta koronabirusaren proba egin zioten: positibo eman zuen. Etxetik ez ateratzeko eskatu zioten badaezpada, eta ni ere bertan geratu nintzen. Ama eta aita biak ohean zeuden, eta neurriak hartu genituen bata bestearekin nahastu gabe, bakoitza logela batean egon eta otorduak ere bakarka egiteko. Aita egonkor zegoen, baina derrigorrezkoa zuen dialisia egitera joatea. Ospitalera joan zen azken txandan ingresatzea baloratu zuten medikuek. Egunean bitan jasotzen genuen bere berri, eta goizetik gauera sekulako beheraldia izan zuen; itxuraz, biriketara sartu baitzitzaion birusa. Dialisia egin eta gero, ondo erantzun bazuen ere, arnasa hartzeko arazoak zituen eta egoera larrituz joan zen. Psikologikoki sekulako kolpea izan zen; aita ospitalean gaixorik, ama ohetik altxa ezinik, eta gurasoen etxean ni, emaztea eta alaba Ibarran nituela. Nire burua partekatuta sentitzen nuen.

Aitak okerrera egin zuen, eta azkenetan zegoela esanez deitu ziguten. Aitarengandik agurtzeko, ospitalera joateko aukera eskaini ziguten. Oso egoera berezian geundenez, baimen berezia eman ziguten, protokoloa jarraituz. Aitarekin egoteko aukera izan genuen. Egoera txar honen erdian, zorte pixka bat: elkarrizketa txiki bat izan baikenuen berekin. Nik uste kontziente zela zer gertatzen ari zen. Egunak neramatzan okerrena gertatuko zela pentsatzen, eta alde horretatik, agurtzeko aukera edukitzea oso lagungarri izan zen psikologikoki, bai amarentzat eta baita niretzat ere. Martxoaren 20an, hil zela esateko deitu ziguten eguerdian.

Beste egoera berri bati aurre egitea egokitu zitzaizuen orduan…

Guk gure berrogeialdiarekin jarraitu behar genuen. Niri, berez, martxoaren 30ean amaitzen zitzaidan, baina guri ez ziguten inongo momentutan probarik egin, eta niri ez bazen ere, amari testa egiteko eskatzen nien, amak ordurako hamabost egun baino gehiago baitzeramatzan gaixorik. Behin eta berriz eskatu arren, asko kosta zitzaigun proba egitea lortzea. Argi geratu zen dirudunek (politikariek nahiz futbolariek…) ez zeukatela horretarako arazorik, baina jende apala izanda, dena arazo zela. Hori bai, medikuek egunero deitzen ziguten sukarrik ba ote genuen galdetzeko. Egoera psikologiko txarrean geunden. Aita koronabirusaz hil zen eta amak ere kutsatuta egoteko aukera handiak zituen. Testa egiteko eskatzen nien behin eta berriz, psikologikoki lur jota egonagatik, kontzientzia soziala bai baitut eta jakin egin nahi nuen berrogeialdia bukatuta, gaixorik nengoen edo ez: emazte eta alabarengana edo lantokira gertura ote nintekeen edo ez. Konfinamendu egoera honetan, hala dagoela ez dakien jende asko egon daiteke kutsatuta, baina aukera handiak nituen nik ere: denbora luzean positibo eman zuen pertsona batekin batera egon bainintzen etxean, baita ama ere. Proba egitea lortu genuen azkenean. Amak negatibo eman zuen, positibo nik.

Agurtzeko aukera edukitzea oso lagungarri izan zen psikologikoki, bai amarentzat eta baita niretzat ere

Oraindik eta neurri zorrotzagoak hartu behar, beraz, aurrerantzean…

Beste fase bat hasi zen orduan. Etxe berean egonda, nik ama kutsatzeko arriskua baitzegoen. Hori jakin geroztik, logela batean sartuta nago. Komunera joateko bakarrik ateratzen naiz, maskara eta eskularruak jantzita. Berriz logelara itzuli aurretik, lixibaz garbitzen dut komun guztia. Ez dut amarekin zuzeneko harremanik. Bazkaria logela atarian uzten dit eta ateaz bestalde hitz egiten dugu. Ez dakit noiz arte jarraitu beharko dugun horrela, nire kalkuluek hilabete pasatxo esaten didate. Positibo eman nuenez, berriz ere proba egin beharko didate denbora batera. Negatibo emanda ere, berrogeialdian jarraitu beharko nuke; berriz proba egin eta bigarrenez negatibo emanez gero jasoko nuke alta.

Gaixotasun hau oso bat-batean iritsi zaigu, eta oso gogorra da hari aurre egitea. Berria da eta ezjakintasun handia daukagu. Profesionalak ere egokitzen ari dira, protokoloak egunero aldatzen dizkiete. Amaren negatiboa eta nire positiboa ikusita, hauxe da aukeretako bat: ama gaixotasunarekiko inmunizatuta egotea. Hau da, ama lehenago gaixotu, gaixotasuna pasa eta birus honen aurrean bere gorputza inmunizatuta egotea. Bestela ulertezina da aitak eta biok birusa eduki, eta biok amarekin egonda, hura ez kutsatzea. Baina zientziak oraindik halakorik ziurtatzen ez duenez, amarekin harreman zuzenean ez egoteko gomendatu zidaten, gela batean isolatuta egoteko. Eta hori jakinda, noski, egin behar dena egingo dut. Behar den denboran eta ahal dudan moduan egingo dut, baina ez naiz nire ama kutsatzera arriskatuko. Onena biok negatibo ematea izango zen, baina alde txar honi guztiari zeozer positiboa atera nahian: nahiago dut nik positibo eman izana, eta ez amak.

Aurrera begira, niretzat sekulako pausoa izango litzateke logelatik atera eta etxe guztian zehar ibili ahal izatea. Mundua irekiko litzaidake. Otorduak amarekin egin, lasai eseri eta hitz egin edo negar egin ahal izatea. Negarra bakarrik edo beste pertsonaren batekin egitea ere oso ezberdina baita, eta behar hori sentitzen dut. Ingurukoak alboan edukitzeko beharra, eta ezinak ito egiten nau.

Onena amak eta biok negatibo ematea izango zen, baina alde txar honi guztiari zeozer positiboa atera nahian: nahiago dut nik positibo eman izana, eta ez amak

Egoerak ilunetik nahikoa baduenez, alderdi positiboak bilatu behar…

Bai, baina hainbeste denbora egoera honetan egonda, psikologikoki eta fisikoki moteltzen ari naizela sumatzen dut batzuetan. Amarekin ateaz bestaldetik edo emazte eta alabarekin telefonoz edo bideo-dei bidez hitz egiten dudanean, positibotasunari eusten saiatzen naiz, baina ezin naiz beti maila horretan mantendu. Oso zaila da. Bakardade honetan, eguneko 24 orduak luze egiten dira buruari bueltaka. Ez dakit nondik, baina indarra ateratzen ari naiz eta horrela jarraitu nahi dut aurrera.

Hau guztia pasatzen denean, oso polita izango da familiarekin nahiz ingurukoekin elkartzea, eta horren zain nago. Nire etapak oso motzak dira: nire hurrengo helburua hurrengo proba da. Proba horretan negatibo emango banu, asko aldatuko litzaidake egoera. Konfinamenduan jarraitu beharko nuke, baina psikologikoki izugarrizko indarra emango lidake. Esan bezala, behin negatibo eman eta bigarrenean negatibo emanez gero, alta jasoko bainuke.

Helduoi hau guztia ulertu eta onartzea kosta egiten bazaigu, zer esanik ez gaztetxoei…

Alabak 10 urte ditu eta zeharo beldurtuta dago. Gaixotasunak aitonari eragin zion kaltea eragingo ote didan beldur da. Lasai egoteko esaten diot nik, ez horretan pentsatzeko. Egoera hau luzea izango dela, baina emango diogula buelta. Hau dena bukatzen denean lasai hitz egiteko eta elkarrekin gauza asko egiteko aukera izango dugula.

Guraso bezala, alabari ikastolako lanak egiten lagundu nahi diot. Bere alboan egoteko nire ahalegin guztiak egiten ditut, baina oso zaila da hori ere.

Egoera zail honetan ogia erostera edo zaborra ateratzera jaisten da kalera jende asko; bakoitzaren ‘momentutxoa’ izaten da hori. Guk ez daukagu hori egiteko aukerarik ere. Badakit hala izan behar duela, baina hainbeste egun eta gero, ezereztuta sentitzen naiz. Esan bezala, ez gaude horrelako egoera bati aurre egiteko prestatuta, oso lekuz kanpo harrapatu gaitu. Egoera zaila da denontzat, baina denbora mugatu batean, gertaera txar asko egokitu zaigu guri, eta zaila da hori guztia onartzea. Une honetan amets batean gaudela esango nuke. Bizimodu normala egiten hasten garenean hasiko gara gertatutakoa benetan onartzen, sinesten, dolua egiten… Hau guztia lehenbailehen bukatzea nahi dut. Nire helburua, nire buruaren orekari eustea da.

Une honetan amets batean gaudela esango nuke. Bizimodu normala egiten hasten garenean hasiko gara gertatutakoa benetan onartzen, sinesten, dolua egiten…

Zer moduz sentitzen zara gainerakoan? Ba al duzu ageriko sintomarik?

Ez dut sukarrik izan, minik ere ez, ezta arnasketa arazorik ere. Hau guztia hasi baino lehen gripe edo katarroa izan nuen. Aurtengo neguko gripeak luzeak eta gogorrak izan dira eta arrastan nekarren. Egoera horretan jarraitzen dut orain ere. Pisu handia nabari dut gainean, oso nekatuta nago. Albiste ezberdinak entzuten ditugu egunero eta oso zaila da psikologikoki orekari eustea. Oso gogorra egiten ari zait niri behintzat. Eta noski, psikologikoki ondo ez bazaude, fisikoki ere ez zara ondo sentitzen. Gogortuta nago muskularki, logela barruan kirol pixka bat egiten ahalegintzen banaiz ere, tarte handirik ez edukitzeaz gain, gogo handirik ere ez daukat. Kosta egiten zait lo egitea, kosta egoeraz deskonektatzea. Tentsio batean nago egun guztian zehar eta oso zaila da erlaxatzea. Baina, ez dago besterik.

Familia, lagunak, auzotarrak…, denak sumatu ditugu inguruan. Haien babes handia sentitu dugu, baina ezinezkoa da emozio horiek guztiak kudeatzea.

Zure ustez, zer ikasiko du gizakiak egoera gogor honetatik? Ezer aterako al dugu?

Pertsonaren alderdi ona agerian geratzen ari da: laguntasuna, solidaritatea, alboan daukagunari laguntzeko grina… Baina gizakiak, era berean, hain konplexu eta errazak garenez, hau guztia pasatzean, jende askok azkar ahaztuko ditu gertatutakoak. Alderdi onak txarrak baino gehiago izango direla pentsatu nahi dut. Egoera honek pertsona oso mugan jartzen du, eta laguntza eskaini nahi dugu; baina nire zalantzak ditut mantenduko ote den hori denboran zehar. Kosta egiten zait sinestea, gizarte hau oso indibidualista baita. Egoera honek indibidualismo puntu hori ahulduko duen esperantza dut, baina beste borroka bat izango da hori.

Hau guztia gertutik bizi dugunontzat ikasgai gogorra baino handia izan da, lehen agian baloratzen ez genituen gauza batzuk beste era batera baloratzen erakutsi digu.

Birus honek mundua gelditu du. Halakorik espero gabe, gizakiaren botere ustea desegin du, eta ezer ez garela jabetu gara. Hori bai, gizakiak gizakiari berari egin dio min. Hau ez da tsunami edo lurrikara bat, gizakiak antolatutako zerbait baizik. Tesi asko dago: nor izan den, nola izan den…, baina azken batean berdin da: denak berdin gaude, eta gutxiago edo gehiago, baina guztiok ordainduko dugu. Gertatutakoak pentsarazi egin beharko liguke, gaizki goaz bestela. Horretan ni ez naiz hain baikorra... Ea nahastuta nagoen, poztuko nintzateke. Izan dadila guztiontzat ikasgai handi bat, gutxienez.

Egoera honek gizartearen indibidualismoa ahulduko duen esperantza dut, baina beste borroka bat izango da hori

Eskerrik asko, bihotzez, zure hitzengatik. Besarkada beroa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!