“Herritarrak alaitu ditugulakoan, gustura etxeratu gara”

Ainhoa Arozena 2020ko api. 27a, 09:41

Jota Aranburu eta Lierni Otamendi bikotea trikiti eta pandero doinuz Villabonako kaleak alaitzen ibili da azken bi asteburuetan, kalejira alaian. Amasa-Villabonako Udalak egindako gonbidapenei pozarren erantzun diete, eta txalo zaparradak jasota, gustura etxeratu dira bi txandetan.

Maskara ahoan eta txapela buruan auzoz auzo, trikiti eta panderoaz lagunduta. Zer nolako esperientzia izan da zuentzat bi asteburu hauetakoa?

Oso polita. Jende asko atera da leiho eta balkoietara. Herria hutsik ikusi dugu, kaleak hutsik, jendea balkoietan, aurreko igandean batez ere. Azken saioa larunbat arratsaldean eskaini genuen, eta bazebilen jende pixka bat erosketetan. Aurreko igandean, ordea, dena itxita zegoen: ez zegoen inor kalean. Herritarrak balkoietara ateratzen ziren, eta oso polita izan zen. Bi kasuetan udaltzainekin batera egin dugu bidea, eta, larunbatean, gainera, haien sirena-hotsa nahiz mezua entzunda, jende gehiago atera da oraindik balkoi eta leihoetara.

Bestelako ikuspegia, bitxia oso… Herritarrak balkoietatik begira, eta zuek behetik gora…

Bai, oso ezberdina. Lehengo igandean apenas zebilen kotxerik ere. Joan zen larunbatean mugimendu gehixeago zegoen trafiko aldetik. Baina dudarik gabe, oso kuriosoa izan da.

Amasa-Villabonako Udalak antolatu ditu bi kalejirak, eta haiek egin dizuete kaleak alaitzeko gonbidapena…

Bai, lehen asteburukoa, Udalak abian jarri zuen ‘Amavi Erronka’ ekimenari amaiera eman, eta parte hartu zuten haur nahiz familiei eskerrak emateko modua izan zen. Bigarren hau ere eskerrak emateko antolatu zen; kasu honetan, konfinamendu egoerari hain ondo erantzuteagatik, eta haurrak kalera atera daitezkeela ospatzeko. Bi kasuetan Garazi Bengoetxea kultur zinegotziaren deia jaso genuen, eta hainbat jarraibide jaso ondoren, pozarren eman genuen baiezkoa. Maskarak jantzita ibili gara, baita udaletxeko peto fluoreszenteak ere. Festa giroa ekarriz, txapelak buruan atera gara kalera.

Eta esker oneko hainbeste txalo eta irrintzi jasota, pozarren itzuliko zineten etxera…

Bai! Herritarrak txaloka, toki askotan ‘beste bat, beste bat’ eskatuz… Ezin izan dugu toki guztietan geratu, baina plaza ugaritan bai, eta pieza pare bat eskaini dugu. Ahalik eta jende gehienarengana iristeko ibilbidea osatu dute Udaleko kideek, baina bat edo beste geratu da agian bere etxe parera ez gerturatzearen penaz. Otsabiraino ailegatu gara, baita Etxeondoraino ere. Herri guztia zeharkatu dugu, eta festa gogoz hartu gaitu jendeak. Pozik itzuli gara etxera, baina baita nekatuta ere. Jendea gustura sumatu dugu, balkoian dantzan, eta guk ere, haiek bezalaxe, dena eman nahi izan dugu.

Santiago egoitzaren parean ere jo genuen. Hango egoiliarrak leihoan eta atean guri begira, eta gu haiei begira. Langile gehienak dantzan ibili ziren. A ze umorea duten! Txalotzekoa!

Kaleetan, dagoen isiltasunarekin oso ondo entzuten da trikitixa. Toki jakin batzuetan bereziki: Errebote plazan, Kale Nagusian edota baita Txistulari plazan ere. Larrea auzoan ‘Ikusi mendizaleak’ kantua jotzeko eskatu ziguten. Halaxe egin genuen, eta auzotarrak kantuan aritu ziren. Oso giro polita sortu zen.

Lehen ere ezagunak zineten herrian, orain famatu egin dira Jota eta Lierni…

Ez uste… Txapela buruan eta maskara ahoan, ez zaigu aurpegirik ere ikusten.

Aurrera begira, iritsiko ote da beste gonbidapenik?

Ez dakigu oraindik, baina pozik joango gara eskatzen badigute. Badirudi laster kirola egitera ateratzeko baimena emango dutela, eta ea zein asmo duen Udalak aurrera begira. Eskatzen badigute, hantxe izango gara.

Beste ezer gehitu nahiko al zenukete?

Eskerrik asko herritarrei egin diguten harrera beroagatik, eta Udaleko kideei egindako gonbidapenagatik. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!