Kilometroak 20 abestia, bizi-bizia
Arduradunek adierazi dutenez, "koronabirusak eragindako egoera bereziak oztopatu egin du Kilometroak 20 abestia, orain artean bezala, jendaurrean eta kalean aurkeztea; ikaslez, irakaslez, gurasoz nahiz euskaltzalez inguratuta". Baina teknologia berrien abantailak baliatuta, lau haizetara zabaldu dute kantua gaur eguerdian, maiatzaren 29an.
Jakina denez, Kilometroak proiektuaren baitan pisu handia izaten du kantuak, bai eta bideoklipak ere. "Aurtengoan geroago iritsiko da bideoklipa, baina Amasa-Villabona eta Zizurkilen ez ezik, Gipuzkoa osoan barrena eta Gipuzkoatik haratago luze-zabalean hedatzeko irrikaz sortu da abestia. Kilometroak jaia bera bezalaxe, eta Zubimusu ikastolako proiektu pedagogikoari keinu eginez: bizi-bizia".
Xabi Zubeldiaren doinua
Xabi Zubeldia tolosarrak egin du abestiaren doinua. Zubimusu ikastolako irakaslea da Xabi, Zubimusu komunitateko berri ondo dakiena. Ibilbide zabala egina du musikagintzan, bai Akelarre taldean, bai beste proiektu batzuetan. Berak egin zuen Zubimusu ikastolaren abestia ere. Kantua egiteko eskatu ziotenean, “ardura” sentitu zuela aitortu du, “kantua ondo egitearen ardura”. Baina erronka potoloa bezain polita iruditu zitzaion, eta ilusio handiz heldu zion lanari, “lehenik kantuak izan behar zituen ezaugarriak pentsatu nituen, kantuaren hezurdura osatzeko. Lau ezaugarri bete behar zituela erabaki nuen. Batetik, Kilometroak festari berari egin behar zion erreferentzia. Horretarako 70eko hamarkada amaierako lehen Kilometroak jaien abestietako bateria eta baxuen soinuak bilatu ditut, egungo hainbat baliabide teknologikori esker. Kilometroak jaiaren hasierako oinarria, musikaren soinuaren oinarriarekin lotu dut horrela. Bigarren, gure Kilometroak festari egin behar zion erreferentzia: ‘Korri, punpa, ttak’ leloari. Korri, iraganari: esan bezala iraganeko soinuak erabiliz. Bateria, baxua eta baita teklatuetakoa ere. Punpa, orainari: egungo baliabideak erabiliz egin ditut moldaketak. Ttak, etorkizunari: teklatuei esker, soinu futuristak erabili ditut. Hirugarren, logoa. Jaiaren logoa azaltzea nahi nuen kantuan. Kantua hasi eta bukatu berdin egiten da, logoko borobila itxiz. Pilotaren barruko marra laburra estrofa litzateke, eta luzea errepika edo estribilloa. Kantuaren bukaera aldera luzapena dago, eta hortxe bildu ditugu umeen ahotsak. Laugarren eta azkenik, gure logoari aipamena eginda, gure ikastolako proiektu pedagogikoari ere tokia egin nahi izan diot. Zalantzak izan nituen hasieran kantuari zein motatako erritmoa jarri: azkarra, erdi mailakoa, lasaia… Baina gure proiektu pedagogikoa 2ZIA denez, argi izan nuen arina eta bizia izan behar zuela”. Kantua egituratzeko prozesu honetan zehar bidelagun izan dituen musikariekin “benetan eskertuta” agertu da, “egin duten lan izugarriagatik”. Ondorengo hauexek izan ditu laguntzaile: Joxe Mendizabal programaketa eta grabaketa arduraduna, Xanet Arozena gitarra, Juanpa Agirre ahots nagusia, Kamile Mendizabal haurren ahotsen grabaketa. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie lan hau egiteko beragan konfiantza jarri dutenei. “Guztion gustuko izatea espero dut”.
Amaia Agirreren hitzak
Aurtengo Kilometroak jaiak bertsolaritzarekin duen lotura ikusita, hitzak josten artista den Amaia Agirre bertsolari billabonatarrarengana jo zuen Kilometroak taldeak lan horretarako. Zubimusu ikastolako ikasle ohia da Amaia, Zubimusu komunitateko berri ondo dakiena, bertan irakasten baitu bertsolaritza, eta bereak baitira Zubimusu ikastolako abestiaren hitzak ere. Amaia Agirrek ere ilusioz eta arduraz hartu zuen abestiaren hitzak idazteko gonbita. Xabi Zubeldiak osatutako melodiaren gainean ekin zion lanari Amaiak, aurtengo Kilometroen baitan landuko diren balioen berri ezagutu eta gero, “Kilometroak 2020ko kantuaren hitzak nik jarriko ote nituen galdetu zidatenean, bi hitz gurutzatu ziren nire baitan: ohorea eta ardura. Baina eskatzen eta eskaintzen ari zirenez aldi berean, bide-erdia egina egongo zela pentsatu nuen, eta ezin erdi-bidean geratu. Ederra izan zen hasierako soslaia, erakargarria gaia, helduleku ona euskararen aldeko jaia, baina konplikatua nerabilen lengoaia. Bildu zen negoziazio mahaia, antolatzaile taldea eta Amaia, eta hura zen erabakitzeko garaia. Denon gustuko kantu alaia osatzea izan zen guztion nahia”. Baina nolako letra komeni, behar edo nahi zen? “Umeek erraz ulertu, barneratu eta ikasiko zuten letra izan behar zuen batzuen ustetan. Beste batzuen ustez, tokian tokiko erreferentziak sartzea ezinbestekoa zen. Badakizue, ‘zenbat buru, hainbat aburu’. Nik doinua edo melodia dagoeneko eginda jaso nuen eta metrika horretara errenditzen ahalegindu nintzen. Justu errepika da estrofarik luzeenetakoa edo silaba gehien dituena, eta hor izan nituen zailtasun edo buruhausterik handienak. Denok dakigu errepika batek zer behar duen, baina kolpe bakarrean errenditzea ez da erraza izaten. Dena lortu nahi: errimak behartu gabe sartzea, hitz gutxitan asko esatea, sonoritate aldetik belarrien gozagarri izatea. Eta hara hor hurrengo zioa: transmisioa eta trantsizioa. Erraia eta arraia, hortxe inspirazioa. Baina -R eta -T, -R eta -S gehiegiren artikulazioa, sonoritatearen lezioa, horra lehen apreziazioa. Aldaketak egitearen aldeko txioa, norberak bere presioa; ohore eta arduraren prezioa, buru-pentsalarien tentsioa, baina soberan intentzioa. Eta azkenik bai, azkenik osatu genuen azken bertsioa. Kantu honek badu bere bidea, baina niretik gurera eta guretik zuenera egin dezala euskararen eta euskarazko bidea. Eskerrik asko. Korri, punpa, ttak!”.
Online bidezko aurkezpena
Plataforma eta sare ezberdinetan zabaldu da kantua: Facebook, Instagram, Twiter, Youtube, Soundcloud eta kilometroak.eus webgunean. "Kilometroak jaiaren soinu-banden artean, leku goxoa izan nahi du Amasa-Villabona eta Zizurkilgo abestiak ere, ikastolen garrantziaz ohartarazi, herritarrak dantzan jarri, eta barruraino iritsiz, oroitzapen politak bilduko dituena", Kilometroak ekimeneko kideen esanetan.
Online bidezko aurkezpenaren biharamunean, maiatzaren 30ean, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen aurkeztuko dute abestia. "Egoera bereziaren baitan, modu berezian, noski: Pauxa maskota kabrioletean ibiliko da abestia plazaratzen, betiere, segurtasun-neurriak errespetatuz eta autoaren inguruan jenderik pilatu gabe, baina hegan egiteko gogo biziz dagoela erakutsiz".