Atzo, ekainak 30, jokatu ziren Nagusi Mailako Santio Txapelketako final-laurdeneko lehen bi partidak eskuz binaka, Bearzana pilotalekuan.
Lehen partida Urmeneta-Aranguren eta Etxezarreta-Arrate bikoteen eskutik jokatu zen. 22-19ko markagailuarekin galdu zuten partida Etxezarretak eta Arratek. Partida estua izan zen, emozioduna.
Bigarren partidan Urbieta II-Ormazabal bikoteak jokatu zuen gorriz jantzita, eta urdinez, berriz, Torre-Atxa bikoteak. Alde handiarekin gailendu dira finalerdietara Urbieta II.a asteasuarra eta Ormazabal billabonatarra. 22 eta 05eko markagailuarekin amaitu zen final-laurdenetako bigarren partida.
Ikusleak, lagunak eta familiarrak gehienak, gogotsu egon ziren partidak jarraitzen eta emozioa gailendu zen, azken hilabeteetan ez baita partidarik jokatzeko aukerarik izan.
Final-laurdeneko bigarren zatia ostegunean
Beste bi partida ikusteko aukera egongo da uztailaren 2an. Lehen partidan Elola-Etxeberria eta Urkizu-Labaka bikoteek jokatuko dute, eta bigarrena, berriz, Artetxe-Odriozola eta Eskudero-Urruzola bikoteek. 18:30ean hasiko da lehen partida, Bearzana pilotalekuan.