N1 errepidearen zorua berritzeko lanak abiatzear dira

Aiurri 2020ko abu. 6a, 10:03
N1 errepidearen sarbidea Sorabilla auzunean.

Errepidea berritzeko sakonera handiko lana iragarri du Aldundiak, eta hori dela eta Andoain-Beasain ibilbidean kamioien joan etorria mugatuko da hurrengo hamabostaldian. Oiarbide Foru Diputatuak adierazi duenez, “Errepidea agortuta dago tarte horretan; beraz, erabat berritu beharko da. Ezaugarri funtzionalak ere hobetuko dira, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako lansailak adierazi zuenez, “Obren konplexutasuna eta iraupena direla eta, kamioiek debekatuta izango dute N-I errepidetik zirkulatzea Andoain eta Beasain artean, bi norantzetan, abuztuaren 8tik 23ra bitartean. Debekuaren ordutegia 08:00etatik 20:00etara izango da, eta 3,5 tonatik gorako kamioi guztiei eragingo die, salbu eta helmuga ibilbide horretako udalerri batean badute”.

Ezarritako masaren muga gainditzen duen merkantzia astunak ordezko ibilbide hauek hartu beharko dituzte:

  • Nafarroatik Gipuzkoara bidean A-15 autobidea: Irurtzun-Andoain.
  • Gipuzkoatik Nafarroara A-15 autobidea: Andoain-Irurtzun.
  • Goierriko gidarien kasuan: Olaberriako N-I-417 lotunetik A-636 autobiara (Beasain-Bergara), eta handik AP-1 eta AP-8 autobideetara.

Segurtasuna

Aintzane Oiarbidek azaldu duenez, Gasteiz-Irun noranzkoan egin beharreko obrak sakonera handikoak dira, lehendik dagoen bide zoruaren ordez eraikuntza berriko beste bat jarriko baita: “Errepidea agortuta dago tarte horretan; beraz, erabat berritu beharko da, eta aurreikusitako trafikora egokitu zerbitzu aldian. Ezaugarri funtzionalak ere hobetuko dira, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez, eta zoru osoa babestuko da, iraunkortasunari, iragazgaiztasunari eta uniformetasunari dagokienez".

Errepideko geruza guztiak berritzeko, ia 70 zentimetro jaitsi beharko da. Hori da lan horien iraupenaren arrazoi nagusia, geruza batzuetan zementuak lau egunez gogortu behar baitu.

 

Abuztuan hobe

Foru diputatuak gaineratu du datak ere ez direla ausaz aukeratu: “Estatistikoki, bi aste horietan izaten da trafiko txikiena urte osoan. Errepide zati horretan, eguneko batez besteko intentsitatea 46.720 ibilgailukoa da, eta ibilgailu astunen ehunekoa %15,33koa; hau da, 7.162 kamioi egunean. Abuztuko erdiko bi asteetan trafikoa % 20 inguru murrizten da zirkulazioa”.

Xehetasunak

Iraupena: Abuztuak 8-23.

Errepidea: N-1, Villabona parean.

Lanaldia: Bi noranzkoetan.

Debekua: 3,5 tonatik gorako kamioi guztiak.

Ordutegia: 08:00-20:00.

Trafikoa autoentzat: Bypass bidez.

Luzera: 1,5 KM.

Aurrekontua: 684.840,08 euro.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!