Bus erabiltzaileen intereseko informazioa, N-1 errepidearen eraberritze lanak direla eta

Aiurri 2020ko abu. 7a, 19:08

N-1 errepidea asfaltatzen den bitartean, TSST konpainiak aldaketak iragarri ditu Villabonan. Era berean, eskaripean Laskibar parean egin daitekeen geldialdia bertan behera geratuko da. Abuztuaren 8tik 23ra, gainera, errepidean egin beharreko lanak direla eta bus zerbitzuak ibilaldia moldatu beharko du. Eta, ondorioz, Tolosa-Donostia joan-etorrian atzerapenak egon daitezkeela aurreratu du TSST konpainiak.

Udalaren bandoa

Aldaketa hauek direla eta Amasa-Villabonako Udalak bandoa zabaldu du herrian. Aiztondoko erabiltzaileentzat intereseko informazioa da honakoa:

"Herritarrei jakinarazten zaie, Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 autobidean egingo dituen lanak direla eta, abuztuaren 8tik 23ra itxita egongo dela Tolosatik gatozela Villabonara sartzeko lehenengo sarrera (Amasa parean), beraz, burni-zubiko errotondora jaisten den sarrera erabili beharko da.

Aldi berean, Villabonatik Donostiarako irteera (Amasa parean) ere itxita egongo da. Beraz, obra hauek irauten duten bitartean, Donostia aldera ateratzeko burni-zubiko errotondatik gora doan bidea erabili beharko da.

TSST zerbitzuari dagokionean, Donostiarako noranzkoei bakarrik eragingo diete aldaketak. Horrela, zuzenean Donostiara doazen autobusak burni-zubiko errotondan bakarrik geldituko dira. Ez dira herrira sartuko.

Aldiz, herri barruan geldialdiak egiten dituztenak eliza parean eta Txermin auzoko geltokiak normal mantenduko dira.

Tolosako noranzkoan doazen autobusek ohiko geltokiak mantenduko dituzte, aldaketarik gabe".

TSST konpainiaren oharra

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!