Kilometroak 2020

“Jairik ezean, kultur ekintzak antolatzea da gure asmoa”

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 4a, 09:24

Gaizka Ezeiza, Zubimusu ikastolako Txermingo eraikinean.

Gaizka Ezeiza Legarra Zubimusu Ikastolako Kilometroak jaiaren koordinatzailea

Gaizka Ezeiza baikor agertu da koronabirusak markatutako ezohiko urte honetan Kilometroak ekimenaren baitan egindako lanarekin. Kultur ekintzak antolatuz eman nahi diote amaiera zikloari.

Urte berezia izan da aurtengoa zuretzat. Haur eta gaztetxoen irakasle izatetik, Zubimusu ikastolako Kilometroak 20 jaiaren koordinatzaile izatera igaro zara. Zer nolako esperientzia izan da?

Aukera eskaini zidaten momentutik oso erronka erakargarria iruditu zitzaidan. Ikasle izan nintzen eta lanean ari naizen ikastolan aukera hori ematea motibazio handia izan zen niretzat. Amasa-Villabona eta Zizurkilen Kilometroak jaia antolatzeak badu bere xarma. Egia esan, ez da lan makala, baina oso motibatuta ekin nion hasieratik.

Urtea oso ondo abiatu genuen: bai antolakuntza aldetik, bai eta gure arteko giro onak bultzatuta ere. Baina bat-batean COVID-19a iritsi eta konfinamendu garaia etorri zen. Ez zen batere garai erraza izan. Asko aldatu zen guztion egunerokotasuna, eta egoera hartan Kilometroak jaiarekin lotutako erabakiak ere hartu behar ziren. 

COVID-19a bidelagun izan arren, aurrera egitea erabaki zenuten...

Lantaldeak indarra erakutsi zuen, eta ekimenarekin aurrera egitea erabaki zen. Lanean jarraitu genuen. Denborarekin, ordea, egoera okertzen joan da, eta azkenean, segurtasun neurriak bermatzeko, milaka pertsonek gure herrietan topo egitea ezinezkoa izango zela ikusi zen.

Oporren aurreko azken asteak ez ziren errazak izan, egun batetik bestera egoera aldatu egiten baitzen, eta erabakiak ere bai. Hala ere, sentsazio positibo eta ona daukat pertsonalki. 

Urriaren 4rako iragarrita zegoen jai handia bertan behera uztea erabaki arren, ba al duzue bestelako asmorik urtebete pasatxoko zikloa ixteko?

Zubimusu ikastolatik, barne mailan, kultur aste moduko zerbait antolatzea da gure asmoa. Amasa-Villabonako Udalak uztailean plazaratu zituen kultur ekintzen eredua egokia iruditzen zaigu horretarako. Beti ere, ikusi egin beharko da unean uneko egoera, eta zer eta nola egin daitekeen aztertu. 

Urriaren 4ko jai nagusirik izango ez bada ere, gutxienez ekintzaren batzuk antolatuz eman nahiko genioke amaiera urteari.

Birusa etorri aurretik ere, erronka bikoitzarekin ekin zenioten antolakuntza lanari. Kilometroak jaia antolatzeaz gain, eredu berriko lehena baitzen Amasa-Villabona eta Zizurkilgoa...

Eredu berriari aurre egiteko erronka geneukan guk lehenengo aldiz. Horren baitan egin den aldaketarik handienetakoa ikastola ezberdinen artean (Tolosaldea edo Oarsoaldekoak kasu) Milimetroak  ekimena martxan jartzea izan zen, gero gauzatzeko aukerarik izan ez bagenuen ere. Izan ere, dena lotuta geneukanean iritsi baitzen konfinamendua. Baina ez zen guztia ezerezean geratu: aurrerapausoak eman dira, eta hortxe geratuko da egindako lana hurrengo urteetan ere landu ahal izateko.

Jai nagusiaren egunera begira ere, jada aldaketa ugari eginak genituen aurrez ezagutzen genuen eredutik eredu berrira. Egoerak, ordea, guk behintzat aldaketa horiek praktikan jartzeko aukerarik ez izatera bultzatu gaitu. 

Eredu berriaren baitan,  gainontzeko ikastolekin lortu den harremana nabarmentzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Gure artean aurreko edizioetan baino elkartasun handiagoa sortu da, bai Milimetroak ekimenaren antolakuntzan, arropa-salmentan, bai eta Tanta boletoen salmentan ere. Gainerako ikastolen jarrera ere txalotzekoa izan dela uste dut. Horretan, adibidez, eredu berria oso positiboa izan da.

Ezin izan duzue aurreikusi adina ekimen gauzatu, baina bidean dira haietako batzuk: Pello Mari Otaño beka, esaterako. Zertan da une honetan?

Hasieratik garbi ikusi genuen Kilometroak ekimenaren baitan zer edo zer utzi nahi zela bailara mailan, behin jaia igaro eta gero ere iraungo zuena. Hortik etorri zen beka sortzearen ideia. Kilometroak Kultur Elkartearen, Mintzola Ahozko Lantegiaren, Teodoro Hernandorena Kultur Elkartearen eta Zubimusu Ikastolaren artean jarri zen martxan ekimena, eta oso positiboa izan da hori ere. Bailarako bertsolari taldea aurkeztu zen lan hori egiteko eta eskualdeko zirtoaren tradizioa aztertuko dute. Irailean gaiaren inguruko ekitaldiren bat egiteko asmoa bada, baina lana hurrengo urtean aurkeztuko dute: Ibarrako Kilometroak urtearen baitan.

Urtean zehar egindako ekimenen artean zein nabarmenduko zenuke?

Bertan behera geratu zen Milimetroak ekimena. Besteak beste, naziotasuna, euskal hezkuntza edo integrazioa landuz ikastola eta ikasle ugarik parte hartuko zuketen ekimen potoloa zen. 

Gainerakoan, Kilometroak Txikia jende askok parte hartu zuen jai polita izan zen. Mendimetroetan, esaterako, gainerako ikastolek ezin izan dute parte hartu, baino ibilbideak aurreko urteetan bezalaxe, webgunean jarri ditugu edonoren eskura. Azken hilabeteetan lan handia egin da batzordeka urriaren 4ko jai nagusiari begira. Hau guztia antolatzeak dedikazio handia eskatzen du. 


'Korri, punpa, ttak' leloa irudikatu zuten Erreboteko plazan, urtarrilaren 26an, Kilometroak Txikia egunean. ©Aiurri

Elkarrizketa osorik Aiurri aldizkariaren 566 zenbakian

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!