Bertan ekoitzitako lupulua, bertako garagardogileentzat

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 5a, 08:12

Arratzaingo lupulu-saila, uztailaren amaieran. Abuztuan uzta jaso ondoren, egun oinarriak soilik ikus daitezke, baina udaberrirako loratuko da berriz.

Abuztuaren erdialdean jaso dute lehen lupulu-uzta Arratzaingo lurretan. Egun, nagusiki, garagardoa egiteko erabiltzen bada ere, erabilera ugariko landarea da lupulua. Gorka Iruretagoiena eta Pello Letamendiak argitu dute Arratzaingo zelaiko zutabe altuen egitekoa.

2017an ekin zion Gorka Iruretagoiena igeldoarrak buruan bueltaka zerabilen ideia hezurmamitzeari. Lupulu landarea ekoizteari, alegia. Non eta Amasa-Villabonako Arratzaingo zelaietan. Lehen uzta jaso dute aurtengo abuztuan, eta jakina, pozarren da asmo hura gauzatuta ikusi ondorenean. 

Gipuzkoan erabili gabeko lur-sail ugari zegoela jabetzen zen, eta inguruan erabiltzen zen produktua bertan ekoiztea pentsatu zuen, Gipuzkoan 40 eta 50eko hamarkadetan historikoki lupulua landatzen zela jakin eta gero. “Bazegoen aurrekaria, ez zen ezer berria, eta hori guztia lotuta ekin genion bideari", azaldu du. Aginagako terrenoetan egin zituen lehen probak Euskal Herriko garagardogileek erabiltzen zituzten lupulu landareak landatuz. Erantzun ona ikusita, lehen instalazioa egiteari ekin zioten Arratzainen.

Euskal Lupulua ekimena

Lau urtez baserrietako ordezkapen zerbitzuan lan egindakoa da Gorka, baserritarren bajak eta oporrak ordezkatzen. Gipuzkoan 40 baserri baino gehiagotan aritu da lanean, eta oso harreman ona du haiekin. Baina baserritarrek zalantzati begiratzen zioten hasieran, lupulua landatzeko asmoen berri azaldutakoan. “Hi, Gorka, hemen ez zegok lupulurik’ esanaz bezala. Baserri askotako ateak jo nituen, baina inork ez zuen nire proiektuan sinesten. Pello Letamendiak, berriz, hasieratik sinetsi zuen: ‘Nik lagunduko dizut’ esan zidan, eta proba egitera animatu ginen. Asko ikasi dugu, eta oso pozik gaude, oztopoz betetako bidea izan den arren”. 

Lehena Amasa-Villabonakoa bada ere, Asteasu eta Getarian beste bi lupulu-sail landatu zituen gerora Gorkak. Ibargun baserriko IÒaki eta Amaia Sorarrain anai-arrebekin batera bideratzen du Asteasukoa. “Baserriko ordezkapen lanak egitera joanda ezagutu nituen, eta oso prest agertu ziren haiek ere”. Pixkanaka, beraz, baserritarren kooperatiba sortu, eta Euskal Lupulua ekimena jarri dute abian Iruretagoienak, Letamendiak, Sorarrain anai-arrebek eta Getariako kideek. Bide berean, Azkoitian ere lupulu-sailak landatzen hasiak dira, "bakoitzak bost hektarea jartzeko asmoa dugu, elkarlanean aritzeko. Gipuzkoan hamar hektarea lupulu jartzea dugu helburu, Euskadiko egungo lupulu-eskaera asetzea lortuko baikenuke horrela". Bertako garagardogileei bertatik erantzun nahi diete, lupuluaren bila kanpora joateko beharrik gabe. 

Gorka Iruretagoiena, Arratzaingo lupulu-sailean.

Kontserbagarri naturala

Kolore iluneko eta hosto ugariko landarea da lupulua, Cannabaceae familiakoa, igokaria; eta haren lorea edo konoaren baitan biltzen den lupulina erabiltzen da garagardoa egiteko. Edariaren iraupena luzatzeko balio du batetik, “lupulua, azken batean, kontserbagarri naturala baita. Lupulua edozein zukurekin egosiz gero, zukuaren bakteriak hil egiten dira, eta edari horren bizi-iraupena luzatu egiten da”, azaldu du Gorka Iruretagoienak, lupulua erabiltzen lehenak ingelesak izan zirela argituz, “historiak dioenez, garagardoa Indiara bidean galdu gabe eraman ahal izateko erabili zuten lehenengoz ingelesek lupulua”. Oso bogan dago azken aldian, eta garagardoari zaporea emateko ere erabiltzen da. “Artisau garagardoek lupulu bereziak erabiltzen dituzte zapore ezberdinak lortzeko. Garagardo industrialek, berriz, edariari bizi-iraupena emateko soilik erabiltzen dute lupulua”, adierazi du. Landarearen barietatea oso zabala denez, lupulu bat bestearekin nahastuz sortzen dituzte zapore berriak garagardogileak. Hortik garagardo ezberdin eta berriak, lupuluak ematen dion ukitu berezi horretatik.

Lupulua oso landare indartsua da, eta jaio oso ondo jaiotzen dela dio Gorkak. "Beste gauza bat da, ordea, produkzioa. Inbertsio handiak egin behar dira, eta ondo neurtu behar da bidea, nahi den lupulina horretara heltzeko. Aurrez, entsegu asko egin behar da lekura zein barietate egokitzen den ikusteko". Barietate ezberdin ugari landatzen hasi ziren Arratzainen, eta ondo egokitu zirenekin egin zuten aurrera. "Landareak hiru bat urte behar ditu heltzeko, eta haren inguruko datuak jakin ahal izateko. Arratzainen hasi ginenean, ilara bakoitza barietate ezberdin bat zen". Egun hogeita lau barietate dituzte guztira hiru sail ezberdinetan. Sei bat barietate kantitate handietan, eta txikiagoetan gainerakoak. Magnum barietatea hazten dute Amasa-Villabonan nagusiki.

Ekologikoan egiten dute lan, eta modu horretan ari diren bakarrenetakoak dira merkatuan. Kataluniako BioLupulus ekimeneko kideekin elkarlanean aritzen dira. Klimagatik han edo hemen hobeto hazten diren barietateak elkarbanatuz.

Zazpi metroko zutabeak

Zutabeak dira lupulu landarea behetik gora hazteko oinarriak. Zazpi bat metroko altuera duten gatz mineralekin landutako pinuaren enborretik osatutako zutabeak. Guztira 42 daude Arratzaingo lurretan. 80 bat zentimetro lur azpian sartu, eta 6 metro pasatxo geratzen dira lurrazaletik kanpora. Zutabe horietan lerrokatutako kableatuan hazten da lupulua. “Lupulua rizoma bat da: sustraia, alegia. Sustraia lurrean landatu ondoren, udaberrian, martxo aldera ateratzen dira kimuak. Soka jarri behar zaio beheko kabletik gora, eta jaiotzen hasten denean kimu ugari ematen du. Hiruzpalau indartsuenak utzi eta gainerakoak moztu egiten dira landarea goruntz haz dadin", argitu du elkarrizketatuak. 

Uzta biltzeko, bestalde, sokak moztu eta makinaren laguntzaz bereizten dute konotik lorea. Behin lorea eskuratuta, lehortu egin behar da berehala. Prozesu hori da garrantzitsuena Gorkaren hitzetan, “ondo lehortzen ez bada, produktuaren kalitatea gal baitaiteke. Lupulua landatu, hazi, aletu eta lehortu egiten dugu, gero pellet bihurtzeko. Horixe da gure prozesua". Hiru modalitatetan saltzen da lupulua: freskoa, lehorra edo pellet-ean. Azken hori pentsu formatua da, txapala. Garagardogileek, oro har, formatu hori nahi izaten dute la nabarmendu du Gorkak, gordetzeko leku gutxiago behar duelako, eta epe luzera errazago mantentzen delako. 

Erreportajea osorik Aiurri hamaboskariaren 566. zenbakian

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

Berritasunaren ilusioa

Ainhoa Arozena 2020 ira 04 Amasa-Villabona

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!