Udaltzaingoarentzako Covid-19arekin lotutako udal protokolo zehatzik ez egotea kritikatu du EAJ-k

Aiurri 2020ko urr. 15a, 08:48

Amasa-Villabonako EAJ alderdiak adierazi duenez, "egoera horren erantzukizuna alkatearena da". Jeltzaleak kritiko agertu dira udaltzaingoarentzako udal mailako protokolo zehatzik ez egotearekin.

Hauxe EAJ-k argitaratutako oharra:

Udako oporrak baino lehen, EAJren udal taldeak, egiten ari zen ekarpenen ildotik, zenbait proposamen egin zizkion EH Bilduko gobernu taldeari, herritarren kontzientziazioari eta koronabirusaren aurkako araudia betetzeari buruz. Egindako proposamenetako batzuk (hiri erdigunean informazio panelak jartzea) nahiko azkar garatu ziren, baina ez beste batzuk, hala nola buzoneo bat egitea (hilabeteak behar izan dira hori gauzatzeko) edo berariazko informazio zehatza jartzea saltokietan eta ostalaritzako lokaletan (oraindik egiteke dago).

Udaltzaingoarentzat neurri espezifikorik ez zegoela zirudienez, informazio-eskaera bat erregistratu genuen urriaren 6an, jarduera-protokolo baten existentziaz eta haren ezaugarriez galdezka. Era berean, udaltzainek uztailaren 1etik gaur egun arte egindako zehapen-proposamenen kopurua ere eskatzen genuen.

Gure harridura handia izan da; izan ere, Euskadiko Udaltzaingoak Koordinatzeko Zentroak ezarritakotik eta Eusko Jaurlaritzak (Segurtasun eta Osasun Sailak) ezarritako irizpideetatik harago, gaur egun ez dago gure herriko behar eta egoera espezifikoetara egokitutako jarduketa-plan zehatzik; hau da, Udaltzaingoak gaur egun ez du bere lan-planean barneratuta COVIDaren “bigarren olatuari” eusteko bideratutako metodorik (ibilbide jarraituak kale nagusietan eta kutsatzeko arrisku handieneko guneetan, aforoak e.a.).

Eta gure harridura areagotu egin da, jakin baitugu 4 zehapen-proposamen baino ez direla erregistratu araudia ez betetzeagatik, uztailetik gaur arte. Gure ustez, jokabide hori ez da nahikoa. Gaur egun, edozein herritarrek ohartarazten du kaleetan zehar egindako ibilbide labur batean osasun publikoa arriskuan jartzen duten ez-betetze egoerak daudela (kaleetan biltzen diren distantzia sozialik gabeko pertsonak, maskarak gaizki erabiltzea, ostalaritza-establezimenduetan distantzia ez
betetzea, etab.). Eta, gainera, herritarrek ikusten dutena da udaltzaingoak ez daudela egoera horri aurre egiteko.

EAJ-PNVren udal taldearentzat bada garaia norabide hori aldatzeko. Alkatetzatik oso neurri zehatzak hartzeko garaia da, udaltzaingoak bere informazio-lana egin dezan lehenik, disuasio-lana gero, eta, azkenik, zehapen-proposamenak abian jartzeko, beharrezkoa bada. Beharrezkoa da alkateak gaiari buruzko neurriak hartzea (hobe da inoiz baino berandu) eta, bere eskumenen arabera, jarduteko protokolo espezifiko bat ezartzea.

Batez ere, banakako eta taldeko erantzukizunaren bidez erasotzen zaio koronabirusari, baina baita udaltzaingoak trafikoaren arloan aplikatzen dituen mekanismoak aplikatuz ere. Arlo horretan ezer ez egitea guztion osasuna arriskuan jartzea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!