BiHozkada taldeak amaitu du bere musika ibilbidea

Aiurri 2020ko abe. 14a, 09:08

Bost lagunek osatzen dute BiHozkada musika taldea: Iñaki Lizasok, Tomas Lizardik, Nahikari Callejak, Txomin Urdanpilletak eta Unai Aldasorok. Bost urteko ibilbideari agur esan diote, eta eskerrak eman dituzte ondoan izan dituztenei, hala nola familia, lagunak, tabernak, gaztetxeak edota aretoak.

Orain urtebete aurkeztu zuten 'Zure aurrean' lana Villabonako Gurea antzokian. Aiurri bertan izan zen eta argazki galeria zabala osatu zuen: [IKUSI ARGAZKIAK]

Ondorengo idatzia kaleratu du taldeak bere sare sozialetan:

BIHOZKADA 2015-2020

Bihozkada batez sortu zena, beste bihozkada batez amaitu da.

2015ean sortu genuen BiHozkada taldea, ilusioz-gogoz eta ondo pasatzeko helburuarekin. Euskaraz sortzea helburu, gure hizkuntza bultzatu eta gure barrenak eskatzen zigun hura gauzatzen saiatu gara eta neurri batean, bete dugula sentitzen dugu. Baina betirako denik, ia, ez dago. Eta BiHozkadaren ibilbidea amaitu da.

Hala ere, gure musika hor geratuko da, eta nahi duenarentzat betirako. Guretzat ziur baietz.

Hasieratik lagundu eta babestu gaituzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu, batez ere, familia, lagun, gaztetxe, areto, taberna, hedabide eta gurekin egon nahi izan duten guztiei.

Ate batzuk itxi behar omen dira beste batzuk irekitzeko. Guk, pena handiz gurea itxi dugu. Baina irekiko dira gehiago!

Mila esker guztioi!

Era batera edo bestera, ziur, elkartuko gara.

Berriz arte!

BiHozkada taldearen kantuak entzungai plataforma desberdinetan

[ENTZUN]

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!