"Covid-19ak ez gaitu hilko, depresioak baizik"

Aiurri 2021ko urt. 11a, 18:38

2020ko azaroaren 21ean egin zen ostalariei babesa adierazteko manifestazio zaratatsua.

Txurrut tabernako nagusietako bat da Mari Jose Irazusta eta Xiker tabernakoa Idoia Aramendi. Eusko Jaurlaritzak tabernak ixteko eman duen aginduaren inguruan beren ezadostasuna eta haserrea adierazi dute.

Bihartik aurrera berriro ere tabernak itxita, eta berriro ere ostalaritzaren sektoreari eragingo dio negozioak ixtearen aginduak.

Mari Jose Irazusta: Guk espero genuen Villabona itxi egingo zutela, azkenaldian nahikoa esaten ari ziren laranjan geundela. Espero, espero genuen, baino ez zaigu bidezkoa iruditzen. Itxi behar bada, itxi negozio guztiak. Zergatik tabernak bakarrik? Itxi behar bada denak itxi behar dira. Ez gara gu errudunak. Jendea erosketak egiten ari da saltoki-guneetan, Donostian, arropa nahiz zapatak erosten... Horietan ez dago arazorik. Hortaz, ez nago ados. Pentsatzen dut tartean interesak daudela. Oso haserre gaude.

Idoia Aramendi: Hitz gutxitan esanda, katxondeoa da.

Tabernak ixtearen agindua orain ordu gutxi jaso duzue, egun bat bera ere geratzen ez zaizuela nola antolatu erabakitzeko.

M. J. I.: Gaur esan digute albistea. Genero guztiarekin ez dakigu zer egingo dugun. Eskaerak eginda daude, berriro banatzaile guztiei deitu behar izan diegu eskariak ez ekartzeko. Horrela ezin gara egon. Ez gara gu bakarrik, atzetik jende asko dago. Langileak ditugu, berriro kalera bidali behar ditugu. Neurrigabekeria da egoera dena. Covid-19ak ez gaitu hilko, depresioak baizik. Egungo egoera osasunean eragiten ari zait, gorabeherekin nago, gaur ondo eta bihar gaizki.

Abenduan berriro tabernak ireki zenituztenetik, nola erantzun dute bezeroek? Egoeraren beldur dira?

M. J. I.: Etortzen direnek ez dute inongo arazorik; alderantziz, ireki dugun aldiro oso ondo egin dugu lan. Orain bezeroak eserita bakarrik egon daitezke. Taberna barruan eseritzeko lekurik ez  badago, terrazara joan behar dute, baina kanpoan egoteko giroa ez du egiten. Orduan zer pasatzen da? Jendea etortzen da, taberna beteta dagoela ikusi eta alde egiten dute, ez dutelako eserita egoteko lekurik; baina ez beldurra dutelako, baizik eta aforoa beteta dagoelako. Agian berriro bueltatzen dira tokia ba ote dagoen begiratzera. Horrela ezin dugu egon. 

Gainera, ordutegia murriztea guretzako askoz ere okerragoa da. Gutxienez gaueko hamarrak arte utzi beharko lukete. Orain arratsaldeko seietatik zazpiak bitartean etortzen da jende gehien, eta eskatu duten edaria estresatuta hartzen dute. Ordutegi zabalagoa utziko balute askoz ere txukunago egingo genuke lan. Guretzako hobeto eta bezeroentzako askoz hobeto. Dena aldrebes egiten ari dira. Guk dakigu ostalaritzan nola egiten den lana, Eusko Jaurlaritzak ez daki. Nik uste, dakienari galdetu beharko zaiola nola egin leiken. Ordutegia murrizteak aglomerazio gehiago sortu du.

Errege bezperan arratsaldeko seiak arte jarri zuten itxiera ordua, tabernak tope. Niretzako dena gaizki egiten ari dira. Tabernak zortziak arte daude irekitzea, baina eramateko janariaren bila gaueko bederatziak arte etor daiteke. Janaria eramateko bederatziak arte dagoenez, utzi bederatziak arte; horrela, jendeak etxeratzean eramango du janaria. Ekonomiko aldetik ez du konpentsatzen.

I. A.: Etorri den bezeroa lasai etorri da. Horregatik nik gauetan ez dut janaria eramateko zerbitzurik ipini. Ez dut sukaldaririk gauetarako.

Kalera irteteko ideian pentsatu duzue ostalarien artean?

I. A. : Oraindik ez, baina kalera aterata ere berdintsu izango da gero nahi dutena egiten dute eta. Niri iruditzen zait, denok ireki beharko genuekeela, baina denak ados jartzea oso zaila da. Nik uste irtenbidea hori dela, denok elkar hartu eta tabernak ireki.

M. J. I.: Guk langile gutxi ditugulako, baina guri pasatzen ari zaigun berdina pasako balitzaie enpresa handiei, 2.000 langiletik gora dituztenei, Eusko Jaurlaritzak esaten die enpresa itxi behar dutela, enpresariak esango dio negozioa itxiz gero langileak kaleratuko dituela. Albiste hori telebistan agertzea oso inpaktu handia da, hura ez dute itxiko. Gurea sentitzen da, baina ez da sentitzen. Nahiz eta tabernari asko elkartu ez da ikusten nik lau kaleratu ditut, bestek bost... Denera 2.000 langile baino askoz ere gehiago dira, orduan ez dugu zereginik. Lortzen ari direna da norberak norbere arazoekin nahikoa dugula sentitzea, eta modu horretan, egiten dutena da batasun hori kenduarazi. Hori nahi dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!