'Emakume zientzialariak' erakusketa inauguratu du Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2021ko ots. 11a, 14:15

'Bizilabe' izeneko programan hartu du parte Amasa-Villabonako Udalak eta helburua gazteak zientziara, matematiketara, teknologiara edota ingeniaritzara erakartzea da. Udalak bertan parte-hartzera animatu nahi ditu gazteak.

Gaur, Otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da eta Amasa-Villabonako Udalak omenaldia egin nahi izan die 'Emakume zientzialariak' izeneko erakusketaren bitartez. Udaletxeko arkupeetan egongo da ikusgai erakusketa otsailaren 18 arte. Helburua zientzia arloan lanean aritu diren eta errekonozimendua jaso ez duten emakume guztiak balorean jartzea da.

Lynn Margulis, Marie Curie, Sofia Kovalévskaya, Anne Jane Harrison, Sally Ride, Ada Yonath, Francoise Barré-Sinoussi, María Mitchell, Rosalind Elsie Franklin, Janaki Ammal Ek eta beste hainbat emakume zientzialari omentzen dira 'Emakume zientzialariak' erakusketan. 14 kartel topatu daitezke erakusketan, baina pixkanaka kopurua handitzen joatea nahi du udalak, beste kultura batzuetako emakume zientzialariei ere euren tokia egiteko.

Beatriz Unzue alkateak azaldu duenez, "erakusketaren bitartez nabarmendu nahi dugu zientziaren munduan emakumeen presentzia handitu bada ere, oso emakume gutxik izan dutela euren ekarpena egiteko aukera, edo karrera zientifiko bat egiteko aukera. Hori bidegabea da, emakumeen lana ere ezinbestekoa baita zientziaren eta etorkizunaren garapenean". Bestalde, emakumeek jarduera zientifikoan dituzten oztopoak gainditu eta ezabatu behar direla gehitu du Unzuek.

'Bizilabe' programa
Amasa-Villabonako Udalak 'Bizilabe' izeneko programan hartu du parte. Elhuyarrek eta Tolosaldea Garatzenek sustatu dute proiektua, eta helburua gazteak zientziara, teknogologiara, ingeniaritzara edota matematikara erakartzea da, "beren gaitasunak garatu eta jabekuntzan aurrera egiteko", adierazi du alkateak. Udalak herriko gazteak animatu nahi ditu 'Izan asmatzaile eta ikertzaile' leloa duen progaraman parte hartzera.

[Eman izena]

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!