T3T / T2T lasterketak

“Ibilbidean zehar ikusleen berotasuna sentitzeak indartu egiten zaitu”

Lierni Kamio billabonatarrak bigarrengoz parte hartuko du Tolosako 2 Tontorren mendi lasterketan. Lasterketaren aurretik dituen sentsazioak kontatu dizkigu.

Noiz eta nola hasi zinen mendian korrika egiten?

Betidanik kirolaria izan naiz, beti gustatu izan zait kirol ezberdinak probatzea, ez dut sekula kirolik baztertu izan. Beraz, mendia probatu nuen eta asko gustatu zitzaidan. Beti ibili izan naiz mendian oinez, baina ikasketak amaitu eta lana bilatzen ari nintzen horretan, ohitura handia hartu nuen mendira joan eta deskonektatzeko. Egiten nituen mendi buelta horiek korrika txikian egiten hasi nintzen pixkanaka. Nire burua geroz eta hobeto ikusten nuen eta kilometro gehiago egiten hasi nintzen, sentsazio hori izugarri gustatu zitzaidan. 

Bigarren aldia da lasterketa honetan parte hartuko duzula. Nola ari zara prestatzen oraingoan?

Duela bi urte hartu nuen lehen aldiz parte, eta orduan, gutxienez astean hiru aldiz saiatzen nintzen saio bat egiten. Orain aldiz, ez daukat denbora libre askorik, aurtengoak beste egoera batean harrapatu nau baina saiatzen naiz astean bi aldiz joaten, behintzat. Beti konpainian egitea gustatzen zait, jende ezberdinekin joatea. Bakoitzaren erritmoetara eta azkartasun horretara egokitzea gustatzen zait, nire errendimendua handitzeko, bestela zaila egiten zait nire burua estutzea. Beti gustatu izan zait kirolean sufrimendu horrekin ibiltzea eta sufrimendu horrek lagundu egiten dit ondoren sentsazio hobeak izaten. 

Mendian entrenatzerakoan 12 - 20 kilometro egiten saiatzen naiz. Denboraz estu nabilenean, asfaltoan entrenatzen dut eta normalean 8 kilometro inguru egiten ditut. Horrez gain ere, Crossfit-en eta dantzan ere banabil. 

Ze espektatiba daukazu? zein da zure helburua?

T2T lasterketa honek, dantzarekin bete-betean harrapatu nau eta ez dut denbora askorik izan. Hankak oso kargatuta sentitzen ditut, bolak oso kargatuta. Denbora gutxi izan dut entrenatzeko, baina daukadan helburua da, duela bi urte egindako denbora marka hori gainditzea. Gustatuko litzaidake behintzat, T3Tko lehen korrikalaria baino lehen iristea. 

Geroz eta emakume gehiago ari al da parte hartzen?

Nire ustetan, bai. Adibidez, duela bi urte parte hartu nuenean ez neukan nire inguruan parte hartuko zuen emakumerik. Karrera guztian zehar emakumeez inguratuta egin nuen eta emakume dezente ikusi nituen. Oraingo honetan aldiz, baditut inguruan parte hartuko duten emakumeak eta horrek poza ematen du. 

Zergatik gustatzen zaizu mendi lasterketen mundua?

Egia da nik ez dudala esperientzia handirik mendi lasterketetan, T2Tn soilik hartu dut parte. Baina zure buruari erronka bat jartzeko modua dela esango nuke. Sufritzea eta kilometro askoren ondoren sentitzen duzun sentsazio hori oso pozgarria da, barrena betetzen dizu. Jarritako helburuak betetzen ez badituzu ere, egindako esfrotzuak asko balio du eta konturatu gabe lanketa bat egiten ari zarela esango nuke.

Tolosako bi eta hiru tontorren lasterketa hau, hemen inguruko esanguratsuena da eta jende asko gerturatzen da ikustera, izugarria da hemen inguruan dagoen zaletasuna. Jende askok animatzen zaitu eta ibilbidean zehar ikusleen berotasuna sentitzeak indartu egiten zaitu. Nire ustez oso polita da eta egunerokotasunetik ateratzeko eta deskonektatzeko modu bat dela esango nuke. 

Erlazionatuak

"Nahi bezala noa igandeko lasterketara"

Amasa-Villabona

Igandean ospatuko da T3T / T2T lasterketak eta lehen aldiz hartuko du parte Gorka Menezo billabonatarrak. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!