T3T / T2T lasterketak

"Nahi bezala noa igandeko lasterketara"

Igandean ospatuko da T3T / T2T lasterketak eta lehen aldiz hartuko du parte Gorka Menezo billabonatarrak. 

Noiztik datorkizu zaletasun hau?

Denbora gutxiko kontua da, ez da asko mendian korrika egiten hasi nintzela. Lehen futbolean ibiltzen nintzen, baina hori utzi eta pare bat urte pasa nituen ia kirola utzita.  Koadrilako batekin mendian oinez ibiltzen hasi nintzen eta aldapan behera korrika jaistea probatu genuen, pixkanaka ibilbide osoa korrika egiten amaitu arte. Gustura aritzen naiz eta hori mantentzen saiatu gara.

Zerk bultzatu zintuen lasterketan parte hartzera? 

Ezin dut esan esperientzia handia dudanik honetan, bi lasterketa soilik egin baititut. Lehena, Loatzoko igoera izan zen eta sentsazio onak izan nituen, giroa asko gustatu zitzaidan. Ordutik lehiaketetan parte hartzeko grina izan dut baina Covid-19ak ez du askorik lagundu. Beraz, T2Ta froga bat izango da niretzat, gogotsu nago.

Nolako entrenamenduak egin dituzu?

Ez dut entrenamendu berezirik egin, karrerarik eduki gabe ere, astean hiru edo lau aldiz mendian ibiltzea gustatzen zait. Animoa eta denboraren arabera bide handiagoa edota txikiagoa egiten dut. Asteburuetan aldiz, ibilbidea luzeagoa egitea gustatzen zait eta ahal bada, konpainian. Beti ez da posible izaten, beraz, txakurra hartu eta bakarrik joaten naiz entrenatzera. 

Entrenatzerakoan kirol ezberdinak nahasten ditut, mendiko bizikleta, errepidekoa, mendian korrika edota asfaltoan. 

Zein da zure helburua iganderako?

Ustez nahiko ondo prestatu naiz, nahi eta espero dudan bezala noa lasterketara eta horrek asko lasaitzen nau. Irabaztera? hori ziur ezetz. Baina parte-hartzearekin, disfrutatzearekin eta denbora aldetik zerbait polita egitearekin konformatzen naiz. 

Pasa den urtean izena eman nuen baina egoera dela eta, bertan behera geratu zen. Hortaz, aurten da T2Tn parte hartuko dudan lehen aldia eta 24,5 km horiek probatzera noa. Iaz hiru ordu azpitik egitea zen erronka eta urte guztia entrenatzen pasa ondoren, aurreko urtean jarritako helburu hori bete nahiko nuke. 

Baduzu lasterketaren bat, bereziki egin nahiko zenukena?

Lehenik, proba hau ondo joatea eta egindakoaren gustura sentitzea nahiko nuke Datorren urtera begira T3Ta egitea gustatuko litzaidake, zergatik ez. Hasieran korrika hasten zarenean, ez duzu espero horrelako emaitzak lortzea, fisikoa eta erritmo horri eustea, eta lortutakoan poza ematen du. Beraz, gutxinaka froga zailagoak edota luzeagoak egin nahiko nituzke. 

Denbora gutxi daramat mundu honetan eta beti duzu egin nahiko zenukeen lasterketaren bat, Zegama-Aizkorri bat esaterako, baina oso urrun ikusten dut oraindik. Gainera niri, lehia puntu horrekin joatea gustatzen zait eta aldi berean disfrutatzea, beraz oraintxe ezingo nuke horrelako lasterketa batean parte hartu. Prestakuntza handia eskatzen du eta gehiegizkoa izango zen.  

Erlazionatuak

"Buruak fisikoak baino garrantzi handiagoa hartzen du"

Amasa-Villabona

Sufritzea lasterketaren parte dela dio Mikel Puga billabonatarrak, baina hala ere, disfrutatzeko asmoz doa hirugarren aldiz Tolosako 2 Tontorren me...
“Ibilbidean zehar ikusleen berotasuna sentitzeak indartu egiten zaitu”

Amasa-Villabona

Lierni Kamio billabonatarrak bigarrengoz parte hartuko du Tolosako 2 Tontorren mendi lasterketan. Lasterketaren aurretik dituen sentsazioak kontatu...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!