"48 urte daramat denda honetan lanean"

Soto bere merkatalgunean.

Eduarto Soto Soto elektratresnak merkatalguneko dendaria da. Datozen hilabeteetan itxiko du negozioa, segidarik emango dion inor aurkitu ezinik.

Zer dela eta itxiera? 

Erretiroa hartuko dugu. Emazteak eta biok egiten dugu lan hemen, bera ni baino 10 hilabete gazteagoa da, beraz, biok adinean gora goaz. Ez dugu inor negozioarekin jarraitzeko asmoarekin, ia negozio guztietan gertatzen den bezala. Kalea hutsik geratuko da, hilda. Inork bere gain hartu nahi ez dituen negozioak dira.

Dendaren azken sasoian murgildu garela esan daiteke?

2022ko maiatzaren 1era arte lan egingo dut zehazki. Egun horretan 66 urte beteko ditut eta nire azken lan eguna izango da. 

Noiz zabaldu zenuten negozioa, eta zein izan da zuen ibilbidea? 

Negozioa aitak hasi zuen eta nik 17 urte nituela zendu zen. Neronek hartu nuen bere lekua. Guztira, 48 urte daramat denda honetan lanean, produktu berdinekin eta sortu diren berrikuntzekin. 

Aldaketa asko bizi izan ditugu; indukzio-plakak 10 edo 12 urte dira asko jota merkaturatzen hasi zirela. Aspaldiko urte haietan ez zegoen halakorik, ezta mikrouhin laberik ere. Pentsa,  telebista zuri-beltzean ikusten zen. Aldaketa horiek guztiak bizi izan ditugu dendan bertan. Hasierako garbigailuak ez ziren oraingo automatikoak bezalakoak; lehen, “super automatikoak” bezala ezagunak ziren. Ura barrura bota eta arropa eta xaboia sartu besterik ez zen egiten. Ondoren, harraskan husten zen goma batekin. Horiek ziren saltzen ziren lehen.

Zer nolakoa da tokian tokiko merkataritza? 

Jende prestua da, esperientzia handikoak eta profesional oso onak. Hala ere, kontsumoaren esparrua asko aldatu da eta perfil hori aldatuz doa. Merkataritza mota guztietan gauzak aldatzen ari da: lehen familia-negozioak ziren, eta orain frankiziak edo talde handiak dira. Etxetresna elektrikoetan gu gara zerbitzuaren balio erantsia.

Amazon plataforman garbigailu bat erosten baduzu, etxeko atarian utziko dizu. Guk aldiz, garbigailua igo, muntatu, zaharra kendu eta guztia ondo jarriko dizugu. Hori da produktuari ematen diogun balio erantsia. Hori da ematen dugun zerbitzua, eskarmentuarena. 

Amasa-Villabona eskualdeko herrientzat erakargarria da. Lan asko egin duzue beste herrietako merkatarientzat?

Udalerrikoak dira bezeroaren erdia, eta beste erdia kanpokoa. Tolosatik eta  Donostiatik ere etorri da jendea erostera. Egia da hemengo jendea dela, Donostiara bizitzera joan direnak, edo bigarren etxea bertan dutenak. Ezagutzen gaituztenez, hona etortzen dira erostera. 

Eskertuta zaude billabonatarrekin?

Bai, oso eskertuta nago. Denda ixteak izorratzen nau horrexegatik, herritarrak zerbitzurik gabe utziko ditudalako. Denda handiek eskari handiena duten produktuak salduko dituzte, beste produktuak alde batera utziz. Adibide bat jartzearren, BM edo Eroski supermerkatuetara pilak erostera joan ezkero, lau modelo bakarrik izango dituzu, pila bereziagoak direnak ez dituzu aurkituko, ez baitira bertan saltzen. Haientzat ez dira interesgarriak, horregatik ez dakit nork salduko dituen azukrea neurtzeko beharrezkoak diren pilak eta horrelako aparatu bereziagoak. 

Zer saltzen zen lehen, gehiago? Eta orain?

Garbigailua da artikulu garrantzitsuena, horrek ematen du diru gehien. Azkarren desagertzen ari den artikulua, aldiz, irrati-aparatuak da. Jendeak geroz eta gutxiago entzuten du irratia, eta entzuten badu, eskuko telefonoen bitartez izaten da. 

Zer esango zenieke?

Eskerrak eman, besterik ez. 

Zerbait gehiago esango zenuke?

Villabonan bizitzen jarraituko dut, eta pena handia ematen dit saltokirik gabe geratzeak, herrian asko nabarituko dugu, baina, espero dut zerbait berria sortzea. 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 591. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

"Lehen ez zegoen horrenbesteko lehiarik"

Amasa-Villabona

Gurasoek 37 urte egin zituzten CID bitxitegian lanean, eta ondorengoek 21 gehiago. Eskualdatu nahi dute negozioa, bestela betiko itxi beharko dute....
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!