Amasa-Villabonako Udal gobernuak bere kezka eta ezinegona plazaratu du Renfeko arazoengatik

Aiurri 2022ko urt. 12a, 13:01

Irun-Brinkola RENFEko aldirietako zerbitzuan gero eta ohikoagoak diren atzerapen eta etenaldiengatik eta tren zerbitzu publiko honek bizi duen egoeragatik Amasa-Villabonako udalak kezka eta ezinegona azaleratu du. 

Udala herriko hainbat erabiltzailerekin harremanetan jarri ondoren, egiaztatu du batez ere azken hilabeteotan trenen ordutegiak ez direla betetzen ari eta atzerapenak gero eta gehiago ematen direla. Atzerapen horiek, askotan hamar minutukoak izaten dira, baina kasu batzuetan hamabost edo hogei minutukoak ere izaten dira. Gainera, zenbaitetan zerbitzuak bertan behera geratzen dira.

"Guzti hau gutxi balitz, RENFE egoera honetan egiten ari den kudeaketa kaskarra salatu behar dugu. Erabiltzaileei ez zaie informazioa ematen, sarritan pantailak eta teleadierazleek ez dute funtzionatzen, megafoniak ere ez ditu argibideak ematen..." adierazi du udalak. 

Guzti honek zerbitzuaren kalitatea nabarmenki jaistea dakar, herritarrei, eta batez ere garraio zerbitzu publiko honen eguneroko erabiltzaileei kalte eta traba nabarmenak sortuz. "Penagarria da duela gutxi arte kalitatezko zerbitzu fidagarri eta puntuala izan dena, orain egoera honetan egotea, ziurgabetasuna nagusi delarik."

Egoera honen aurrean, Amasa-Villabonako Udalak zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko berehalako neurriak hartzea eskatzen dio RENFEri eta garraio publiko honen ardura duen Gobernu Delegaritzari. Obrak direla eta zerbitzuan murrizketak eta aldaketak egotea saihestezina bada, erabiltzaileei, gutxienez garaiz eta modu argian informatzea eskatzen du udalak, ahalik eta kalte txikiena eragiteko. 

Udal ordezkariak kaltetutako erabiltzaileekin bildu dira

Pasa den abenduaren 21ean Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde alkateordea RENFEko aldirietan gertatzen ari denari erantzuteko Gipuzkoan sortu den "Plataforma de usuarios perjudicados por el tercer hilo" elkarteko ordezkariekin bildu ziren Villabonako udaletxean. Elkarteko kideek egoeraren berri eman zieten udal ordezkariei eta azken urteetan batez ere Donostia eta Irun arteko aldirietako tren zerbitzuetan gertatu diren etengabeko atzerapen eta suspentsioek eragindako kalteak azaldu zituzten.

Donostia inguruan garatzen ari den "hirugarren haria" izeneko proiektuaren ondorioz, azken 4 urteetan etengabeko obrak egin dira Errenteria eta Irun artean eta dirudienez, obra horiek jarraipena izango dute Hernani eta Donostia arteko trenbide zatian. Honek zalantzarik gabe aldaketa berriak (zerbitzuaren murrizketak, atzerapenak...) eragingo ditu aldirietako zerbitzuetan eta hori oso kezkagarria da Amasa-Villabonako udal gobernuarentzat. Badirudi egoera hobetu beharrean, okerrera joan daitekeela, zerbitzuaren kalitatea eta maiztasuna nabarmen kaltetuko delarik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!