Osasuna gizarteko esparru edo alor garrantzitsuenetako da, alabaina, gizartean ematen diren aurreiritziak eragiten dute bertan; "Zientzia gizakiak sortzen du; hala, gizakiak batzuetan ez du errealitatea objektiboki aztertzen edo ikusten. Sinesmenek eragiten dute eta hori, osasun arloan ere ikusi eta antzeman daiteke" azaldu du Labakak.
Irakasleak sinesmenaren kontzeptua argiago azaltzeko, "Genesia"-ren irudia erabili du; Biblia liburuan kontatzen denez, jainkoak gizona sortzen du eta gizonaren saihetsetik emakumea sortzen da. Emakumea gizonaren kopia den sinesmen hori gizartean oso barneratua dagoela adierazi du irakasleak eta errealitatea guztiz bestelakoa dela azpimarratu, "Fisiologikoki emakumeen arteriak kalibre finagoa dute, eta horrek sintomatologian eragin zuzena du, sintomatologia desberdina izango dute emakume edo gizona izan. Desberdintasun hori ez bada kontuan hartzen, ez gara gai izango ondo diagnostikatzeko"
Tratamenduei dagokienez, medikamentuek edo sendagaiek eragin desberdina izaten dute sexua emakumezkoa ala gizonezkoa izan, baina, gizona denez erdigunea, farmakoak sortzerako garaian, esperimentuak arratoi arretan eta gizonezkoetan bakarrik egiten direla zehaztu du. Farmako horiek, gero, gizartera bideratzen dira eta askotan, emakumeetan albo-ondorioak eragiten dituzte."Merkatutik erretiratzen diren farmakoen %80a, biztanlerian albo-ondorioak eragiten dituztelako izaten da, eta albo-ondorio horiek emakumeetan gertatzen dira."
"Protagonista gizonezkoa da, eta emakumea gehigarria" ideia eta sinesmen horren baitan, gaixotasun bat diagnostikatu eta tratatzerako garaian, gizonezkoaren sintomak bakarrik hartzen dira kontuan sintoma ohiko bezala. Beraz, gaixotasunak diagnostikatzerako garaian, emakumeen ohiko sintomak ez dira kontuan hartuko nahiz eta gaixoa emakumezkoa izan.
Adibide bat jarri du Labakak: bihotzeko bat jasatearen ohiko sintoma bularrean presioa sentitzea eta mina ezker besoan izatea da, baina, sintoma ohiko hori, gizonen sintoma izaten da. Emakumeetan, bihotza txikiagoa denez, sintoma ohikoak desberdinak izaten dira; arnasa hartzeko arazoak, lepoko mina, ondoeza edo sabeleko mina... Gizonaren sintoma hartzen denez ohiko bezala, emakumeari ez diote bihotzekoa diagnostikatuko.
Horregatik, gizona erdigunea denaren ideia kultural horregatik, osasunean lanean diharduten profesionalak aurreiritziekin eta sexismoarekin egiten dutela lan aitortu du irakasleak eta arazoaren errora ia inoiz iristen ez direla. Honenbestez eta amaitzeko, Labakak tinko adierazi du oso garrantzitsua dela emakumeek jasotzen duten tratua salatzea "behetik gora aldatzen baitira gauzak, inoiz ez goitik behera".