Hogei urteko espetxealdia betetzear zela askatu dute Emilio Salaberria Etxebeste billabonatarra

Jon Ander Ubeda 2022ko mar. 20a, 09:27
Aiztondora ekimena, 2017ko urdazkenean. Eskuineko afitxan, Emilio Salaberria

2002ko martxoaren 25ean atxilotu eta bere garajean ETAren artsenal bat izatea egotzita, Madrileko Soto del Real espetxera eraman zuten. Espainiako kartzela ezberdinetan izan eta gero, azken bi urteak Martutenen eman ditu. Atzo irten zen, eta atean zain zituen etxekoak.

Etxerat ekimenak atzo zabaldu zuen argazkia.

Etxeraten Oharra: "Emilio Salaberria Etxebeste preso politiko villabonarra aske geratu da 20 urteko zigorra bete ondoren. Azkenengo bi urtetan hirugarren graduan izan da Salaberria. Martuteneko espetxetik atera da gaur. Ongi etorri Emilio! Bat gutxiago!".

 

2002ko martxoaren 25eko albistea Aiurrin

 

Goizeko 04:30etatik hasita, Goardia Zibilaren patrol ugari ikus zitekeen inguruetan. Emilio Salaberria herritarraren etxea miatu zuten eta baita bere garajea ere. Emilioren amak adierazi zuenez, "eztanda bat entzun genuen eta atea bota zuten. Baimenik erakutsi gabe sartu ziren etxean hamarren bat Goardia Zibil eta etxe osoa miatu zuten. Logelan nuen argazki bat eraman zuten eta baita kaja bat ere". Bizilagunek hotsak entzuten zituzten arren, zer gertatzen ari zen ez zekitela adierazi zuten "mirila eta zerraila estali zizkiguten, ezin genuen etxetik atera eta hots izugarriak entzun arren, ez genekien zer gertatzen ari zen". Etxetik garajera igaro ziren eta miaketa lanekin jarraitu zuten bertan, goizeko 10:30ak aldera, Emilio kotxe batean sartu eta Madrilera eraman zuten. Garai horretatik aurrera ere izan zen nahikoa mugimendu inguruan. Komunikabide ezberdinetako kazetariak ia arratsalderarte etxe inguruan izan ziren gertakarien berri gertutik emanaz. Orduak aurrera, Emilioren garajean poliziaren iturriek ETAren artsenal bat antzeman zutela adierazi zuten.

Liskarrak Ertzaintzarekin

Gertakarien ostean, Batasunak batzarra deitu zuen iluntzeko 20:00tan Errebote plazan. Bilgunean, egunean zehar gertatutakoaren berri eman zen zehaztasun handirik gabe, Emilio inkomunikatuta baitzegoen eta inork ez baitzekien haren berririk. Batzarraren ondoren, manifestazioa egin zen herriko kaleetan barrena eta Kale Berriaren amaierara iristerako Ertzaintzarekin topo egin zuten manifestariek. Ertzaintzak manifestazio hura kaleratu ahal izateko arduradunen baten izena eskatu zuen, eta arduradun guztiak zirela azaldu zien manifestariek. Kontuak horrela, manifestarien aurka kargatu zuten eta herritar bat zauritu zen liskarrean.

Emilio espetxeratua

Espetxeratua Madrileko Soto del Real espetxean preso dago egun eta joan den asteburuan, familiako kideek lehen bisita egiteko aukera izan zuten. Lehen agerraldi horretan nahikoa animatuta ikusi zutela jakin ahal izan zuten. Oraindik inork ez daki noiz izango den epaiketa, luze joko omen du seguruenik.

Udaleko ordezkari politikoek mozioa adostu zuten

Euskal Herriak bizi duen egoera kontuan harturik, beste herrietan ez bezala, Udaleko ordezkari politiko guztiel mozioa adostu zuten. Ahobatez onartu zen mozioan Emilio Salaberriaren familiari elkartasuna adierazten zitzaion batetik. Bigarren, Emilio eta gainerako atxilotuen errugabetasun aurresuposizioa aldarrikatu eta gaiak komunikabideetan tratamendu obiektiboa izan dezan eskatzen zen. Goardia Zibilaren eskuetan, inkomunikatuta, atxilotuek jasan zezaketen tratuagatik kezkaturik, egoeraren jarraipen zehatza egiteko konpromezua hartu zuen Udalak hirugarrenik. Laugarren, Udalak espainiar eta frantziar estatuen aurrean, Euskal Herriari zor zaizkion eskubideak aitortu behar direla aldarrikatu zuen. Ahobatez onartu ziren era berean, beste puntu hauek ere: "Gizakion eskubide eta pertsona eta herri guztien askatasunaren alde egitea, inolako bereizketarik egin gabe. Euskal Herriari dagokion askatasuna biolentziaren bidez lortuko ez dugula uste dugu eta baita bide politiko eta demokratiko hutsei eutsi behar zaiela ere. Euskal Herriko arazo politikoa elkarrizketa bidez eta politikak eta demokraziak dituen bitartekoekin konpondu behar dela irizten diogu".

Atxilotu eta egun berean egin zuten elkarretaratzea, Amasa-Villabonan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!