Jose Joakin Ayestaran "Katteka" zendu da

Aiurri 2022ko api. 1a, 12:30

Ane, Margari eta Joxe Joakin 2010eko argazkian (Remi Gogoan liburutik)

Billabonatarra aski ezaguna zen udalerriko gizarte bizitzan.

2009an zendu zen Remi Udal ordezkariaren aita zen. Gertaera hark sekulako eragina izan zuen udalerrian, eta nola ez Ayestarandarren etxean. Jose Joakin Ayestaran Uranga 'Katteka' ezker abertzaleko kidea zen, eta Sortuk gaurkoan gogoan hartu du:

 

2010ean Remi gogoan argitalpen berezia argitaratu zen, eta bertan aurki daiteke gurasoen eta arrebaren lekukotza.

Remi Gogoan liburutik:

Jose Joakin Ayestaran Uranga 'Katteka' eta Margari Olano Balerdi gurasoek nahiz Mikel eta Ane anai-arrebek oroitzapen eder asko gordetzen dute eta haietako batzuk maitasun osoz azaldu dituzte, paperean gordeta gera daitezen.

Lehenik eta behin, oso mutil irekia zela adierazi dute eta txiki-txikitatik izan zela halakoxea. “Eskolan hasi aurretik maisuarekin egongo zela esaten genion etxean eta andereñoa egokitu zitzaion. Hasi berria, gainera. Eskolara joan zen aurreneko egunean ‘non dago maisua?’, galdegin zion andereñoari. Maisurik ez zegoela, baina gelara sartu nahi ote zuen galdetu zion hark eta baietz erantzun zion Remik. Irakaslea oraindik ere gogoratu egiten da pasarte hartaz eta lasaitasun handia eman ziola esaten du”. Lagunekin bezala ezezagunekin ere lasai ederrean aritzen omen zen jolasean eta pertsona helduagoekin elkartzea txikitatik gogoko zuela aipatu dute etxekoek, “Dantzari Txiki egun batean, sei-zazpi urte zituela, kanpotik etorritako dantzari helduenak ekarri zituen etxera bazkaltzera: 14 eta 15 urteko bi mutil. Haiekin atera zen bazkalondoan kalera, bai gustura!”. Saltsa guztietan parte hartzea gustatzen zitzaion eta dantzan ez ezik, musika eskolan ere ibili zen, baita futbolean ere. “Egia esan, futbolean jolastu baino gehiago, baloiak biltzen zituen. Behin, jolasten ikusi behar genuela eta hantxe joan ginen larunbat goiz batean. Bere indar guztiarekin hasi zen, baina zorte txarra izan zuen: bere atean sartu zuen gola”, gogoratu du irribarretsu amak. Egiako futbol zelaia gustatzen zitzaion gehien, “zelaiagatik baino gehiago, han ematen baitzuten ogitartekorik handiena”, aitaren hitzetan.

Villabonarekiko lotura, umetatik

Izan ere, izaera irekiko mutila izateaz gain, txiki-txikitatik oso jale ona zela nabarmendu dute gurasoek, “ume zela, sukaldeko entzimerara joan eta kazuelakoa probatzea gustatzen zitzaion. Mahaia dotore jarrita ikusten zuenean, korrika etortzen zen. Denetarik jaten zuen”. Helduagotan ere jateko zaletasuna mantendu eta elkartean bazkari edo afariak egitea oso gustuko zuen. “Jatea gustuko zuen, baina baita jendartean egotea ere”, amaren esanetan. Jaioterriarekiko lotura edo sentimendua oso umetatik zetorkiola jakinarazi dute Margarik eta Kattekak, eta pasarte adierazgarrien bidez azaldu dute atxikimendu hori, “ume zela, behin batean, galdu egin zen Donostiako hondartzan eta bere burua bakarrik ikusi zuenean, ‘ni Villabonakoa naiz’, ‘ni Villabonakoa naiz’, esaten zien gerturatutako guztiei”. Trenean gertatutako pasarte bat ere aipatu dute: “Tarteka Atotxara joaten ginen Reala ikustera eta behin trenean gindoazela, mutil batek nongoa zen galdetu zion: -Zu nongoa zara? –Ni? Villabonakoa. -Eta non dago hori? –Euskadin”, Remiren erantzuna.

Ikasketen arantza barruan

14 urtera arte ikasi zuen Villabonako Fleming eskolan eta Tolosako institutura joan zen gero. Han lau urte egin eta Burgosera abiatu zen arkitektura teknikoa ikastera. Gurasoek azaldu dutenez, “ikasi baino, oso ondo pasa zuen Burgosen; pentsa, gai bakarra gainditu zuen bi urtean. Orduan Villabonara etortzeko esan genion eta itzuli zenean, Egunkaria banatzen hasi zen aurrena. Gerora administraritza eta finantzen modulua egin ondoren, etxean hasi zen lanean”. Ane arrebak, ikasketak amaitu ez izanaren arantza barruan geratu zitzaiola uste du, “aukera izan eta ondo aprobetxatu ez izanarena. Anai-arrebok asko bultzatzen gintuen ikastera eta, bera ere, arantza hori atera asmoz, azken urteotan irakasle-ikasketak egiteko gogoz zebilen”.

Alaia eta baikorra

Anek bi anaien umetako bihurrikeriak oroimenean ditu. “Behin, Mikel eta biak sukaldera etorri zitzaizkion amari oso kontentu: ‘Ama, su gainean ibili gara eta ez gara erre!’, esanaz. Oinetara begiratu eta haiek erre ez baziren ere, zapatilak kiskalita ekarri zituzten”. Gurasoek Sorian igarotako udako oporrak ekarri dituzte gogora, “Remik lau urte zituela eta Mikelek bakarra Soriara oporretara joan ginenean, hango apaizak euskaraz ikasi nahi zuela eta ura euskaraz nola esaten zen galdetu zion Remiri. –Insalus, erantzun zion Remik”. Kanpandorreko dorreraino igo ziren apaizarekin batera, Remik zikoinaren habia gertutik ikusi nahi zuelako. “On Felipe apaizaren oso laguna egin zen Remi, Felipe deitzen zion berak. Herri txiki hartan jende askoren laguna egin zen, fenomenoa zen horretan”. Kanpoan bezala, baita jaioterrian ere, “helduagotan, herriko ekintza ezberdinetan parte hartu zuen. Villabonatik sortzen zen guztiarekin egiten zuen bat eta sekula ez zuen inolako disgusturik eman. Ez zuen inorekin liskarrik izan”. Arrebaren esanetan, gero eta pentsaera ezberdineko herritar gehiagok parte hartu, gusturago egoten zen anaia. “Iritzi ezberdinak entzuten zekien eta gustatu egiten zitzaion gainera”. Gurasoen ustez, borondate oneko mutila zen eta horregatik iristen zen hainbeste jenderengana. Oso mutil alaia eta irekia izateaz gain, egoskorra ere bazela aipatu du Anek eta zerbait aldatu egin behar zela iruditzen bazitzaion, aldatu egiten zuela. “Sinisten zuena egiten zuen. Kritikoa eta naturala zen, edozeinekin hitz egiteko gaitasuna zuen. Oso mutil ona zen baina, baita zirikatzailea ere. Anaia zaharrenaren papera betetzen zuen eta Mikel eta biok ederki zaintzen gintuen. Non eta nola genbiltzan jakitea gustatzen zitzaion eta guri baita bere onespena edukitzea ere”. Amak semearen alaitasuna eta baikortasuna azpimarratu ditu, “edozein arazoren aurrean aurrera begiratzen zuen beti”.

Familiarekiko maitasuna

Lagunartea eta bereziki familia asko maite zituen Remik, erreferentzia handia ziren beretzat. Amak ondo gogoan du etxeko ordutegia beti errespetatzen zuela eta etxeko guztiak gauez elkartzen zirenez, afaltzeko garairako etxean izaten zela beti. “Gu berandu etortzen baginen, afaria prest izaten zuen berak. Iluntzean bileraren bat bazeukan, afal ordurako bukatu eta etxeratzen ahalegintzen zen”.

Zaletasunen artean, umetatik zezen zalea zela aipatu dute eta aitonarekin sofan eserita ikusten zituela. “Urtebete egiterako ikusi zuen lehenengo entzierroa eta geroztik, ez zuen sekula bakarra galdu. Ilusio handia izaten zuen Santio jaietan zezenak ekartzeko eta gaia ondo lotuta izatea gustatzen zitzaion. Zezenekin batera, danborrada, koadrilen eguna edo konpartsa herrikoia oso gogoko zituen”. 

Iaz, ordea, ez zen koadrilen eguneko bazkarira joan, lanez gainezka zebilelako. Ane arrebak, egoera politikoak eraginda, festetan kezkatuta ibili zela adierazi du: presoen argazkiak zirela, azken eguneko elkarretaratzea zela… Jaiak amaitu eta lasaitzeko gogoa zuela gaineratu du arrebak, baina ez zuela aukerarik izan. “Uztailaren 31n, berak sinisten zituen eskubideak defendatuz hil zen; bera hil eta lau hilabetera anaia espetxeratuko zutela jakin gabe”. 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!