Gazteen arteko sega txapelketa larunbat arratsaldean, Amasako Txakolin Egunean

Ainhoa Gil 2022ko ira. 15a, 22:12

Goizean Villabonan eta arratsaldean Amasan, azoka eguna izango da larunbatekoa.

Larunbat arratsaldez Getariako txakolina izendapeneko txakolinak dastatu ahal izango dira. Aurrez, sega txapelketa herrikoia egingo dute.

Larunbat arratsalde bete-betea izango da Amasako plazaren inguruan. Badira zenbait urte Txakolin eguna martxan jarri zenetik eta nabarmen hazi da ekimena bere sorreratik. Getariako Txakolina izendapeneko txakolin guztiak dastatzeko aukera izango da aurtengoan. 

Sega txapelketa herrikoia

17:30ean hasiko da txakolin dastaketa baina aurrez, 16:30ean hasita, ikuskizun berezia prestatu dute amasarrek. Bertako hamaika gazte segan lehiatuko dira, ikuskizun bikaina eskainiz. Andoni Zuriarrain, Jokin Etxeberria, Garikoitz Etxeberria, Aitor Otamendi, Mikel Arretxe, Kepa Nazabal, Jon Beldarrain 'Aizperri', Arkaitz Arretxe, Joseba Astiasaran, Mikel Otaño eta Kepa Otegi arituko dira segalari lanetan. Hiru txandatan banatuta ekingo diote lehiari. Sega proba nazioarteko eran egingo da; alegia, azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dira kontuan. Sailkapen proban 100 metro koadroko saila ebaki beharko du segalari bakoitzak. Lau segalari hoberenak finalera igaroko dira; eta bertan, 200 metro koadrokoa izango da ebaki beharreko saila. Amasako plazaren alboko belazean jokatuko dute txapelketa.

Irailak 17, larunbata

16:30 I. sega apustua.

17:30 Txakolin dastaketa. Txakolin dastaketa eta bi pintxo, 5 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!