Txomin Garmendia, iturri emankorreko bertsolaria eta idazlea

Xabier Lasa 2022ko ira. 16a, 13:54
Iriondo eta Garmendia, Radio Popular irratiaren garaian

Bertsokera zaharreko adibide garbia izan da Garmendia. 50. hamarkadan ekin zion bertsogintzari, eta 1965, 1967ko, 1980ko eta 1982ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaletan kantatu zuen. Bestalde, idazle oparoa izan zen, eta plazaz plazako ibilerak eta bertsoak biltzen dituzten hainbat liburu utzi ditu irakurleen eskura. Gaur arratsaldeko 19:00etan bere aldeko hileta elizkizuna egingo da, Amasa Villabonan.

88 urte zituela hil da Txomin Garmendia (Berrobi, 1934). Maria Karmen Ugartemendia zuen emaztea, eta bikoteak bi seme, Joxe Manuel eta Mikel. Hileta elizkizuna Villabonako Jesusen Bihotzaren elizan, gaur, ostiralarekin, arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo da. Aurrez, gorpu beila, Villabonako Vascongadas Ehorzketak beilatokian egongo da, goizez 13:00ak arte eta arratsaldez 16:00etatik 18:30era.

Plazaz plaza ibili ez ezik, Garmendiak konta ezin ahala liburu, artikulu eta bertso utzi ditu idatzita. Guzti horietan, bere pentsamendua eta mundu ikuskera ez ezik, mende erditik gorako bertsogintzaren historia islatzen jakin zuen.

Pixkana-pixkanaka badoan bertsolarien belaunaldi zehatz bateko ordezkari fina izan da. ezaugarri bereziko belaunaldia: eskolan ikasle gisa urte gutxitan ibilitakoa, nekazari giroan hezia, autodidakta bertsolari gisa (bertso eskoletan ez baizik eta taberna eta lagun giroan ofizioa ikasita), bertsokera jakin baten jabe (errimak, puntuak, arrazoiak...).

Ogibide ugariko gizona izan zen Garmendia: arotz, taxista eta liburu-saltzaile, batik bat. Herrigintzan ere ekarpen handia egin zion bere jaioterriari, izan ere hiru legealditan alkatea izan baitzen, 1979az geroztik. Azken hamarkadetan Amasa-Villabonan bizi izan zen.

Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzea helburu duen Ahotsak egitasmoan bere lekukotza eman zuen.

 

Txapelketetan parte hartzaile

Berrobin bertan, 1952an ekin zion jendaurrean kantatzeko ibilbideari, Antonio Mari Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Joakin Mitxelena lagun zituela, eta makina bat plaza egin zituen.

Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatu izan zuen, lau txandetan hain zuzen, 1965, 1967, 1980 eta 1982an, eta guztietan iritsi zen finalera.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, berriz, 1962, 1964, 1967an jardun zuen. 1967koan txapela jantzi zuen.

Aurrez, 1959an, Gipuzkoako gazte mailako txapelketako txapela jantzia zen.

Bestalde, Gipuzkoan 1999an jokoan jarri zen Herri Artekoen Txapelketako protagonistetako bat izan zen, Erniope taldearekin batera. Garmendiak, Jon Ander Esnaola, Aitor Usandizaga, Jon Zaldua, Amaia Agirre, Jexux Mari Irazu eta Zigor Leunda gazteekin osatu zuen taldea; finalera iritsi zen taldea.  

 

Erniope taldeko kideak. Zutik, Jon Ander Esnaola eta Aitor Usandizaga. Eserita: Jon Zaldua, Amaia Agirre, Txomin Garmendia eta Jexux Mari Irazu. Zigor Leunda falta da argazkian.

 

Berezitasun asko bildu zituen txapelketa izan zen hura: belaunaldi ezberdin elkarrekin nahasteaz gain (zaharrenak 71 urte, gazteenak 18), tradizio eta estilo anitzeko bertsokerak plazaratu ziren lehia berean.

Erniope eta Hiruerri bertsolari taldeak lehian Gipuzkoako txapelketan, 1999an. Kantari, Millan Telleria.

 

Bere bilbide luzean, hiru sari irabazitakoa zen Garmendia: Aginaga (1959), Errege Eguneko Saria (Donostia, 1962) eta Loiolako Herri Irratia Saria (Azpeitia, 1962).

Joxe Mari Iriondo Loiola Irratiko esataria gaia jartzen eta Txomin Garmendia adi-adi, honek Loiola Irratia Saria 1962an irabazi zuenean  (Argazkia: Loiola Irratia).

 

Idazle oparoa

Idazteko zaletasuna 80ko hamarkadaren hasieran piztu zitzaion, auto istripu bat eduki ondorenean, eta hainbat liburu idatzi zituen geroztik, Auspoa argitaletxearekin ia beti.

Batik bat, bertsogintzan plazaz-plaza egindako bere ibilbidea azaltzen zituen kronikak –bertsoekin tartekatuta– plazaratu zituen; hala nola, Bizitzaren arian (1982), Denbora pasa (1982), Gipuzkoan Biotz-begietan (1983, (1983, Iñaki Linazasororekin elkarlanean, Gipuzkoako Aurrezki Kutxarekin argitaratu zuen), Bersolari-kurpilla (1984), Erririk-erri (1984), Beltzak eta zuriak mendian ardiak (1985)

Nobelagintzaren bidetik ere animatu zen, hain zuzen Bordaberria (1983) izan zen hori.

 

Artikulugilea

Garmendiak gogoko zuen zutabegilearen ofizioa, eta makina bat artikulu idatzi zituen komunikabide desberdinetan; Aiurri hamaboskarian, mordoa. Zaletasun horretaz eta beste hainbat kontuez jardun zuen Aiurri aldizkariari 2010eko otsailean eskaini zion elkarrizketan.

Hona dakargu udazkena inspirazio zuela idatzi zuen bertso-sorta, gero Aiurrin argitaratu zuena, 2012ko abenduaren 14an, 400 zenbakian:

UDAZKENA

1.- Jantzi ederra zuten zugaitzak 

gelditu dira billutsik,

itzal ederra zuten adarrak 

ikusten ditugu utsik. 

Orain ez dago udaberrian 

gendun kukuaren otsik, 

basurde eta antzeko batzuk

ibilli litezke pozik; 

baldin zer jana baldin badute 

ez dute izango otzik. 

 

2.- Osto berde ta eder ziranak 

biurturikan orbela,

zugaitz azpian dagon zorua 

bapo estaltzen dutela. 

Da jostagarri izan liteke 

txit egoaize epela, 

usoak berriz ikusi leizke 

bandatan dijoazela; 

ez dago beste arrazoirikan 

negua badatorrela. 

 

3.- Santa Luzia etorri arte 

moztu ta moztu egunak,

jai aundiak bidean dira, 

nunnaitan peri jardunak. 

Oietan ere luzituko du

urte ona izan dunak,

baiña samin da negarrak dira 

sarri emen ditugunak;       

etekin gabeko ametsak ziran 

udaberriz genitunak. 

 

4.- Eguberritako loteri orrek 

piztu itxaropen danak,

txerri goseak ezkurra 

amets oiek dira gure lanak. 

Baiña zorion orren jabeak

izaten dira bakanak,

da suerteak izaten ditu 

lenago asko zeukanak; 

gero millaka osasunakin 

konpormatutzen geranak. 

 

5.- Mundua gaizki dabillelako 

beti bildurrez gaude gu,

baiña borondate on batekin 

zerbait ondu dezakegu. 

Baldin sinistu izan ezkero 

badago zeiñi erregu, 

asko goxatuko ditugu bai 

nola udazken da negu; 

Belenen jaioko zaigun Ura

 gogoan baldin badegu. 

 

6.-Baiña gaur zeiñek sinisten degu 

Belenen jaio zan Ura?

Jainko semea gu salbatzeko 

etorri zala mundura? 

Sinisten ez degulako gabiltz 

sarri gabiltzan modura,

guk daukagun maitetasuna b

akarrik dago dirura; 

orrekin goaz zorionera 

orrekin goaz zerura. 

 

7.- Udaberrian danok gerade 

sasoiko eta saltakor,

baiña udazkena etorritzean 

jarritzen gera pentsakor. 

Kideko bat gaixo ikusi leike, 

“bestea ilda dago or”, 

danok bukatu bear degula 

aitortu dezagun jator; 

gure bizitzan azkena ere 

udazkenan gisa dator. 

 

8.-Udazken onek ainbeste gauza 

ekartzen ditu gogora,

orain ez degu udaberrian 

gendun arrenbeste lora. 

Nere galdera hauxen da berriz: 

“Zer izango da gerora?” 

Laguntza premiz izan gindezke 

jakin bearko da nora; 

il aurretikan izan dedilla 

konbertitzeko denbora. 

 

9.- Ainbat alderdi jarri zizkigun 

guretzat Jaungoiko onak,

oiek burura ekarri dizkit 

pentsamentuan egonak. 

Sarri urruti ikusi arren 

nai ditugun zorionak, 

beste izketik ezin asmatu 

fede batean dagonak: 

itxaropenik galdu gabean 

ondo igaro Gabonak. 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!