"Gizarteak ozen azaldu behar du euskal presoek sufritzen duten salbuespen neurri horien amaiera iritsi dela"

Irune Alfonso 2022ko urr. 4a, 11:10

Urriaren 8an Sarek aurtengo urtean egingo duen mobilizazio eta jaialdi handiena antolatu du Donostian. “Etxera bidea gertu!” lelopean egun osoko egitaraua antolatu du adin tarte guztientzat aproposa. Aiurrik Sareko Gipuzkoako arduradunarekin eta billabonatarra den Nahikari Iturberekin hitz egiteko aukera izan du. 

Urriaren 8an Sarek aurtengo urtean egingo duen mobilizazio eta jaialdi handiena antolatu du Donostian. Zein jarduera emango dira?

Duela bi urte habian jarri zen Izan Bidea dinamika, eta Urriaren 8an amaiera emango diogu. Bertan, orain arte eman diren aurrera pausuak balioan jarri nahi dira; azken urteetako presoen gerturatzeak eta espetxeen eskuduntza Gasteizen izatea, esaterako. Egun berezi eta potolo xamarra antolatzeko ideia izan genuen eta bide batez, Izan Bidearen ekimenaren baitan sortutako erronka horri, guztiok elkarrekin osatzea; azken kilometroak egiteko amaiera eguna izatea. Azken batean, mobilizazio eguna izango da tartean, jaialdi handi bat izango duena. Egun oso bateko egitaraua izango du; 11:00etan Donostiako Bulebarretik azken kilometroak osatzeko zutabeak burutuko dira, eta zutabe horiek Pio XII raino egingo dute ibilbidea. 12:00etan manifestazio orokorrari irteera emango zaio Illunberaino. Illunbera iristean, amaiera ekitaldia izango da. Ondoren, jaialdiari hasiera emango zaio. Kontzertuak 15:30ak aldera hasiko dira eta Illunbera sartzeko sarrera eduki beharko da.

Mobilizazioa behin amaituta, Illunbeko kanpoko gune osoa irekita geratuko litzateke; jangela izango da, paella jateko aukerarekin, Leitzako talogileak, bokatak eta edari zerbitzuak, kontzertu txiki batzuk, haurren txokoa eta Porrotxen emanaldia. Kanpoko egitaraua eta barruko egitaraua bereiziko dira.  

Euskal Herritarrek duen biztale adina, hau da, 3.127.326 kilometro egitea, ahalik eta jende gehienak, da helburua. Zer moduz doa helburu hori?

Jende askok parte hartu duen ekintza izan da, oso anitza eta sarea asko zabaldu duena. Kilometro asko osatuz eta bidea elkarrekin eginez jende asko gerturatu da eta amaiera ere zabala eta orokorra egin nahi izan dugu.

Oraindik ez ditugu kilometro guztiak osatu, jendeak ohitura handia du asteburuetan kilometroak gehitzekoa, eta azkeneko bultzada emango zaio. Urriak 8an bulebarretik hasten diren zutabe horiek eta manifestaziora gehituko den jende guzti horrek egingo duen ibilbidea horretan osatuko dira falta diren kilometro horiek.

Hortaz, helburuak bete direla esango nuke. Gainera, helburua ez zen kilometroak egitea bakarrik, jendea gerturatzea nahi genuen, sare zabalagoa osatu eta euskal presoek jasaten duten salbuespen neurriak gizarteratu. Jende gaztearengana hurbildu nahi genuen, geroz eta urrunago geratzen zaien arazoa edo errealitate bat delako eta oraindik konpondu gabeko errealitate hori gazteengana hurbiltzea oso garrantzitsua iruditzen zaigulako. Oso ondo funtzionatu duen dinamika izan da, jai giro eta kirol giro artean osatu beharreko erronkak izan baitira. 

Erantzukizun handia da Gipuzkoako arduraduna izatea eta horrelako ekitaldi handi bat koordinatzea?

Zuk esan bezala, nire ardura koordinatzea da, baina orokorrean guztion adura da ekimena aurrera ateratzea. Sarek zazpi edo bederatzi laguneko taldea osatzen du herrialde osoan eta egia da, gure koordinazio lana beharrezkoa dela, baina, ekimena aurrera ateratzen bada, osatzen den sarekide guztiengatik izango da. Beraiei eskerrak, egiten duten boluntario lan handiagatik eta herriak ematen duen erantzun kolektibo horregatik.

Nola animatuko zenuke jendea egitasmora joateko?

Dispertsioa hasi zenetik, ia 30 urte ondoren, orain arte imajinatu ezin zen egoera baten aurrean aurkitu gara. Euskal presoen gehiengoa euskal herriratua dago, nahiz eta oraindik 37 Espaniako espetxeetan dauden eta beste zenbait Frantziako espetxeetan. Guztiak euskal herriratuak izango direla pentsatzen dugu eta bertan beste ibilbide baten hasiera emango da. Harri muga horretan gaude hain justu, fase bat itxi eta etxeratze prozesua egiatan errealitate bihurtu daitekeen egoera baten aurrean. 

Gerturaketak hasi zirenean jendea erlaxatu egin zen, dispertsioak salbuespen neurrien objektibotasun handia islatzen duelako, baina, salbuespen neurriek beste zenbait ertz dituzte eta horiek konpontzeko orain da bultzada handiena eman beharreko momentua. Urriaren 8an eta Urtarrilean Bilbon egingo diren mobilizazio horietan  inoiz baino erantzun handiagoa eta indartsuagoa eman beharra dago, gizarteak ozen azaltzeko eta erakusteko euskal presoek sufritzen duten salbuespen neurri horien amaiera iritsi dela. 

Azken hilabeteetan lekualdatzeak eman dira. Nahikari zu billabonatarra zara eta 12 preso horietako bi ere, Manex Castro eta Oscar Zelarain, billabonatarrak dira. Zaballara ekarri dituzte, pozik zaudete azken lekualdatzeekin?

Horrenbeste lekualdatzerekin udaran pertzepzio hori nuen, "Villabonan lau preso daude eta oraindik ez dute bat bera ere euskal herriratu" gero, Carlos Besance euskal herriratu zuten justu Zaballara baita ere, eta azken lekualdatzeetan Manex eta Oscar. Izugarrizko poza hartu nuen, gehienbat euren senideengatik. Azkenean, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak ez dituzte beraiek bakarrik jasaten, familiek jasan behar dituzte, eta alde horretatik oso pozik nago. Bestetik, ilusio eta esperantzarekin, orain Zaballan daudela, graduen progresioak duen ibilbide guzti hori emateko, eta zor zaizkien baimenak eta baldintzapeko askatasuna lortzeko errazagoa izan daitekeelako.

Aipatu beharra dago Oscarrek euskal presoei soilik ezartzen zaien lege bat jasan behar duela, zigorren batuketari eragiten diona. 

2008. urtean, Europak lege berri bat ezarri zuen: Europar Batasuneko edozein estatuan zigorra bete duen pertsonari, kontuan hartu behar zaizkio betetako zigor urteak beste estatuetan (Espainia barne) betetzerako garaian. Alabaina, lege horrek ematen dituen aukerak oztopatuz, Espainiako Parlamentuak lege berri bat egin zuen, europar legearen zentzua aldatuz. 

2014. urteko lege Espainolaren arabera, Frantzian edota Europako beste Estatu batetan betetako zigorra ez da kontuan hartzen eta Espainan bete beharreko zigorra zerotik hasten da. Honek praktikan, bizi osorako zigorrak betetzea suposatzen du, 30 eta 40 urteko gorako zigorrak, Europako legea urratuz. Honenbestez, Oscar Zelarainek Frantziar estatuan eginiko urteak kontatuz gero, baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera edukiko luke. Eta Iñigo Gudirik ere hirugarren graduan egoteko aukera edukiko luke. 

Etorkizunari begira jarrita, zein bide hartuko duzue?

Egoera berri baten aurrean egoteak erantzun berriak eskatzen ditu. Euskal preso guztiak euskal herriratuak direnean, barne eztabaida prozesu bat ireki beharko da eta ikusi nola heldu bide berriari. Hala ere, Sareren bueltan orain arte identifikatuta genituen salbuespen neurri guztiak amaitu ez direnez, horien bueltan jarraituko dugu lanean. Urrunketaren amaiera emango da, baina besteekin borrokan jarraituko dugu; gaixo larrien etxeratzea, motxiladun haurren egoera...

Egoera ikus dezazun, gaur gaurkoz Martutenen amatasun modulo bat ireki dute, baina orain dela sei hilabete arte Euskal Herrian ez zegoen espetxerik amatasun moduloarekin, orduan, gurasotasuna osatzeko Madrilgo edo kanpoko espetxe batean izan behar zuen. Ertz asko daude hortaz lanean jarraitzeko eta, horrekin jarraituko dugu eta batez ere, graduen progresioa dagokion denboran egokian ematea. 

Egitasmora itzuliz, oraindik sarrerak lortzerik daude?

Sarrerak lortzeko azken eguna biharkoa izango da, urriaren 5a. Webgunean erosi ahalko dira, sarrerak hemen eta egunean bertan ere erosteko aukera izango da. Azkenik, aipatu nahiko nuke urriaren 6 eta 7an Bilbon, Donostian, eta Gasteizen jada erositako sarrerak pultserarekin trukatzeko aukera izango dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!