Gabonak | Aiztondo

“Erosketa bonoak guretzako arnasgune modukoak dira”

Irune Alfonso 2022ko abe. 23a, 08:45

Aitziber Cenzano Basajaun liburudendako arduraduna da.

Abenduan gaude jada eta gabonetako egunak ate joka daude. Erosleak gauza zehatzen bila etortzen al dira? Edo asko aholku eske datoz baita ere? 

Denetarik ikusten dugu gabonetako erosketetan, batzuk haurraren adina eta datu batzuk gehiago emanda aholku eske etortzen dira, baina beste batzuk aldiz, zuzenean erostera datoz, erakusleihoak horretan asko laguntzen du. 

Euskarazko produktuak eta jostailuak erosteko joerarik izaten al da? Aukera hori kontuan izaten du herritarrak?

Euskarazko jokuak normalean testurik gabeko jolasak izaten dira, hitzik erabili behar ez direnak alegia. Beste joku batzuek aldiz, euskarazko itzulpena daukate, “Hitz Jarioa” jolasean adibidez, erderaz C gehiago dago eta euskararen kasuan aldatu egiten da hori. Hala ere, aukera horri herritarrek ez dute kontuan hartzen, bezero mota bat badago euskarazko jolasen bila etortzen dena baina orokorrean jolasen bila datoz hizkuntzari erreparatu gabe. 

Erosketak errege magoak etorri arte luzatzeko joera izaten al du erosleak? 

Duela urte batzuk gabonetako kanpaina konstituzio zubiaren ondoren hasten zen eta Olentzero egunera bitarte lan gehiago egiten zen Olentzero eta Errege egunetako tarte horretan baino. Azken urteetan tendentzia hori aldatu egin da, kanpaina luzatu egin da; salmentetan ez da nabaritzen, baina erosleak denbora tarte luzeagoan egiten ditu erosketak. 

Erosketa bonoek zer moduz funtzionatzen dute?

Bonoek oso ondo funtzionatzen dute, kanpainetatik kanpo ateratzen dira laguntza hauek eta guretzako arnasgune modukoak dira. Orain kultur bonoekin ari gara eta liburu eta diskoekin erabili ahalko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!