Trafikoari dagokionez, Villabona erdiguneko trafikoa bi aldiz moztuko da asteazken arratsaldean, etapak bi aldiz zeharkatuko baitu Villabonako erdigunea. Lehenengo bide-mozketa 15:15ak aldera izango da, orduan iritsiko direlako txirrindulariak. 16:45ak aldera, bigarren aldiz moztuko da Villabona zeharkatzen duen errepidea. Bestalde, Arratzain aldera eta Otelarre auzora doazen bi errepideak (Txermin auzotik igotzen dena eta Otsabitik gora doana) itxita egongo dira 13:00etatik 18:30era bitarte. Gainera, N-1 autobiderako sarrera-irteerak 16:00etan itxiko dituzte, eta ez dira berriro guztiz irekiko 18:00ak arte.
Aparkalekuei dagokionean, apirilaren 4ko 17:00etatik aurrera Txermingo aparkaleku handian ezingo da aparkatu. Aparkaleku osoa autorik gabe utzi behar da ordurako, asteazkenean aparkaleku horretan kokatuko baitira txirrindulari taldeen autobusak eta beste ibilgailuak. Horregatik, Udalak aparkaleku alternatiboak egokituko ditu. Horrela, bihar eta etzi, Txermingo ikastolako patioa, kale Nagusia 62-68 esplanada berria eta Sacem-go zubia zeharkatu eta ezkerretara dagoen eremua (edukiontziak daudena) autoak aparkatzeko erabilgarri egongo dira.
Eta azkenik, ohiko autobus zerbitzuan aldaketak egongo direla jakinarazi dute: asteazken arratsaldean, 15:00ak eta 18:00ak artean, bai Donostiarako noranzkoan eta baita Tolosarako noranzkoan doazen autobusak Burni zubiko geltokian bakarrik geldituko dira. Ez da autobusik sartuko herrira, beraz, geltoki bakarra edukiko dugu 3 ordu horietan.
Ibilbideko aldaketak
"Txirrindularien segurtasuna bermatzeko, gure etapako ibilbidean azken orduko aldaketak egin behar izan genituen pasa den astean. Egindako aldaketarekin etapak 8,3km eta 3. mailako mendate bat gehiago izango ditu. Alkizarako igoera gehitu delako ibilbidera. Behin Trenbide ondoko bidetik Arteaga baserriko gainera igota, eta Anoeta eta Asteasuko bidegurutzean, 96,4 kilometroan, hain zuzen ere, eskuinetara egingo dute txirrindulariek, eta Asteasurantz abiatuko dira, ondoren Alkizara igotzen den errepidea hartzeko. Hasiera batean
Anoetara zuzenean jeistekoak baziren ere, errepidea ez dago egorarik onean, eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko, aldaketa hau egitea erabaki dugu lasterketaren antolatzaileekin elkarlanean".