"Iazko harrera bikainak animatu gaitu bigarren edizioa antolatzera"

Ainhoa Gil 2023ko mai. 15a, 07:00

Haritz Zubillaga, IƱigo Garcia eta Hassan Ait Chaou Trikuharri mendi lasterketaren antolatzaile-taldeko kideak dira.

Haritz Zubillaga, Iñigo Garcia, Hassan Ait Chaou Trikuharri mendi lasterketako antolatzaileak dira. Ahalegin handiaren ondoren, iaz jaio zen Amasa-Villabonako Trikuharri mendi lasterketa. Kirol ekitaldiari jarraipena emango diote aurten antolatzaileek, berrikuntza batzuk sartuta.

Iaz jarri zenuten martxan Trikuharri mendi lasterketa. Zer eskaini zizuen iazko lasterketak?

I.G.: Lan ikaragarria izan zen, baina emaitza ere oso positiboa. Ez genuen uste lasterketak horrelako dimentsioa hartuko zuenik. Txikiagoa izango zela uste genuen. Hedabide asko gerturatu zen eta jende asko mugitu zen. Herriko plaza bete egin zen eta horrek bultza gintuen bigarren edizioa antolatzera.

H.A.C: Asko bete gintuen. Herrian zerbait antolatu ahal izatea, giro polita sortzea, gerturatutako korrikalariak pozik geratzea, haien beharrak ondo betetzea, bolondresen lana ere erosoa izatea... helburu horiek beteta, pozik geratu ginen. Inguruko ekoizle eta dendariei bultzadatxoa ematen ere saiatzen gara; korrikalariei ematen zaien poltsatxoan Aburuzako sagardoa, Alustizako gazta..., sartu ditugu.

Bigarren edizioaren antolaketan ari zarete orain.

I.G.: Bai. Iaz dena zen berria guretzat. Txikikeria asko eta asko egoten da lotzeko, eta martxaren arabera joan ginen horien berri jasotzen eta lotzen. Aurten oinarri hobeagoa dugu; badakigu zein pauso eman behar ditugun. Gustora ari gara, eta iaz baino lasaiago. Iaz otsailean hasi ginen lanean eta uztailera arte aritu ginen, oso modu intentsoan. Aurten ere lan handia egiten ari gara, baina askoz ere patxadatsuago. Lehen inbertsioak ere egin ditugu. Bidea markatzeko banderinak erosi ditugu aurtengorako eta, pixkanaka osatzen joatea da asmoa.

H.A.C.: Ezinezkoa da denen gustura egitea, baina gauzak ahalik eta txukunen antolatzen saiatzen ari gara.

Haritz Zubillaga: Helmugan hesi gehiago jarriko dira, korrikalariak erosoago irits daitezen. Iazko edizioa lehendabizikoa zen eta asko ikasi genuen. Txikikeria horiek zuzentzeko baliatuko dugu bigarren edizio hau.

Data aldaketa ekarri du aurtengoak. Zer dela eta?

H.A.C.: Ez dakit asmatuko dugun edo ez, baina korrika egiteko data askoz ere egokiagoa dela iruditzen zaigu. Iaz uztaila amaieran egin genuen, Santio jaien atarian. Astebete lehenagoko lasterketa guztiak bertan behera geratu ziren, bero zakarragatik eta gurea ere arrisku berean egon zen. Zortea izan genuen eta egun hori freskoagoa atera zen. Villabonako jaiekin bat egitea oso egokia zen eta antolatzaileontzat baita erosoa ere. Eszenatokia jarrita egoten da plazan, bazkarirako gunea prest, komunak... aurten lan hori guztia guk egin beharko dugu, baina korrikalarientzat askoz ere egokiagoa da maiatzeko eguraldia eta hori pentsatuta erabaki dugu data aldatzea.

Ibilbidea pixka bat aldatu duzuela aipatu duzue. Kontaiguzue...

H.A.C.: Iaz ez genuen Onddolar igo, eta aurten hara joango da lasterketa. Pandemia garaian oso ezagun eta maitatua egin da Onddolar billabonatarren artean. Oso toki polita da eta trikuharri bat ere badago. Gure lasterketaren izenarekin oso ondo dator, beraz.

Amaieran, Loatzoko jaitsiera pixka bat moldatu dugu. Zuzen jaitsi ordez, Troska aldera egingo du ibilbideak. Iaz zuzen markatu genuen jaitsiera, eta korrikalari batzuek gehiegizkoa ote zen esan ziguten, horregatik erabaki dugu pixka bat moldatzea.

I.G.: Beste aldaketa nagusi bat egin diogu lasterketari, hirugarren ibilbide bat sartuz. 11 kilometroko ibilbidea sortuta, jende gehiagori emango diogu ateratzeko aukera. Mendian korrika asko ibiltzen ez direnentzat edo gaztetxoentzat primerako aukera izango da. 14 urtetik gorako korrikalariek izango dute ibilbide honetan ateratzeko aukera.

H.A.C.: Gainerantzean, lasterketa amaitu ahal izateko gehienezko denbora markatu dugu, baina oso zabala. Ibilbide luzeari, esaterako, 6 orduko gehienezko denbora jarri diogu. Oinez ere egin daiteke ibilbide hori denbora horretan. Parte hartu nahi duten guztiei lasai egin ahal izateko aukera eman nahi diegulako egin dugu hori.

Gisa honetako lasterketa bat antolatzeak jende askoren lana eskatzen du. Zenbat bolondres arituko dira lan horietan?

I.G.: Villabonako triatloi taldea da antolatzailea, baina egunean bertan ia ehun lagun arituko dira lanean eta laguntzen. Bidea markatzen, bazkaria egiten, zerbitzen, anoa-guneak antolatzen... 4 anoa gune daude eta bakoitzean 5 pertsona behar dira; bidegurutzeak zaintzen beste hogeita hamar inguru, plazan ere jendea behar dugu.

H.A.C.: Jendea horretarako prest dago eta eskerrak, bestela ezinezkoa izango litzateke Trikuharri lasterketa aurrera ateratzea. Korrikalariak, bolondresak, antolatzaileak, laguntzaileak, babesleak... azkenean denon artean egiten dugu lasterketa hau. Esaterako, helmugako pintxoak Fleming herri eskolako guraso elkarteak prestatuko ditu, bazkaria Irrintzi elkarteak; Aburuza sagardotegia, Titare, Eizmendi, Basajaun, Garazi dendak..., herritar eta eragile asko arituko da lanean egun horretan, eta eskertzekoa da.

Lasterketa aurreko azken asteetan sartuta zaudete. Zein lanetan ari zarete egunotan?

H.A.C.: Bideak garbitzen ari gara orain. Urte-garai honetan, euria egiten duenero hazten da belarra, eta lan handia ematen digu ibilbidea garbi mantentzeak. Gustuko lanak dira horiek.

I.G.: Gainerako guztia lotuta dugu. Baimenak, paper-kontuak... horiek eginak daude.

Nola bizitzen dute lasterketa bezpera antolatzaileek?

H.A.C.: Nire kasuan, oso urduri. Iaz ez nuen batere lorik egin lasterketa bezperan. Markajea ondo egina egotea, istripurik ez gertatzea, korrikalaririk ez galtzea... kezka asko izaten dira. Lasterketa ondoren guztia garbi-garbi geratzea ere badago gure kezken artean. Konpromisoa hartu dugu eta, azken korrikalariaren atzetik, bi pertsona joango direla, gera daitezkeen hondarrak jasotzen. 

Handik astebetera berriz egiten dugu gauza bera, guztia txukun dagoela ziurtatzeko.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!