"Hirugarren lan luzearekin, heldutasun mailara iritsi gara"

Irune Alfonso 2023ko abe. 6a, 07:00

Jon Ander Artola, lehen lerroan, eta Yeray Gascon, atzealdean, "Lilura" kantuaren grabaketako argazki-saioan.

Hamar kantako diskoa ondu berri du Amasa-Villabonako HABI taldeak. Melodia berriak txertatu dituzte beren betiko doinuetan. Datozen hilabeteetarako emanaldi-sorta lotuta dute. Durangoko Azokan Elkarren standean erosi ahal izango da diskoa.

Bat, bi, hiru, lau eta bost. Bost urtean, bost lan kaleratu ditu HABI taldeak. Labetik atera berritan da azkena, "Ohartu". Zuzeneko bi kontzertu emanda, ibilbide oparoa ikusten dio bikoteak hamar abestiko diskoari: taldeak duen esentzia, aire freskoarekin uztartuta. Liluraz eta oinatzeez, luze eta zabal, Jon Ander Artola eta Yeray Gascon, HABI.

Azaroaren erdialdean kaleratu zenuten diskoa. Zein nolako harrera izan du?

Jon Ander Artola: Bi zuzeneko eduki ditugu, eta horrela aurkeztu dugu. Oso gustura gaude, beraz. Esan digutenagatik, jendeari gustatu zaio lehen entzunaldian. Baina, beno, denbora igaro behar da, oraindik, erantzun sakonago bat jaso dezagun entzuleen partetik.

Yeray Gascon: Abesti batzuk "kontinuistagoak" direla aipatu digu jendeak, alegia, aurretik egindako bidea jarraitzen dutenak. Bestalde, hamar abestiko disko batean estilo berriei ere eutsi diegula sumatu dute entzuleek. Hala, eskertzen dute aniztasun hori.

Zertaz "ohartu" daiteke entzulea disko berriarekin?

J.A.: Hirugarren disko luzea da eta, musikalki, nabari da heldutasuna, zentzu batean.

Y. G.: Gai sakonak ukitzen ditu, eta poesia dago letretan, badago politika, amodioa… Nahita egin dugu luzeagoa diskoa, hemen jarraitzen dugula ohartarazteko, egurra emateko prest gaudela.

Lehen bi kontzertuak eman dituzue, jada. Nola sentitu zarete, oholtza gainean, kanta berriak estreinatzen?

Y.G.: Hasierak beti dira apur bat gogorragoak. Zuzenekoan beti detailetxoak aldatzen ditugu, moldatzen joaten gara. Gure zerrendak zentzua ba ote duen ikusten dugu. Aldez aurretik, ikuskizuna itxita eramaten ahalegintzen gara; horregatik, forma hartzen ari da oraindik. Jendeak gure abestiak kantatzen ikusi dugu, "Oinatzak", batez ere. Harrigarria izan da lehen aldiz abesti bat jo eta jendea abesten ikustea. Era berean, gauza asko ikasi ditugu.

J.A.: Beti zaude kanta berriak abesteko gogoarekin, zaharrekin, pixka bat, erosotasun horretan gelditzen zarelako. Hortaz, zuzenekoari forma ematen ari gara, martxa hartzen ari gara.

Lehen aldiz, emakume ahotsa ageri da zuen lan batean, "Berde" abestian.

J.A.: Oso garrantzitsua iruditzen zait diozuna. Bilatua izan da, erabaki bat. Kantak bazuen berez sakontasuna, nostalgia puntua. Argi ikusten genuen beste ahots batekin oso polita geldituko zela, batez ere, emakumezko ahotsarekin. Berezia izan da beste kolore bat bilatzea.

Y.G.: Gauza askotan laguntzen gaitu Nagorek. Kolaborazioetan ahotsa bilatzen duzu. Kasu honetan, pertsona bera bilatu genuen eta indarra ematen dio horrek kontzeptuari.

Jada, iragarri dituzue aurrera begirako kontzertuak. Baten bat berezi egiten al zaizue?

J.A.: Asko. Kontzertu-sorta polita osatu dugu, Bidean Produkzioak-eko lagunekin. Aipatzearren, Cala Ventorekin joko dugu Azpeitian otsailean. Guretzako garrantzitsua da, nolabait, Cala Ventori buruz hitz egiten ezagutu genuelako elkar guk biok. Gure bizitzaren soinu-bandaren parte da.

Y.G.: Aurkezpen indartsua daukagu, bai joko ditun espazioengatik, bai horietan lagun izango ditugun artistengatik. Hirugarren lan luzearekin, heldutasun maila batera iritsi gara. Hortaz, ederra da merezi duen bezala aurkeztea lana.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 638 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!