Ekitaldiaren amaieran mobilizazioaren deitzaileek adierazi dutenez, “hemen gaude, etxeko eta zaintzako langileak, nagusien egoitzetako langileak, senideak, pentsionistak, ikasleak, gazteak, nekazariak, sindikatuak, feministak, migratuak… sistema kapitalistak, patriarkalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimen bidegabearen aurrean. Gaur kalera atera gara mundua aldatzeko, beste sistema bat posible delako!”.
Zaintza negozioa bilakatu dutela salatu dute, “eta horregatik esaten diegu, funts putre, multinazional eta irabazi asmoari sostengatzen ari diren enpresa zein instituzioei utz dezatela gure bizitzekin negozioa egiteaz”.
Etxeko eta zaintza lanak, historikoki, “gutxietsita eta ikusezin” egon direla gogorarazi dute, eta gehitu, horrek, “etxeko langileen esplotazioa zein prekarizazioa baimendu” duela.
Era berean, atzerritartasun legea hartu dute hizpide, “lege horri lotutako arrazakeria instituzionalak, politikoak, legalak, sozialak... ez die emakume etorkinei bestelako bizi eta lan aukerarik eskaintzen”.
Landa eremuari dagokionez, esan dute argiago egiten dela “sistema honek bizitzaren aurka daraman programa”. Zerbitzu sozialez hustu dituzte eta turismo, aisialdi prestaketa zein makroproiektuak bultzatu dira. Bizitzeko, bizitza zaindu behar da, bai pertsonona, bai naturarena”.
Pentsiodunei dagokionez, pentsiodun guztientzat 1.080 euroko aldarriarekin bat egin dute, eta ohartarazi erretiro pentsio baxuenak dituztenen artean, % 80 emakumeak direla. Gaurko mobilizazioa ez dela ezeren amaiera, ohartarazi dute. “Bide luzea dugu oraindik egiteko”.
Arratsaldean, 18:00tan Tolosan Triangulotik abiatuko den manifestaziora deia luzatuz eta “Gora zaintza langileak!” eta “Gora borroka feminista!” oihu eginez amaitu da elkarretaratzea.