Subijana oihal-lantegiko emakume oihalgileei, aitortza

Aiurri 2024ko eka. 8a, 12:38

Subijana lantegian oihalgile gisa lan egin zuten emakumeei aitortza eskaini zieten, atzo. Subijana etxean bisita gidatua egin zuten lehenbizi, eta mural artistikoa. Beatriz Unzue alkateak adierazi zuenez, “omenaldia egin nahi diegu lanarekin eta dedikazioarekin Amasa--Villabonaren funtsezko parte izan diren emakume guzti horiei”. Ekitaldiko argazki-bilduma eta hiru bideo (Subijana etxean ekitaldia, muralaren egileen azalpenak eta muraleko bertsoa Amaia Agirrek abestuta), ikusgai:

Subijana etxean bisita gidatua egin zuten, lehenbizi. Bertan, Beatriz Unzue alkateak, Fanny Alonso “Kotoiaren Emakumeak” elkarteko kideak eta Aritz Zerain Bertsozaleen Elkarteko kideak hartu zuten hitza.

Historia aberatseko eraikina da Subijana etxea. 1860an ekin zion Subijana enpresak oihalgintzari, eta 1980an itxi zituen ateak. Egun, Euskal Herriko Bertsozalen Elkartearen eta Xenpelar dokumentazio zentruaren egoitza da.

Historian barrena, eraikina Subijana familiaren bizitokia izan zen, eta enpresaren bulegoak eta estanpazio-tailerra ere bertan kokatu izan zituzten.

Atzoko ekitaldian, eraikinaren barruan bisita gidatua amaitu ostean, bere horman egin duten “Emakumeen Haria” izeneko mural artistikoa inauguratu zuten, Txitxi Orbegozo eta Izaro Lizarraga egileen eskutik.

Azkenik, Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Nerea Ibarzabal bertsolariek bertso-saioa egin zuten, Amaia Agirre gai-jartzaile zutelarik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!