"Erroskillaren erretzea egingo da aurtengo Santio jaietan"

Irune Alfonso 2024ko uzt. 23a, 09:04

Maite Barandiaran eta Eneko Gomez, Jai Batzordeko kideak.

Maite Barandiaran eta Eneko Gomez Jai batzordeko kideak dira. 2012ko Santio jaietan egin zen, azkenekoz, erroskillaren lurperatzea. Aurten, ekitaldia berreskuratzeko asmoa dute Jai Batzordeko kideek.

Erroskillaren erretzea. Zergatik erroskilla Amasa-Villabonan? 

Maite Barandiaran: Ordaintzekoa ez zen mesede bat egiten zenean herrian, Santiotan erroskillak oparitzeko ohitura izan ohi zen. "Gogoratuko naiz, Santiotan erroskillak" esaera horrela txertatu zen. Erroskillak izaten ziren beti, horregatik lurperatzen zen jaietako azken egunean.

Jai batzordean, behin baino gehiagotan, jaien amaiera tristea zela aipatzen genuen. Hortik abiatuta,  aukera ona ikusi dugu berriro ere ekintza hori berreskuratzeko. Lurperatzea izan beharrean, aurten erroskillaren erretzea egingo da. 

Nola gauzatuko da erroskilaren erretzea?

Eneko Gomez: Maitek adierazi bezala, jaiei itxiera emateko helburuarekin antolatu dugu. Azkeneko urtetan, urtero egiten den "Remi gogoan" ekitaldiarekin eta Rockalean taldearen emanaldi ibiltariarekin amaitzen ziren jaiak. Batzuk afaltzera joan ohi dira eta, iaz, karaokea antolatu genuen Gaztetxean. Baina aurten, festak borobildu nahi genituen eta afalostean, 23:00etan herritarrak plazan elkartzeko deialdia luzatu dugu. Kalejiran, erroskilla herri osoan barrena erakutsi eta Erreboteko plazan amaituko dugu. Bertan erreko da. Ekintza sinboliko horrekin, Sanferminetan edo beste herrietan egiten den bezala, hurrengo urteko jaiei gogoz itxaroteko mezua zabalduko dugu. 

Egungo Amasa-Villabonan kultur aniztasun handia dago, eta hori oinarri hartuta, ekitaldi anitza osatuko dugu. Hainbat kultura sartuko ditugu, hala nola, Afrika, Hego Amerika..., mundu osoan egiten diren hiletak hartu nahi ditugu kontuan. Kalejira amaituta, San Juan suan egin bezala, erroskilla plazaren erdian jarri, eta sua emango zaio. Argiak itzaliko dira eta herrikoa den Unai Lizartza gazte bideogileak jaietako irudiekin sortutako bideoa plazan eskainiko da. 

Villabonako martxa modu dantzagarrian eskaintzeko asmoa ere badugu, herritarrak dantza egitera animatuz.

Erroskilla txupinazoan zintzilikatuko da eta herriko jaietan bertan geratuko da. 

M.B.: Erroskillaren irudia bertakoa den artisau batek egin du, Jon IÒaki Ormazabalek. Txupinazoan, zintzilik jarriko da udaletxean eta bertan egongo da jaiek irauten duten bitartean. Zintzilik egongo den erroskilla urtero erabiltzeko asmoa dugu. Gero, beste erroskilla bat egin du errez erretzeko modukoa. Beraz, kalejirari ekin aurretik, zintzilik dagoena jaitsi, aldatu eta bestearekin egingo dugu kalejira. Herri guztietan daude pertsonaiak: kukua, sorginak, melokotoia,.. gurea erroskilla izatea nahi dugu.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 653 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!