Tapia eta Leturia banda, Erromeria egunean

Aiurri 2024ko uzt. 25a, 09:26

Leturia, Tapia, eta sekulako musikari taldea igoko da oholtzara, Erromeria egunean.

Santio eta Santana egunen pareko indarra du Erromeria egunak Amasa-Villabonako jaietan. Larunbat gauean dantzan eta kantuan aritzeko aukera bikoitza izango da, Tapia eta Leturia Banda eta Malkogarriyak taldeekin.

Dantzarako eta kanturako gaualdia izango da uztailaren 27koa, plazan eskarmentu handiko bi talde ariko baitira zuzenean. Hasteko, Tapia eta Leturia Banda. Itzulera ez da nolanahikoa izaten ari, musika banda handia eta bikaina alboan duela itzuli baitira. Joseba Tapiaren azken formazioa oinarri harturik, Leturia batu zaie eta emaitza ikusgarria da. Oraino ikusi ez duenarentzat, sekulako taldeaz gozatzeko aukera izango da. Ahotsetatik hasita. Tapiarena eta Leturiarena osatzera eta aberastera datoz, besteak beste, Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe kantariak.  Luxuzko emanaldia izango da.

Jarraian, Larrain-dantzari ekingo diote, Hernaniko txistularien laguntzarekin. Eta gauari segida emateko, Malkogarriyak taldea igoko da oholtzara. Beterri-Aiztondon aski ezagunak dira Ion Beloki, Antton Arruti, Tomas Lizardi eta Iñigo Muñoz. Iazko Santakrutzetan, esaterako, Andoaingo Zumea plaza jendez betetzea lortu zuten, guztiak dantzan jarriz. Erromeri eguna izanik, emanaldi bikaina eskaintzeko gogoz ariko dira Malkogarriyak taldekoak.

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 653 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!