"Jendeak nire lanarekin gozatzeak, txapelak adina balio du"

Ainhoa Gil 2024ko ira. 7a, 13:02

Hamasei urte zituela sartu zen sega munduan Jokin Etxeberriak eta hogei urteren ondoren, maila onean dabil. Gipuzkoako txapela jantzi du aurten Bedaion bizi den amasarrak.

Amaieran da aurtengo sega denboraldia. Txapelketak bukatuta, irailaren 14an Amasan ospatuko den Txakolin eguneko sega erronka du hurrengo jomuga Jokin Etxeberriak. Hori amaitzean, bukatutzat emango du denboraldia. Bere ibilbidearen eta aurtengo denboraldiaren balorazioa egin du Etxeberriak.

Euskal Herriko txapelketan ez zenuen nahiko zenukeen emaitzarik izan...

Ez, eta oraindik ez daukat oso garbi zer gertatu zitzaidan. Oso momentu onean iritsi nintzen eta oso sentsazio onak nituen. Irabazteko aukeraren bat ere banuela ikusten nuen eta indartsu ekin nion. Proba hasi eta 22. minutu inguruan, ordea, sekulako ezina iritsi zitzaidan. Ezin nuen aurrera egin. Hidratazioa ondo zaindu genuen eta eguraldi beroa bazen ere, ez nuen halako sufrimenturik sumatu tenperatura aldetik. Ez dakit zein izan zen arrazoia, baina ez nuen nirea ematerik izan eta pena handia hartu nuen. Kirolean mugaren bila joaten gara eta muga horretan, alde txarra egokitu zitzaidan. 

Noizbait Euskal Herriko txapela lortu nahi nuke, noski, izen handia duelako, baina ez daukat arantza berezirik ere. Gipuzkoako bi txapel baditut, eta horrek bere badu bere balioa. Lehiara ateratzen garenean, garaipena izaten dugu helburu, baina ez da loa kentzen didan zerbait. Nirea eman, eta bidean gozatzea oso aberasgarria da. Nire taldekideekin entrenatzeko elkartzen garenean gure artean dugun giroa, umore hori... horrek asko betetzen nau, eta ikaragarri gozatzen dut. Txapelketa baten ondoren jendeak kalean gerarazi eta nire jardunarekin asko gozatu dutela esaten didatenean ere, ikaragarrizko poza ematen dit, ia txapelak eman dezakeenaren adinakoa. 

Bakarkako kirola dela dirudien arren, talde handia behar du segalariak bere inguruan...

Guztira hamaika kidez osatutako taldea dugu; prestatzaile, zorroztaile, segalari, biltzaile... Haien lana ezinbestekoa da. Prestatzeko garaian, bi edo hiru lagun behar dituzu, astean bi-hiru aldiz. Konpromiso handia eskatzen du horrek, eta musutruk gainera. Belar biltzaileen taldea ere beharrezkoa izaten da txapelketatarako eta azkenean familia osatzen dugu. Oso momentu ederrak pasatzen ditugu elkarrekin eta, saioak amaitzean, bazkaltzeko elkartzen gara guztiok. Lagunartean elkartzeko aukera ematen digu honek eta oso polita da hori. Oso eskertuta nago taldearekin, laguntzeko prest egoten dira beti, konpromiso handia erakusten dute, eta hori eskertzekoa da. 

Noiz hasten duzu denboraldiaren prestaketa?

Gabonak pasa ondoren hasi dut orain arte. Astean egun bat jai hartuz, gimnasioa, mendia, korrika, elikaduraren zainketa... egiten ditut. Imanol Arruti zizurkildarrak bideratzen nau lan horietan. 2018az geroztik nabil berarekin. Hark laguntzen dit sasoi puntua hartzen eta nahiko zorrotza da horretan. Hala behar du, gainera. 

Maiatza inguruan heltzen diot segari. Astean bi-hiru aldiz aritzen naiz, denboraldia prestatzeko. Etxean bertan, Asteasuko Bulanon, Amasako Aizperrin... belar-sailak gordetzen dizkidate entrenamentuetarako, eta eguraldiak laguntzen duenean, sega hartuta ibiltzen naiz. Baserri horietako nagusiei sega gustatzen zaie, eta belarra mozteko garaian beti izaten dituzte kontuan nire prestakuntza saioak, sail batzuk gordez. Eskertzekoa da haien ahalegina.

Aurten lanbidez aldatu dut eta nire prestaketa ere pixka bat aldatzea erabaki dut. Autonomo ibili izan naiz orain arte eta horrek ez zidan prestaketarako denbora askorik uzten. Aurten, denbora gehixeago izango dut kirolari eskaintzeko eta gaur egun dudan sasoi puntuari eustea da nire helburua, modu horretan errazagoa izango da datorren denboraldiko prestakuntza.

Datorren denboraldian sega hartuta ikusiko al zaitugu?

Oraindik ez dut erabaki hori hartu. Oraintxe amaitu da aurtengoa, eta tartea hartu behar dut ondo hausnartzeko. Ikaragarri gozatzen dut segan eta horrek ekartzen duen lagunarteko giroan, baina beste gauza asko ere hartu behar da kontuan, eta oraindik ez dut oso garbi. Urte amaiera inguruan hartuko dut erabakia ziurrenik. 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 654 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!