Plaza dantzan jarriko duten musika-taldeak

Aiurri 2025ko uzt. 22a, 08:08

Iratzar Leitzaldeko taldeak girotuko du Kuadrillen eguna. iratzar

Estilo ezberdinetako musika taldeak igoko dira Amasa-Villabonako Errebote plazako oholtza gainera. Zortzi egunez luzatuko den jai-egitarauan hainbat talde ariko da Santioei musika doinuak jartzen

Plaza taldeak eta rock proposamenak uztartuko dituzte Santiotan. Gabezin taldearekin abiatuko dira musika emanaldiak. Eskarmentu handiko plaza taldea da eta, uztailaren 24an, gazteen danborradaren ostean joko dute. Biharamunean, Erromeri egunean, Laket taldekoak igoko dira oholtzara. Aski ezagunak dira herriko jaietan, izan ere, iaz Kuadrillen egunean aritu ziren. 

Iratzar taldeak Leitzaldean du sorburua. Honatx, euren aurkezpen-txartela: "Jaietan dantza eta kanta giroa nahi baduzu, prest gaude plaza dantzan jartzeko. Euskal folkloretik hasi eta pop, rock, ska, rantxerak… denetik jotzen dugu. Helburua juerga eder bat egitea elkarrekin. Zatoz eta ongi pasa!". Kuadrillen egunean, gauerdian hasita, plaza dantzan jarriko dute.

Bestelako estiloak, uztailaren 28an

Maitane Iruiñe, Malentxo eta Mattin Zeberio dira Mirua musika taldea eta uda honetan “Miruenea” biran murgilduta daude. Usurbilgo eta Alegiko jaiak, BBK Live, Hatortxu Rock… agenda bete-betea etorri zaie uztailean. Une gozoa bizi dute eta, berriki, plaza dantzan jartzeko asmoz sortutako Morroxko kantua aurkeztu dute. Bideoklip ikusgarrian, askoren artean, Maixa trikitilari ezaguna ageri da. Datorren uztailaren 28an Errebote plazako oholtza gainera igoko dira. 

Gau berean TOC musika taldea ariko da zuzenean. Mungiako laukotea da eta udan, Espainian eta Euskal Herrian barrena disko berriena aurkezten ari dira. Mod eta post punk estiloetara gerturatzen dira, zuzeneko ikusgarriak eskainiz. Melodia eta gordintasuna bikain uztartzen dituen taldea da.

San Inazio egunarekin amaituko dira jaiak eta azken musika emanaldia ibiltaria izango da. Irun aldeko Burrunba elektrotxarangak euskal doinu ezagunenak barreiatuko ditu herrigunean. Ibilbide luzeko taldea, emanaldi ugari eskaintzen dute herrietako jaietan.

Zortzi egun eta gero, dantzan eta kantuan jarraitzeko gogoa pizten duen taldea da Burrunba. Jaiak amaitu arte, beraz, ez da musika atsedenaldirik izango.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!