"Oholtzan aritzeko aukera polita izango dugu"

Leire Uranga 2025ko uzt. 21a, 07:14

Lierni Otamendi eta Jon (Jota) Aranburu. LIERNI OTAMENDI

Santio egunarekin batera izango da aurtengo Amasa-Villabonako Erromeria eguna, uztailaren 25ean. Aurten, Lierni OtamendiK eta Jon Aranburuk (Jota) hartuko dute oholtza, arratsaldeko 19:00etan: Lierni panderoarekin arituko da, eta Jota, berriz, trikitiarekin. Duela hamaika urte hartu zuten parte lehen aldiz Erromeria egunean, eta aurten esperientzia hura errepikatzeko aukera izango dute.

Badatoz Santioak, eta hamaika urteren ondoren, Erromeria eguneko parte izango zarete. Nola bizi duzue hau?

Lierni Otamendi: Oholtzan aritzeko aukera polita izango dugu, eta gogoz gaude. Erromeria egunean plazan sortzen den giroa izugarri gustatzen zaigu, eta horren parte izatea ohore handia da guretzat.

Ardura berezia sortzen al dizue herrian jotzeak?

Jota Aranburu: Ardura baino gehiago, ilusio handia. Polita da herriko festen parte izatea.

L.O.: Normalean jende artean jotzen dugu, bertatik bertara. Oraingoan oholtzatik joko dugu, eta ikuspegia ezberdina izango da: goitik ikusiko dugu jendea dantzan.

Erromeria egunean ez ezik, festetako ekintza gehiagotan hartuko duzue parte?

J.A.: Bai, herrian antolatzen diren bazkari eta afarietara joaten gara kuadrillarekin, eta kontzertuak zein emanaldiak ikusi eta entzutea asko gustatzen zaigu. Kantujiran ere parte hartu ohi dugu, herriko beste zenbait musikarirekin batera. Eta Santa Ana egunean, kuadrillarekin egiten dugun egunpasa ere oso berezia izaten da.

Noiz eta nola murgildu zineten mundu honetan?

J.A.: Ni umetan hasi nintzen trikitia ikasten Martinen eskolan, Amasa-Villabonan. Gurasoak trikiti-zaleak dira, eta haurra nintzenean, erromeria askotara joaten ginen elkarrekin. Bertatik datorkit musikarako grina; soinua jotzen ikastera animatu ninduten gurasoek, eta gaur egun gustura aritzen naiz.

L.O.: Ni, berriz, ahizparekin aritzen nintzen bikote modura, hark jotzen baitzuen trikitia. Musikarekiko zaletasuna etxetik datorkit: gurasoak abesbatzan aritzen ziren kantuan, eta gaur egun anaia-arreba guztiok jotzen dugu instrumenturen bat.

Perkusio eta dultzaina doinuak ere entzun daitezke zuen etxean.

L.O.: Horrela da, bai. Gu musika zaleak gara, eta seme-alabak ere badira. Bakoitzak bere zaletasunak ditu, eta gurean musika nagusitzen da.

Aldatu al da zuen errepertorioa hamaika urtetan?

J.A.: Ez asko, beti bezala, fandangoak, arin-arinak eta heldukoak joko ditugu. Azken urteotan ateratako abesti berri batzuk ere ikasi ditugu, baina egia esan, klasikozaleak gara.

Pandemia garaian zuen ekarpena egin zenuten herrian. Nola oroitzen duzue garai hura?

L.O.: Oso berezia izan zen: herria hutsik, jendea balkoietan... Batzuetan bada ere, guk jotakoak jendea pixka bat animatzeko balio izan bazuen, gu oso gustura. Inoiz jasotako txalo gehienak orduan jaso genituen.

Herritarrei zabaltzeko mezurik?

J.A.: Plazara etor daitezela, dantzara anima daitezela eta festak gogoz goza ditzatela! Erreboteko plazan ikusiko dugu elkar.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 675 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!