"Festak urduritasun gehigarri batekin bizi ditut orain"

Leire Uranga 2025ko uzt. 23a, 09:34

Irune Alfonso, Amasa-Villabonako berdintasun zinegotzia.

Amasa-Villabonako udaleko berdintasun zinegotzia izateaz gain, Akain Talde Feministako kidea ere bada Irune Alfonso. Herriko festak ilusioz eta arduraz bizi ditu

Zuretzat, zer dira Santioak?

Niretzat, festak herria batzeko egunak dira. Txikitatik, herriko plazako etxe batean bizi izan naiz, eta betidanik egon naiz festen erdigunean. Egun hauek herritarrak berriz ere herrikide eta bizilagun sentitzeko egunak dira. Ahizpatasunetik bizi ditut festak; billabonatarron ospakizun egunak dira Santioak niretzat: disfrutatzeko, eta elkarri oraindik mimo eta elkartasun handiagoa adierazteko.

Zer bilduko du aurtengo egitarauak?

Azpimarratu nahiko nuke erroskila igotzea. Urte askoren ondoren iaz berreskuratu zen tradizio hau, eta aurten berriro egingo da. Funtsezkoa iruditzen zait horrelako figura bat egotea herrian. Asteasun eta Amasan Sorgina dute, Zizurkilen Melo, Anoetan Kukua… gustatuko litzaidake erroskilak Villabonako identitatea hartzea.

Egitarau ofizialaz gain, Onddo Gazte Asanbladak egitarau alternatiboa ere antolatzen du: danborrada, baltsa-jaitsiera, txupinazo alternatiboa... Herritarrak bertan parte hartzera animatu nahiko nituzke, urtean zehar asanbladak egiten duen lana aintzat hartzeko.

Nola lantzen da berdintasunaren ikuspegia Santiotan?

Saiatzen gara antolatzen diren ekintzetan parekidetasuna lortzen. Antolatzaileekin gaia lantzen dugu: elkarrekin hausnartzen dugu, eta beraiek ere begirada hori izatea bilatzen dugu. Etengabe landu beharreko gaia da; arretaz eta erne ibili behar dugu une oro.

Eskaintzen da erremintarik?

Bai. Badira hiru edo lau urte Lurgatz eta Akain talde feministako kideok, Udaletxearekin elkarlanean, protokolo bat osatu genuela. Protokoloa eginda dagoen arren, urtez urte eguneratzen dugu, egungo egoeretara egokitzeko. Garagardo Azokan eta Villabonako festetan aplikatzen da, eta hainbat puntu biltzen ditu: eraso baten aurrean nora jo, zer egin... Herrian zehar kartelak jartzen dira pauso zehatzekin, eta 24 orduz martxan dagoen telefono zenbaki bat ere eskaintzen dugu. Telefono hau, ordea, ez da salaketa ofizial bat jartzeko, laguntza edo informazioa eskuratzeko bidea da.

Protokoloaz gain, herriko emakume batzuekin elkarlanean festetarako brigada sortu genuen. Bertako kideok besoko zinta morea eramaten dugu egun eta gau, 24 orduz. Erreminta bisuala da; herritarrek zein kanpotarrek jakin dezaten babesa edo laguntza behar izanez gero gugana jo dezaketela.

Puntu morea ere izango dugu, kanpoko elkarte batek kudeatua. Bertan informazioa emango dute, baliabide ezberdinak eskaini, eta gaztetxoekin joko edo inkesta moduko dinamika batzuk egingo dituzte. Eta, noski, egon daitezkeen erasoen aurrean babesa emateko prest egongo dira.

Horrez gain, Osakidetzarekin elkarlanean, pegatina batzuk aterako ditugu larrialdietako telefono orokorrekin. Eraikin publiko, komun publiko eta tabernetan jarriko dira.

Eta, erasorik balego, eta biktimak gertatutakoa herriari kontatzea erabakiko balu, koordinazio talde bat daukagu herrian, emango den erantzuna antolatzeko prest.

Jaiek, zinegotzi ikuspegitik, ardura berezia eragiten dizute?

Bai, festak urduritasun gehigarri batekin bizi ditut orain. Aurretik ere, herritar gisa eta Akain Talde Feministako kide gisa ardura sentitzen nuen, baina orain gehiago. Ea dena ondo aterako den, ea ez den ezer gertatzen… Berdintasun zinegotziaren paperetik, beste puntu batetik bizi ditut festak: arduraz.

Ez nuke nahi inongo motatako erasorik: ez matxistarik, ez arrazistarik, ezta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkakorik ere. Gaur-gaurkoz, festak ezin dira guztiz lasai bizi.

Iaz, adibidez, ez zen erasorik salatu, baina horrek ere alerta pizten du. Zalantza sortzen dizu ea benetan ezer gertatu ez den, edo oraindik emakumeoi ahotsa hartzea zaila egiten zaigun.

Zein izaten da Santiotako zure tarterik gustukoena?

Dudarik gabe, lehenengo eguna, 24a, txupinazoa. Txupinazoa: diskurtsoa eta “pum” hori… ume txiki bat bilakatzen naiz momentu horretan. Urduritasuna, oilo ipurdia, saltoak… Oso intentsu bizi dut egun hori.

Bigarren egun bat aukeratu beharko banu, asko gustatzen zait kuadrilla eguna ere. Nahiz eta Villabonan, beste tokietan bezala, “kuadrillismo” moduko hori egon, batekin eta bestearekin ibiltzen gara, eta pozgarria da nola kolore ezberdinetako blusak eta kamisetak elkarrekin ikusten dituzun. Kuadrillak nahasten direnean, ikaragarri gustatzen zait.

Pasa zen urtean, gainera, berrikuntza bat egin zen egun honetako garbiketarekin, eta oso pozik nago emaitzekin. Etxeondoko parkean, txaranga atera aurretik, plaza garbi geratzeko talde txiki bat osatu zen, eta txaranga hasterako, plazak garbi egon behar zuenaren neurria hartu.

Euskaltegi lanetan ere bazabiltza. Aiurri faltan botatzen duzu?

Oso pozik nago euskaltegian lanean. Unibertsitatea hastean, galdetu ziguten ea lau urte barru, ikasketak amaitzean, non ikusten ginen. Nire erantzuna argia izan zen: euskara eta feminismoa, bi alor horiek landu nahi nituela. Momentuan ez nekien nola egingo nuen, baina egun esan dezaket herriko berdintasun zinegotzia eta euskara irakaslea naizela.

Aiurriko aspektu asko faltan botatzen ditut, bai. Aiztondoko pertsonak ezagutu ditut, eta pertsona horien istorioak eta bizipenak bildu. Honek pila bat aberastu nau, eta faltan botako dut, izugarri. Azkenean, herritarrek osatzen dute herria. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 675 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!