Villabona Tennis Club kirol-taldearen festa, orain ehun urte

Xabier Lasa 2025ko uzt. 24a, 09:09

Villabona Tennis Club kirol-taldea, 20ko hamarkadan (Argazkia: "Amasa Villabonako erretratu zaharrak" liburua. Larramendi Bazkuna)

Aurtengo Santio jaietan mendea beteko da, juxtu, Villabonan tenisarekin lotutako festa galanta ospatu zutela. Ogibidez haginlari eta pasioz euskaltzale, bertso-eragile eta errebote-zale izan zen Teodoro Hernandorena Irrintzi zizurkildarrak El Pueblo Vasco egunkarian egindako kroniken eskutik jakin ahal izan dugu, bazela Villabona Tennis Club izeneko kirol taldea, bertako, Donostiako eta Tolosako jende “prestuak” bultzatuta.

Villabona Tennis Cluba 1924an sortu zuten, eta ehun bazkidera iritsi zen urte beteren buruan, Teodoro Hernandorena izanik bere lehendakari. Bazkide taldea Villabonako gizon “prestu eta dotoreek” osatu zuten gehienbat, gehi Tolosako eta Donostiako zenbaitzuk. Jakina, jokalariak, bakan batzuk baizik ez ziren, gainerakoak, tenis zale hutsak.

Honatx argazkiko taldetik identifikatuta dauden kideak: 1.- Baldomero Larrea 2.- Migel Alonso; 3.- Afrodisio Aparicio; 4.- Fermin Kintana; 5.- Benedikto Santamaria; 6.- Periko Garate; 7.- Juanito Barbe; 8.- Jose Andres Garate; 9.- Antton Subijana; 10.- Saturnino Ugalde; 11.- Inazio Subijana; 12.- Pepe Sorrogieta; 13.- Joakin Olaso; 14.- Manuel Jauregi; 15.- Balbino Ortiz de Guzmán; 16.- Federiko Urdapilleta; 17.- Joxe Joakin Aiestaran; 18.- Artola; 19.- Mujika; 20.- Antton Egaña; 21.- Rosendo Garate; 22.- Permisan notarioa. Albo batean, erraketa eskuetan duela ageri dena, Teodoro Hernandorena kirol-taldeko lehendakaria da.

Tenisean jokatzeko, lur harrotuzko eta zementuzko pista bana ere moldatu zituzten denbora laburrean, Zizurkilgo Aizpurua etxearen inguruan bata. Bazkideen artean txapelketa antolatu zuten, eta Joxe Mari Subijanak irabazi zuen.

1925eko uztailaren 27rako iragarri zuten tenisaren festa Villabonan, Santio jaiekin bat eginez. Aurreko egunetan, uztailaren 22an, Teodoro Hernandorenak Irrintzi ezizenaren pean El Pueblo Vasco egunkarian iragarri zuenez, sekula ezagutu gabeko festa antolatu zuten; bi osagaiekin: gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bizpahiru tenis-joko lehenbizi, eta gauean afaria eta dantzaldia, afari-amerikarra deitu ohi zen estilora guztia.

Nolanahi ere, azkenean, soilik gizonezkoen arteko bi neurketa egin zituzten arratsaldean. Lehenbizikoa, buruz buruzkoa, Gipuzkoan tenislaririk onentzat jotzen zen Jose Mari Tejada donostiarraren eta Joxe Mari Subijana Villabonako txapeldunaren artean. Eta bigarrena, bikoteka, Villabona Tennis Clubeko Teodoro Hernandorena-Antton Subijana eta Tolosako Estanislao Moraiz-Francisco Labayenen artekoa.

Urte bete atzerago, 1924ko uztailean, Ondarretan (Donostia) jokatu zen Espainiaren eta Estatu Batuaken arteko torneoan aritu zen Jose Mari Tejada jokalari donostiarra. Uda partea Donostian igarotzen zuten Alfonso XIII monarkaren familiako eta Madrilgo klase politikoko eta aristokraziako kideen topagune eta dibertimendua izaten zen tenisa Donostian (Argazkia: Ricardo Martin, Kutxateka).

 

Gizonezkoak jokoan, emakumezkoak txaloka

Teodoro Hernandorena Villabona Tennis Club kirol taldeko presidente ez ezik, uztailaren 27rako prestatu zuten jai-eguneko jokalarietako bat izan zen, eta hori gutxi ez eta, prentsa kronikagile izateko tartea ere hartu zuen egun haietan. Hain zuzen, uztailaren 31n jaiaren gaineko kronika argitaratu zuen, El Pueblo Vasco egunkarian, berriz ere. Bere idatziaren zenbait pasartek, badute grazia, nahiz eta aldi berean, islatu orain ehun urte gizonen matxismoa noraino iristen zen. Testu horretan sumatzen den mentalitatearen arabera, gizonezkoen jarduna behar zuen izan kirola, nonbait; emakumezkoen rola ikusle eta elementu ”apaingarri” soil izatera kondenatua zegoen. Hona kronikaren zati bat:

“(...) Con un extraordinario entusiasmo, dignos del mayor encomio, se dedicaron las simpatiquísimas señoritas del Villabona Tennis Club, al arreglo del campo, así que no es de extrañar que éste presentara un aspecto verdaderamente atrayente y coquetón, sirviendo de adecuado marco al numeroso enjambre de lindísimas señoritas que realzaron la fiesta con su presencia, dando a la misma un colorido encantador. He aquí la "lista de oro” de las señoritas cuya presencia observamos tanto en los partidos de "tennis" como en la verbena de la noche: Mercedes Albea, Teresita y Pilarcho Viaud, Carmen Saizar, Maria Luisa Arsuaga, Justa, Conchita y María Subijana, Marichu Vidaurre, Encarna Ibarrondo, Shole Fani Gaistarro, Segunda Larrarte, Carmen, Pepita y Mari Permigan, Isabel Pérez, Conchita Satiné, María Pilar Celorrio, Isabel y Serapia Portu, Margarita Zamarripa, Amalia Regidor, Herminia Trueba, Carmen De Juan, Justina Guibert, Marita y Rosarito Olaso, Marita Aparicio, María Jesús Gorostidi, Gloria Blenner, Juanita Pérez, Epi Saizar, Clotilde San Julián y Margot Urtizberea...”.

Hernandorenak aipatzen duen gaueko dantzaldia, Beobide musikariak zuzentzen zuen Jazz-Bandak girotu zuen, pasodobleekin, boleroekin, tangoekin eta beste hainbat dantza estiloekin. Aurrez, Pasus jatetxean prestatutako afariaz gozatzeko aukera eduki zuten festako parte-hartzaileek. Afari amerikarra deitu zioten gau jaialdi horri.

Futbolaren eta futbolzaleen aurkako grina

Futbolaren praktika XX. mendeko lehen bi hamarkadetan hasi zen zabaltzen Gipuzkoan. Eta zabaltzearekin batera, kirolari gazteen eta kirol zaleen arreta joan zen bereganatzen poliki-poliki. Nagusitasun hori beste kirolen kalterako zela hasiak ziren sumatzen hainbat, eta, horien artean zen Hernandorena. Besteak beste, futbolari leporatzen zioten herrien eta herritarren arteko haserreak eta gaizki ikusiak piztea; beren ustez Gipuzkoan galtzen ari zen kiroltasunaren espiritua berreskuratu beharra zegoela zioten, irmoki. Helburu horretarako, egoki ikusten zuten gizakien arteko armoniazko harremanak errazten zituzten tenisa, pilota, mendizaletasuna eta antzeko kirolak sustatzea; kirol-aniztasunak mesede egiten omen zion gizarteari, azken batean.

Futbolarekiko ezin ikusi hori ziklismora ere zabaldu zuen Hernandorenak, uztailaren 22ko artikuluan argi utzi zuen bezala, Villabonako tenisarekin lotutako jaialdia aipagai zuela.

“(...) inaugurándose con estos partidos intersociales una era de cordiales relaciones teníticas, que nos alegraríamos se perpetuaran aunque no fuera más que para olvidarnos por unos momentos del “foot-ball” y del ciclismo, las dos “plagas” actuales del deporte guipuzcoano. Es un fenómeno curioso la obsesionante monomanía deportiva que sufre la afición guipuzcoana; y que ha llegado en ella a ser crónica, siendo la causa de nuestros fracasos atléticos y de nuestra actual decadencia deportiva general”. Hoy en día, o se es “futbolero” o “ciclero”... A eso se reduce el deporte, la cultura física? El atletismo, el alpinismo, el tennis, es decir, los ejercicios que precisamente están recomendados por su higiene, yacen sumidos en la glacial indiferencia, faltos por completo del concurso de la opinión pública, como lo demuestra la desconsoladora soledad que se nota en cualquier concurso de esta naturaleza, por importante que sea”.

Tesi horren alde egin zuen Gipuzkoan argitaratzen zen beste egunkari batean, El Pais Vasco-n, Arroshpe ezizeneko kazetari edo iritzi-emaile batek, hark ere Villabonako tenis topaketa hizpide hartuta, 1925/07/31n. “El tenis ha entrado en una nueva era, se le ha dado un soplo de vida” ozen esan ostean, futbola hartu zuen jomugan, hona nola hartu ere:

“(...) sirve (el tenis) para pulsar los valores con que contamos y comparar su calidad, y al mismo estrechar las relaciones y vinculos de amistad que deben existir entre deportistas dfe pueblos hermanos, limando las asperezas y oponiendo un dique a todo ese oleaje de rencillas, odios y bajas pasiones que por doquier va suscitando otro deporte. Si para eso lo importaron con tanta ilusión de otra nación varios deportistas, maldigamos el dia que por primera vez se jugó al futbol en España, pues para ese viaje mejor hubiera sido desconocerlo por in secula seculorum. (...) Hay que cambiar por completo el actual estado de las cosas y disipar esa atmosfera empozoñada que se cierne sobre nuestras cabezas como afilada espada. El deporte debe servir para unir a los pueblos, y, si, a pesar de ello, nada se consigue, es preferible no practicar ninguno y meternos en bares y cafes, antes que consentir que las pugnas terminen como el rosario de la aurora y los sagrados campos de juego se conviertan en campos de Agramante. El tenis con la pelota, el alpinismo y otros deben regenerar al deportista ya empozoñado y para lograrlo hemos de trabajar con todas nuestras fuerzas”.

Tenisa Villabonan errotzeko ezintasuna

1925eko Santio jaietan Villabona Tennis Club kirol taldeak indar erakustaldi galanta egin bazuen ere, ez zuen ibilbide luzea egin, eta laster desegin zen. Faktore ugari zirela medio, esan daiteke egin zuela porrot. Besteak beste, goi klaseko jendearen kirol exotikotzat hartzen zuelako herri xeheak, nahiz eta zenbait parekotasun eduki errebotearekin. Kontuan hartzekoa da, halaber, futbolaren sukarra Amasa-Villabonako gaztediarengana ere zabaltzen ari zela. Izan ere, ordurako Villabonan baziren futbolarekin zoratuta zebiltzan gazteak; konparazio batera, Gure Kayola izeneko taldean ari ziren batzuk, eta bolada hartan, adiskidetasunezko partidu mordoa jokatua zuten; abuztuaren 2an, esate batera, Tolosako Santa Klara talderen aurka, honako hamaikakoarekin: F. Subijana, Cardenal, Beain, Garcia, M. Subijana, Ezkioga, Cecilio, L. Subijana, Aiestaran, Kortajarena eta Larrea.

Bestetik, Amasa-Villabonan euskal pilota erro-errotua zegoen kirola zen. Jakina da Pedro Yarza Villabonako besamotza-k pilota-eskola sortu zuela 1880an, harekin makina bat haur eta gazte zaildu zela kirolean, eta gauzarik naturalena izan ohi zela bertan jaiotzen ziren gazteek erreboteari -batik bat- edota eskuari edota zesta-puntari heltzea.

Hernandorena, euskal kirolen sustatzaile porrokatua

Teodoro Hernandorena zizurkildarra aiurri bizikoa izan zen nortasunez, sinisten den horretan guztia emateko prest agertzen diren horietakoa. Kirolaria ere izan zen gaztetan, eta baita kirolzale amorratua ere 1994an Hondarribiko etxean hil zen arte. Giza ezaugarri horiek berarekin eduki zituen beti, eta horrela ulertu behar da tenisaren alde erakutsi zuen sukarra XX. mendeko 20. hamarkadan.

Nolanahi ere, Hernandorenak, bene-benetan, euskal pilotaren munduan bazter samarrean egon izan diren modalitateak zituen gogo-gogokoen, eta horien zabalkundearen alde jardun zuen hamarkadetan; errebotea eta laxoa zituen begiko nini, batik bat.

Urrutira gabe, Villabonan 1925eko Santio jaietan aipatu dugun tenis-egunaren antolaketan parte-hartu, eta handik egun gutxira, Donostiako Moderno frontoian ospatu zen pilota jaialdi batean zuriz jantzi zen, zesta-punta librean jokatzeko. Hain zuzen, Santa Rita lurrun-ontziak istripu latza jasan zuen Castro Urdialeseko kostaldetik gertu, 2025eko abuztuaren 1ean, eta han hildako Donostiako lau arrantzaleen senitartekoen alde Gipuzkoako pilota federazioak hilaren amaieran antolatu zuen pilota jaialdiko protagonistetako bat izan zen.

El Pais Vasco egunkariko abuztuaren 1eko kirol orrietan irakur daitekeenez, bi partidu jokatu zituzten ikusleek lepo jarri zuten Moderno pilotalekuan. Lehenbizi, zesta-punta libreko modalitatean Gipuzkoako txapeldunak ziren Akilino Sagarna-Teodoro Hernandorena bikoteak Jose Guridi-Benedicto Santa Maria bikotearen aurka jokatu zuen. Bigarrengo jokaldia, berriz, eskuzkoa izan zen, eta Celestino Rekondo-Eleuterio Etxenike eta Gregorio Etxebeste-Manuel Baraibar bikoteek neurtu zituzten indarrak.

Villabona Tennis Club kirol-taldearen abentura aski laburra amaiturik, erreboteren jokora bideratu zituen indarrak, Primo de Riveraren diktaduraren garaian (1923-1930).

Villabonan Errebote plazan, 1930ean. Ezkerretik hasita: Pako Aiestaran, Patxi Ordozgoiti, Adrian Berasategi, Rosendo Garate, Frantzisko Zumeaga, Teodoro Hernandorena (epaile gisa), Baldomero Lertxundi, Federiko Urdanpilleta, Anjel Irazu eta Juanito Ezkiaga; haurrak, Juan Ugarte eta Antton Lertxundi (Argazkia: "Amasa-Villabonako erretratu zaharrak" liburua. Larramendi Bazkuna).

Egun, Errebote plazan, Teodoro Hernandorena gogoan hartzen du bertan ipini diren irudietako batek 

 

Eta behin Errepublika heldu zelarik (1931-1936), kutsu euskaltzale eta abertzaleko Euskal Kirol Batza elkartea bultzatu zuen; Espainiako Kirol Federazioen menpekotasunetik aske geratuko ziren kirolen, kirolarien eta kirol taldeen batasuna lortzea zuen helburu egitasmoak. EKB erakundea poliki-poliki bidea urratzen joan zen zenbait kiroletan (pilota, futbola, ziklismoa, plater-tiraketa, mendizaletasuna, atletismoa...), baina 1936ko estatu-kolpeak apurtu zion dinamika guzti hori. Jose Antonio Agirre lehendakariaren agindupeko Jaurlaritzan jardun zuen Bizkaiko frontean. Francoren tropek alemaniarren eta italiarren laguntzaz Ipar-frontea hautsi zuten arte. Orduan Iparraldera ihes egin behar izan zuen, Mercedes Albea eta beren zortzi seme-alabekin batera. Hernandorena Albea familiak Iparraldeko exilioan bizi behar izan zuen urtetan, arik eta 1952an Hegoaldera itzultzerik izan zuen arte.

Teodoro Hernandorenak bere bizitzako ibilbide emankor eta anitzean aurrera eraman zituen egitasmoen (politikan, euskal zinegintzan, bertsogintzan, euskarazko kazetaritzan, errebotearen eta laxoaren sustapenean...) gainean gehiago jakite aldera, jo Begi kolpea. Teodoro Hernandorenaren biografia liburura (Larramendi Bazkuna).

Teodoro Hernandorena, Mattin, Xalbador eta Mitxelena bertsolariekin Parisen, Eifel Dorrean atzean dutela, 1960an. Hango Euskal Etxean bertso txapelketa antolatu zuen Hernandorenak (Argazkia: Xenpelar Agiritegia)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!