Azaroaren 8an piztuko da jai giroa Amasan, herri bazkariarekin. Azaroaren 11n, jaien egun handian jaurtiko dute txupinazoa eta festak ez du etenik izango asteburua iritsi arte. Auzotarren artean antolatzen dituzte jaiak. Kepa Otegi, Manex Ugarte eta Aimar Iraola antolaketa taldeko kide dira eta haiek eman dituzte nondik norakoak.
Musika taldeak
Hamabi pertsona inguru aritzen dira Amasako Samartiñak antolatzen eta, zenbait hilabetetako lana eskatzen die: "Abuztu amaieran egiten dugu lehen bilera. Lehen beranduxeago ibiltzen ginen, baina arazoak izaten genituen musika taldeak lotzeko. Festen datak zehaztuta, horixe izaten da lehen egitekoa; musika taldeak lotzea. Zein talde ekarri nahi ditugun adosten dugu lehendabizi eta, haiekin harremanetan jartzen gara. Ezezkoren bat jasoz gero, hurrengo bileran berriz hitz egin, eta beste talde batzuengana jotzen dugu. Horrelaxe egiten dugu, musika taldeak lotu arte". Azaroan dira Amasako festak, eta ez dira data errazak; "izan ere, udako zalapartaren ondoren, talde askok atseden hartzen dute udaberrira arte. Aurten nahiko garaiz lortu dugu egitaraua itxita edukitzea; zenbait urtetan larriago ibili izan gara".
Gazteen indarra behar dutela azpimarratu du hirukoteak: "Guretzako egiten ditugu festak eta guztien beharra dugu. Gu gazteak gara, baina gazteagoen indar hori ere ondo etorriko litzaiguke antolaketarako. Haiei tokia egiten saiatzen gara. Jaietan lan egitea egokitzen zaigu, baina herriarentzat egindako lana da, eta gustora aritzen gara. Bakoitzak badaki zer egin behar duen, eta oso ondo moldatzen gara modu horretan. Guztion artean, adin guztientzako herritarrek gozatzeko moduko festak antolatzen saiatzen gara".
Aldaketa
Aldaketa nagusi bat ekarriko dute aurtengo jaiek. Iaz ere txozna plazatik atera eta kultur etxearen atzealdean jarri zuten, "aurten ere gune hartan bertan jarriko dugu txozna. Horrez gain, ordea, urtero frontoian jarri izan dugu eszenatokia eta han egin izan ditugu musika emanaldiak baina aurten, txozna-gunean jarriko dugu eszenatokia. Karpak jarriko ditugu aterpea sortzeko, eta han egingo dira emanaldiak". Pilotalekuek ez dute soinu ona izaten eta horixe da Amasakoaren kasua ere, horregatik erabaki dute musika emanaldiak tokiz aldatzea. "Bestalde, Amasako pilotalekua handia da eta, jendea etorrita ere, beti ematen du erdi-hutsaren sentsazioa. Txozna-gunea txikiagoa eta bilduagoa da, eta egokiagoa dela uste dugu", azaldu dute amasar gazteek. Txozna, taberna eta pilotalekua izaten ziren festa-gune orain arte; pilotalekua libre uzteko erabakia hartu dute aurten.
Taberna zerbitzua
Iturri-goxo tabernak zenbait urte daramatza itxita, baina jaietarako irekita egongo da. "Taberna zerbitzua eta pintxoak emango dituztela jakinarazi digute. Otordurik ez da izango bertan". Txoznan berriz, barra zerbitzua eskainiko dute. "Iluntzean hasi eta goizaldera arte arituko gara barran". Uso-toki elkartean moldatzen dira amasarrak otorduak egiteko eta, "kanpotik etortzen direnak normalean gauean etortzen dira, afalostean. Hanburgesak saltzen dituen furgoneta gerturatu zen iaz, ea aurten ere aukera hori badugun".
Alkandora eguna
Iaz jarri zuten martxan Amasako Alkandora eguna. "Alkandora kuadroduna jantzita ateratzen gara festara. Iaz egin genuen lehen aldiz eta oso erantzun ona izan zuen ekimenak; espero ez genuen jendea ere alkadora jantzita agertu zen plaza ingurura. Taldeko argazkia atera genuen eta aurten ere hala egiteko asmoa dugu. Gordeta geratuko dira irudi horiek. Belaunaldi ezberdinak lotzeko ekimen polita da; ohitura ederra", azpimarratu dute. Ostiralarekin egingo dute aurtengo Alkandora eguna.
Zapiak
Zapi berriak egingo dituzte aurtengo San Martin jaietarako. Aurrez ere egin izan dituzte eta, aurten "urte askoz irauteko asmoz egin ditugu zapiak. Gorriak izango dira, jaietako logotipoa zuriz markatuta".
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 679 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.