2014an Aiurriri eskainitako elkarrizketan, ofizio eta afizio ugariko gizona zela adierazi zuen. Amasar petoa, ez zuen hutsik egiten hainbat ekintza antolatzeko garaian. Nongoa zen galdetuta, argi eman zuen erantzuna: "Amasarra naiz, topera. Batzuetan gure eztabaidak izaten ditugu mugekin. Dokumentuetan ikusitakoaren arabera, garai batean Leitzaran ibaiak egiten zuen muga eta Andoaingo Goiburu bailara nahiz Santa Krutz ermita ere Amasarenak ziren, ez orain urte asko. Egun Villabonakoa dela esaten den Legarreta auzoko baserri guztiak Amasako kofradiaren baitan zeuden eta terrenoak Amasamendin. Batzuek ‘nola izango dituk ba Amasa?’, galdetzen dute. Ba bai, ‘halaxe dituk’".
Kirolean ere ibilia zen gaztetan; arraunean, itzain edota harri-jasotzen, esaterako.
19 urterekin hasi zen arraunean. Hiru arraun taldeetan guztira 11 bandera eskuratu zituzten, “ia txapelketa guztiak irabazten genituen. Gipuzkoa nahiz Euskadi mailakoa bi aldiz. Espainiakoan, ordea, bigarren geratu ginen”.
Itzain lanetan ere ibili zen: “Villabonan idi-dematarako zaletasun handia zegoen. Orain 40 urte, hiru apustu jokatu nituen eta hiruak irabazi, gainera. Gerora, urte askoan antolatu nituen idi-demak Santiotan”.
Harriarekin beranduago hasi zen, “zahartu eta gero hasi nintzen harria jasotzen. Amasan eta Villabonan ibiltzen nintzen gehien. Etxe inguruan hasi nintzen entrenatzen, Leitzan eta Orion jarraitu nuen gerora”.