Amasamendiko parke eolikoaren proiektua jendaurrean dago

Ainhoa Gil

Premier ESPF Renovables, S.L. enpresak Amasamendin bi haize errota ezartzeko baimenak eskatu ditu Jaurlaritzan. Gaur egin da publiko EAEko buletin ofizialean eta hogeita hamar eguneko epea dago alegazioak aurkezteko. 

Proiektua jendaurrean jarria dago. HEMEN ikus daiteke, eta 30 eguneko epea dago alegazioak aurkezteko.  

Amasa-Villabonako udalerrian 200 metroko bi haize errota jartzea aurreikusten du proiektuak, bakoitza 4,99 MW-ko potentziakoa eta Siemens Gamesa 145-5.0 Mk II modelokoa. Bertan sortutako energia Hernaniko azpiestazioaren bidez lotu nahi dute banaketa-sarera, eta horretarako, aireko eta lurpeko 30 kV-ko linea elektrikoa baliatuko dute: lehen 2,29 kilometroak eta azken 0,94 kilometroak lurpetik egin nahi dituzte, eta tarteko 8,27 kilometroak airetik. Linea honek Amasa-Villabona, Andoain, Urnieta eta Hernani udalerrietako lurrak zeharkatuko lituzke. 9,76 milioi euroko aurrekontua dute zentral eolikoa eta hustuketa-linea eraikitzeko lanek.

2026ko maiatzean, Amasa-Villabonako udalak jakinarazi zuen Premier enpresarekin harremanak eten zituela. Izan ere, udalaren eskariz ingurumen txostena egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta txosten hori irakurrita udalak ondorioztatu zuen Amasamendiko proiektu eolikoak hegazti espezie babestuengan izango lukeen eragina "oso nabarmena" litzatekeela. Irakurri HEMEN

Enpresak aurrera egitea erabaki du, eta aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu ditu Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan. Hari dagokio proiektu honi aurretiazko administrazio-baimena eman edo ez ebaztea.

Bihar zabalduko da proiektuari alegazioak aurkezteko epea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!