Amasa-Villabonako Udalak atzo goizean jakin zuen Premier ESPF Renovables, S.L. enpresak Amasamendin bi haize errota ezartzeko proiektua aurkeztu zuela Jaurlaritzako Industria, trantsizio energetiko eta jasangarritasun sailean. Zehazki, enpresa sustatzaileak aurretiazko administrazio-baimenaren eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskariak egin ditu eta dagoeneko proiektuaren dokumentazioa jendaurrean jarrita eta argitaratuta dago. Horrekin batera, atzotik hasita 30 laneguneko epea zabaldu da proiektuari alegazioak aurkezteko.
Hori horrela izanda, atzo bertan Amasa-Villabonako Udal gobernu taldeak berehala ekin zion argitaratutako dokumentazio guztia zorrotz aztertzeari eta egin beharreko alegazioak prestatzeari. Zentzu horretan, proiektu zehatz honetarako kanpo aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatu du Udalak. Zehazki Araudi SL lurralde plangintza eta ingurumen arloko aholkularitza juridikoa lantzen duen enpresa, eta Raoul Servert geografoa eta ingurumen gaietako adituaren laguntza teknikoa izango du Udalak. Servert jaunak esperientzia zabala du parke eolikoen proiektuekin eta dagoeneko lanean ari da Premier ESPF Renovables, S.L. enpresak aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzen.
Beraz, Udala proiektua sakon eta zorrotz aztertzen ari da uneotan, eta proiektuak batez ere ingurumen arloan izan ditzakeen inpaktuek kezkatzen dute. Aurreratu daiteke Udalak alegazioak aurkeztuko dizkiola proiektuari, ingurumenean eta babestutako faunan izango dituen ondorioengatik, erabiliko den bide azpiegiturari dagokionez eta parte hartze publiko-sozialerako eskemen inguruan. Udalak norabide horretan emango dituen urratsen berri emango du publikoki eta orain arte egin duen bezala, proiektu honi dagozkion berritasun guztien informazioa argitaratuko du gardentasun osoz.
Bestalde, Amasa-Villabonako Udala harremanetan jarri da Andoain, Urnieta eta Hernaniko udal ordezkariekin, Amasamendiko haize errota eolikoak argindar sarearekin lotzeko linea elektrikoek hiru udalerri hauetako lurrak zeharkatzen baititu.
Bukatzeko, Udalak beste behin argi utzi nahi du, ez duela eskumenik bere kabuz Amasamendiko proiektu eolikoak aurrera egingo duen edo ez, erabakitzeko, ahalmen hori Eusko Jaurlaritzako ingurumen organoak soilik baitauka.