Guztia prest dute San Martin Jaietarako

Amasako festen antolaketan aritu den gazte taldea, Uxo-toki elkartean. Aiurri

Azaroaren 10ean abiatuko dira Amasako festak. Greba Orokorrerako deialdiaren eraginez, San Martin eguna oso ezberdina izango da aurten, egun horretan ekitaldirik ez egitea erabaki baitute. Ospakizunik, ordea, ez da faltako gainerako egunetan

Amasako gazteak arduratzen dira San Martin jaiak antolatzeaz eta aurtengoak prest dituzte dagoeneko. Azaroaren 10ean jarriko da martxan egitaraua eta, azaroaren 15ean amaitu. Festondoaren tristura goxatzeko, azaroaren 21ean berriz ere elkartuko dira auzotarark, herri bazkaria egiteko. 

Ezberdinak izango dira aurtengo jaiak. Izan ere, azaroaren 11rako Greba Orokorrerako deia egina baitute sindikatuek. San Martin eguna, egun handia izaten da Amasan, baina aurtengoak ez du ohiko itxura hartuko: "Errespetuz, greba deialdiarekin bat egitea erabaki dugu. Dagoeneko prest genuen egun horretarako egitaraua eta ekitaldi ezberdinak zeuden lotuta, baina bertan behera utzi dira. Goizean meza egingo da, eta horretan geratuko da eguna", azaldu dute Martina Kultur Taldeko gazteek. Azaroaren 11a, beraz, oso ezberdina izango da aurten.

Txekor-jatea, ondoren

Beste aldaketa bat ere ekarriko dute aurtengo Amasako jaiek. "Txekor-jatea jaietatik atera genuenetik, zalantzan ibiltzen gara urtero, jaien aurretik edo atzetik egin behar ote den. Festen aurreko asteburuan egin izan dugu eta iaz ere hala egin genuen. Aurten, jaien ondoren egitea pentsatu dugu, proba moduan. Era horretan, jaietako azken eguna ez da hain tristea izango, atzetik ospakizuna badatorrela jakinda", diote umoretsu.

Taberna, irekita

Azaroaren 10ean, txupinazoa bota ondoren, amasarrek denbora luzez itxarondako unea iritsiko da. Izan ere, festak hastearekin batera irekiko baititu ateak Iturri-goxo tabernak. "Txupinazoa, berez, asteazkenean botatzeko asmoa genuen, baina tabernaren irekierarekin bat eginez, asteartean botatzea erabaki dugu. Modu horretan, festa giroan murgilduta egingo da irekiera", azaldu dute. Badira zenbait urte Amasako taberna itxi zenetik eta, esleipen prozesu berriaren ondoren, kudeatzaile berriak hartuko du. San Martin jaietan zabalduko ditu ateak eta hortik aurrera, martxan egongo da Amasako plazako taberna. Gustora daude amasarrak taberna zerbitzua berriz ere martxan izango delako: "Luze joan da, baina pozik gaude berriz ere taberna irekita egongo delako". 

Herritarren arteko lehia

Igandeko herrikirol lehia ere berezia izango da. "Beste herriren bateko gazteen aurka aritu izan gara orain arte; iaz, esaterako, segurarren aurkako lehia egin genuen. Aurten berriz, erronka berezia izango dugu. Parkean elkartzen diren gurasoak izango ditugu arerio. Talde bakoitzean hamaika pertsona izango gara eta ohiko probetan lehiatuko gara: txingak, trontza, ingudea, zaku-lasterketa, karretila, lokotxak, korrika...". Jendetza elkartu ohi da herri kirol lehia gertutik ikustera. "Oso giro polita sortu da aurretik ere. Jendea entrenamentu saioak egiten ari da.

Prestaketa eguna

Jaiak hasi aurretik, azaroaren 7an hasiko dira Amasako gazteak festa giroan murgiltzen. "Txosna muntatu, egitaraua etxez etxe banatu... prestaketa lanak egingo ditugu egun horretan eta iluntzean, mondeju afaria egiteko ohitura dugu.

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 702 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

Erlazionatuak

Samartiñak

Aiurri aza 06, 10:00 Amasa-Villabona

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!