2019ko udal hauteskundeak

Andoaingo EAJ-PNVren hautes-zerrendaren aurkezpena

Amaia Senperena 2019ko mar. 23a, 08:10

Mari Jose Izagirre EAJ-PNVko alkategaiak Gipuzkoako buruzagien babesa eta gertutasuna jaso zuen bart arratsaldean Basteron egin zuen aurkezpen ekitaldian. Bide batez, ziklo berrirako lankide izango dituen kideen aurkezpena egiteko aukera baliatu zuten.

Markel Olano Ahaldun Nagusia eta Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea ondoan zituela, Mari Jose Izagirrek bere lantaldearen aurkezpena egin zuen. Aurpegi ezagun asko daude zerrenda berrian, alderdian ibilbide luzea egindakoak. Baita aurpegi berri batzuk ere. Hauexek osatuko dute 2019ko maiatzaren 26ko hautes-zerrenda:

Andoaingo EAJ-PNV-ren hautagaitza:

1. Mari Jose Izagirre.

2. Mikel Arregi.

3. Iñaki Egibar.

4. Txitxu Ruiz.

5. Imanol Goenaga.

6. Andoni Elosegi.

7. Xole Irigoras.

8. Gorka Artola.

9. Aritz Amondarain.

10. Arantxa Alonso.

11. Koldo Huizi.

12. Ainhoa Elola.

13. Agurtzane Irigoras.

14. Alex Huitzi.

15. Esther Arizmendi.

16. Ramon Carrera.

17. Edurne Brit.

18. Andoni Baltasar.

19. Nerea Arregi.

20. Iñaki Irulegi.

 

Izagirreren adierazpena

2018ko ekainean bere hautagaitza iragarri zuen bezala, sendo eta gogotsu nabari zaio Izagirreri. Andoainek bultzada, lidergotza eta eskarmentua behar dituela adierazi zuen, “EH Bilduren egungo gobernuak erakusten duen ziurgabetasuna, zalantza, eta anbizio nahiz errealismo faltaren aurrean”. Bere esanetan, alderdi bakar batek erakutsi du gauza dela eta izango dela andoaindarren ongizatea hobetuko duena, eta hori EAJ-PNV da”. Agintaldi berrirako proposamen zehatzak iragarri zituen, hala nola, “Andoaingo merkataritza eta kaleak biziberritzea, liburutegi berri bat egitea, edo kalitatezko udal zerbitzuak bermatzea”.

EAJ-PNVren alkategaiaren iritziz, bera hautagaitzak erakutsi du andoaindarren konfiantza osoa merezi duela. Horren bermea da “EAJ-PNVk azken lau urteotan egin duen oposizioa. Izan ere, konfrontaziotik eta populismotik urrundutako politika egin dugu, ekintzak eta proiektu zehatzak aurkeztuta. Inbertsio garrantzitsuenak EAJ-PNVren esku-hartzeari esker egin dira. Izan ere, behar izan gaituzten guztietan, prest azaldu gara Andoainen alde lan egiteko”. 

Markel Olanok eta Joseba Egibarrek ere adierazpen bana egin zuten, Basteroko ekitaldi aretoan.

Enplegu duina lortzea eta lan murgilketa erraztea helburu nagusien artean dutela adierazi zuen Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak. Gipuzkoan behartsuen eta aberatsen arteko diferentziak murrizteko lanean ari direla erantsi zuen: “Une honetan, mundu mailan, Gipuzkoa da diferentzia gutxien duen lurraldea da. Eta hori harro esan behar dugu. Horregatik etortzen zaigunean pertsona bat esplotatzaile edo neoliberalak garela esanez, harro esan behar dugu gure politikak direla une honetan Europako gure inguruan aurreratuenetakoak. Eta hori ez da teoria, hori eguneroko lanarekin lortzen ari gara”.

Joseba Egibar GBBko presidenteak nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza, biak izan zituen gogoan: “Herri bat ez al da gu guztion etxea? Nor arduratzen da? Udalak, Aldundiak, Jaurlaritza... eta guk arlo soziala oso presente eduki dugu beti. Zeren eta ezker abertzalekoak non egon ziren Eusko Legebiltzarrean oinarrizko errenta onartu zenean? Non zeuden? Zertara dedikatzen ziren? Herri bat ez da saltoka eraikitzen, pausoz pauso egiten da. Guretzat nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak ziren eta dira. Desafioa hor dago. Herri justuagoa egiteko lan asko dago egiteko”.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!